ANALISIA

Final 'berri' bat da gaurkoa

Abel Barriola.
2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Final irekia da gaurkoa, eta, nolabait esatearren, final berri bat da. Oker ez banago, inoiz ez dute jokatu elkarren aurka buruz buru. Iker Irribarria azken urteetako sentsazio handiena izan da buruz buru, edo handienetako bat Juan Martinez de Irujorekin batera. Eta, beste aldetik, Mikel Urrutikoetxea egungo txapelduna da. Halere, nolabait esan daiteke nahiko berria dela finaletan. Berria izate horrek oso erakargarri bihurtu du gaurko partida. Zeinek irabaziko duen uste dudan ez dut esango. Batetik, ez zaidalako gustatzen pronostikorik ematerik, eta, bestetik, inoiz baino zailagoa dela iruditzen zaidalako. Iraganeko erreferentziarik ez dago, eta halakoetan zaila da bataren edo bestearen alde egitea.

Irribarriak guztiok harritu gaitu. Duela bi edo hiru hilabete pilotarioi galdetu izan baligute, denok esango genuen urte pare batean finalaren inguruan ibili behar zuela. Baina nik pertsonalki ez nuen uste Ikerrek hain azkar iritsi behar zuenik bere lehen finalera. Eta nola iritsi, gainera! Erakustaldiak emanez eta bi izar kanporatuz. Urrutikoetxea, berriz, erabat finkatu da oilarren artean, hiru txapel jantzita. Maila, baina, gauzak zail daudenean erakutsi behar da, eta Urrutikoetxeak hori ere egin du. Sendotasun handia erakutsi du, buruz eta fisikoki.

Irribarriak bere jokoa egitea lortzen badu, zaila da hari aurre egitea, aurkariak zazpigarren koadrora bidaltzen bazaitu zaila baita handik ezer egitea. Era berean, baina, zaila da pilotakada guztiak zazpira bidaltzea. Horregatik uste dut Mikelek bere aukerak izango dituela, ia dena ondo egiten baitu. Biek ala biek izango dituzte aukerak, eta ondoen baliatzen dituenak jantziko du txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.