25 urte beteko dira aurten Bilbo Basket sortu zela. Bilboko taldeak duela egun batzuk ospatu zuen hori, mende laurden honetan taldeak izan dituen jokalari eta entrenatzaile esanguratsuenak bilduta. Bada, ospakizunari ginga jartzeko, FIBAren Europako finala jokatu nahi du, eta, ahal bada, irabazi. Lau urratsera dute balentria, eta lehena gaur eman nahi dute, Dijonen, Frantzian, finalerdietako joaneko partidan. «Itzuliko partida etxean jokatuko dugu, Miribillan, eta horrek mesede egiten digu. Baina akatsa litzateke horretan pentsatzen ateratzea kantxara. Neurketa irabazteko asmoz irten behar dugu. Ezin dugu horrekin espekulatu. Espekulatzen badugu, ez dugu emaitza onik lortuko», adierazi du Rafa Pueyo kirol zuzendariak.
Igandean Granada mendean hartu ostean, ACB ligan lasaitua hartu dute. Jaisteko postuak hiru garaipenera dituzte orain. «Horrek aukera ematen digu arreta osoa kanporaketa honetan jartzeko. Ilusio handia dugu berriro ere Europan final bat jokatzeko [2012-2013ko denboraldian Eurokopako txapeldunorde izan zen]». Dena den, argi du ez dela erraza izango. «Behin finalerdietara iritsita, aukerari guztiak dira zailak. Uste dut txapelketako lau talderik onenak gaudela bertan». Hausnarketa hori egin, eta berehala jarri da gaurko norgehiagokari begira. «Dijon oso talde fisikoa da, eta final-laurdenetan txapelketa irabazteko faborito ziren taldeetako bat utzi zuen kanpoan: Ludwingsburg. Bigarren partida etxetik kanpo jokatuta egin zuen, gainera, eta bi neurketetan nagusi izanda. Haien zaleek asko estutzen dute. Dena den, uste dut buruz buru lehiatzeko moduan gaudela, eta finalerdi on bat jokatzeko». Frantziako taldeak fisikoki ahalmen handia eduki arren, uste du eurek abantaila bat izan dezaketela. «Talde garaiagoa gara, eta baliatu egin behar dugu hori uztaipean. Halaber, gure pibotek sufritzen jakin behar dute, haien barneko jokalariak asko mugitzen direlako. Hori lortuz gero, emaitza on bat lortu dezakegu».
«Talde garaiagoa gara, eta baliatu egin behar dugu hori uztaipean. Horrekin batera, partidaren erritmoa kontrolatzea lortu behar dugu»
RAFA PUEYOBilbo Basketeko kirol zuzendaria
Aurkariaren bi jokalarirengan jarri du arreta: Axel Julienengan eta Gregor Hrovatengan. «Julienek talentua eta eskarmentua ditu. Oso ondo mugitzen du baloia, eta taldekideak hobeak egiten ditu. Hura ondo zaintzea lortzen badugu, haiek zailtasunak izango dituzte erasoan. Hrovat, berriz, taldeko saskiratzaile nagusia da. Nire jokalarien zerrendan eduki izan dut, eta Zoranek [Dragic, jokalariak] ondo ezagutzen du, Esloveniako selekzioan elkarrekin jokatu baitute. Bien arteko buruz buruko lehia erabakigarria izan daiteke kanporaketan». Ondorengo bi gako hauek ere aipatu ditu: «Gu erasoan oso talde ordenatua gara, eta partidaren erritmoa kontrolatzea gustatzen zaigu. Hori lortu behar dugu. Gainera, ez diegu korrika egiten utzi behar».
Aurreko denboraldian, finalaren atarian geratu ziren. Alemaniako Niners Chemnitz taldeak kanporatu zuen Bilboko taldea. Baina oraingo honetan baikorrago da Pueyo: «Alde batetik, itzuliko partida Miribillan jokatuko dugu; orduan, berriz, kanpoan. Bestalde, talde lehiakorra eta sendoa izaten ari gara Europan, eta uste dut gai garela bide horretatik jarraitzeko».
Taldea egiten ari den lanaz ere mintzatu da: «Gure helburu nagusia beti izaten da ACB ligan segitzea, eta erronka hori gertu dugu. Europan, berriz, ibilbidea ezin hobea izaten ari da. Finalera iristea lortzen badugu, denboraldia oso ona izango litzateke, eta, irabaziz gero, bikaina. Jokoak, gainera, asebete egin nau». Beti bada zer hobetua, hala ere: «Agian garaipenen bat gehiago izan beharko genuke, bizpahiru partidak eskuan genituenean egin baitziguten ihes. Bestalde, defentsako errebotean ez gara behar adina sendo egon, eta hirukoetan gehiago asmatzea falta izan zaigu. Espero dut denboraldi amaiera bitarte bi arlo horietan hobetu ahal izatea».
Kirol zuzendaria izanda, Pueyo hasi da hurrengo denboraldirako multzoa osatzen. «Lehentasuna egun dugun multzoari ahalik eta gehien eustea da. Normalean hori da zailena, gehien kostatzen zaiguna. Hori argitu ostean, ikusiko dugu zer fitxatu behar dugun. Igandeko garaipenaren ostean, orain hasiko gara gauzak argitzen». Baina badituzte lehentasun batzuk: «Harald Freyri, Pantzarri eta Hlinasoni eustea lortzen badugu, taldeak aurrerapauso handi bat eman dezake hurrengo sasoian».