Final bat, azken proba moduan

Euskal Herria Kopako finala jokatuko dute gaur Realak eta Alavesek Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Antolatzaileek nabarmendu dute txapelketa «oso ondo» joan dela

Nerea Eizagirre Realekoa, eta Carla Armengol Alavesekoa, finalerdietan sartu zituzten golak ospatzen. REALA ETA ALAVES.
pettan uralde
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Lehen Mailako emakumezkoen futbola ikusteko aukera egongo da gaur Azkoitian (Gipuzkoa). Denboraldiko lehen finala jokatuko dute Realak eta Alavesek: Euskal Herria Kopakoa, Txerloia futbol zelaian (16:00, ETB1). Bi taldeentzat denboraldiaurreko azken partida izango da, datorren asteburuan ekingo baitiote ligari, gipuzkoarrek Atletico Madrilen aurka, eta arabarrek Levanteren kontra.

Euskal Herria Kirola elkarteak antolatzen du txapelketa, eta, finala falta arren, bertako ordezkari Kike Zurutuzak iritzi ona du aurtengo aldiaz: «Giro oso onean gauzatzen ari da, eta bi mailak oso ondo joan dira. B mailan ligaxka formatua estreinatu dugu, eta ongi funtzionatu du». Zurutuzak azpimarratu du Euskal Herria Kirolaren asmoa dela hurrengo aldietan behetik gorako lehiaketa jokatzea. Horretarako, «dauden aukera guztiak» aztertuko dituzte parte hartzen duten klubekin.

Ikusmin handien A mailak sortu du. Aurreko asteburuan jokatu zituzten finalerdiak. Lehenbizikoan, Alavesek eta Eibarrek neurtu zituzten indarrak. Arabarrak nagusitu ziren, 3-0. Elba Vergesek bi gol sartu zituen, eta Carla Armengolek, bat. Atsedenaldia iristear zela eta bigarren zatia hasi eta berehala sartutako golak erabakigarriak izan ziren Mikel Cresporen taldeak garaipena lortzeko. Bestean nor baino nor gehiago aritu ziren Reala eta Athletic, eta Natalia Arroyoren taldea gailendu zen 3-1. Txuri-urdinen golak Manuela Vanegasek, Sina Jensenek eta Nerea Eizagirrek sartu zituzten; zuri-gorriena, Ane Azkonak.

Hala, Alavesek eta Realak neurtuko dituzten indarrak gaurko final handian. Realak hirutan lortu du titulua: 2012an, 2019an eta 2020an. Alavesek, aldiz,gertu izan zuen iragan urtean, baina 2-1 galdu zuen Athleticen aurka.

Arroyoren taldea denboraldi ikusgarria egitetik dator, eta Txapeldunen Liga jokatuko du. Berriro ere goiko postuetan egotea izango dute helburu sasoi honetan. Lehen Milara igo ostean, berriz, oso denboraldi txukuna egin zuen Arabako taldeak, eta uste baino gutxiago sufrituta lortu zuen salbazioa. Gorengo mailan egonkortzea izango dute xede orain.

Faboritoa Realak dirudien arren, Zurutuzak ez duoso gogoko hitz hori futbolean. «Teorian hala dirudi, baina futbolean teoriak ez du ezertarako balio. Partidak jokatu egin behar dira. Alavesek oso maila handia erakutsi zuen finalerdietan, eta ziur nago gauzak oso zail jarriko dizkiola Realari»

Sasoiaurrean zehar jokalari asko izan ditu faltan Arroyok, selekzio arteko txapelketengatik. Gaur ere hala izango da. Amaiur Sarriegi, Cecilia Marcos, Manuela Vanegas, Allegra Poljak eta Sanni Franssi ez dira arituko. Aina Athleticen aurkako partidan Realak erakutsi zituen iragan denboraldiko jokoaren zertzeladak.

Ez du halako arazorik izan Crespok. Baina taldea egokitzen nahikoa lan izan du, zazpi jokalarifitxatu baititu denboraldi honetarako Alavesek: Rebecca Elloh, Camila Saez, Emmanuella Aby, Elba Verges, Patricia Larqui, Carla Morera eta Fatima Pinto. Sasoi hasierara indartsu ailegatu nahi dute, eta salbazioa lortzeko ahalik eta puntu gehien bildu.

Sarrerak eskuragarri

Aurten ere, zaleek ongi erantzun dute. Zurutuzak sarrera ona espero du gaur. «Sarrerak astelehen goizean jarri genituen salmentan, eta jendea ari da animatzen pixkanaka. Athleticen eta Realaren arteko finalerdian harmaila ia bete egin zen. Horrek esan nahi du geroz eta oihartzun sozial handiagoa duela emakumezkoen futbolak». Sarrerak Euskal Herria Kirolaren webgunean eta Txerloia futbol zelaiko leihatilan eskuratu daitezke. 8 euro balio dute, eta Anaitasunako bazkideak eta 14 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira.

Atzo jokatu zen hirugarren eta laugarren postua, eta Athleticek 2-0 irabazi zion Eibarri, Nerea Nevadoren eta Jone Amezgaren golei esker irabazi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.