Finalak kale edo balekoak izaten dira. Hala izango da maiatzaren 25ean Bilbon jokatuko den Europa ligakoa ere. Bertan egon nahi dute Realak eta Athleticek. Bada, gaur, beste urrats bat egin nahi dute bide horretan, final-zortzirenetako itzulerako partidetan. Final baten pareko neurketak izango dira, biek irabazi egin behar baitute aurrera egiteko. Izan ere, joanekoan zuri-gorriek 2-1 galdu zuten Erromaren zelaian, eta txuri-urdinek bana berdindu Anoetan, Manchester Uniteden aurka.
Athletic izango da lehiatzen aurrena (18:45, Movistar+). Buru eta bihotz aritu beharko dute zuri-gorriek kanporaketari buelta emateko. Erroman luzapenean jasotako 2-1eko golak min egin zien zuri-gorriei, baina, Ernesto Valverdek esan duenez, gol bateko aldea iraultzeko gai ikusten ditu jokalariak. Horretarako, San Mamesen beroa ezinbestekoa dela uste du. «Gau magiko horietako bat bizi nahi dugu, eta gure zelaiak infernu bilakatu behar du. Zaleekin konektatu behar dugu hasieratik. Konfiantza osoa dugu haiengan». Giro nahasia izan zen San Mamesen joan den igandean ligako partidan, Herri Harmailaren eta beste jarraitzaile batzuen artean haserrea sortu baitzen. Badirudi su eten modukoa izango dela gaur eta zale guztiak norabide berean ariko direla taldeari laguntzen. Adibidez, 16:30ean Moyua plazara gerturatzeko deia egin dute, Carlton hotelaren parera, taldea agurtu, eta bufandak eskuetan San Mameserako bidea egiteko.
Halere, arreta osoa zelaian izango du Valverdek, eta buruan darabil partidarako plana. Irabazi beste aukerarik ez du Athleticek, baina itsu-itsuan jokatzea ez da ideia ona, entrenatzailearen esanetan. «Egoeraren kontrola eduki behar dugu une oro. Bihotzarekin jo behar dugu aurrera, baina burua hotz izanda. Oreka lortu behar dugu jokoan». Garbi du irabazteko asmoz joan behar dutela hasiera-hasieratik, baina ahaztu gabe gol bateko aldea ez dela irauli ezina. Intentsitate eta erritmo handiz zelairatuko dira zuri-gorriak, San Mamesen ohikoa duten moduan. Baina Erromak jokalari oso onak ditu erasoan, eta Athletic ezin da deskuidatu. Lan handia egin beharko dute zelai erdia kontrolatzeko.
Ezbairik gabe, denboraldiko partidarik garrantzitsuena izango dute zuri-gorriek, eta aspaldiko joko bolada ikusita, badirudi garai desegokian iritsi zaiela lehia erabakigarria. Taldeak freskotasuna galdu du, eta hori gutxi balitz bezala, hutsune garrantzitsuak izango ditu Valverdek hasierako hamaikakoan. Defentsako lerroan ohikoak diren bi jokalari faltako ditu: Dani Vivian eta Yeray Alvarez. Haien ordez Aitor Paredesek eta Unai Nuñezek jokatuko dute. Azken horrek oso partaidetza txikia izan du sasoi honetan, baina ez du falta entrenatzailearen konfiantzarik. Zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, Oihan Sancetek ere ez du jokatuko. Taldeko jokalaririk onena faltako du Athleticek.
2022ko balentria gogoan
Realak, berriz, Manchester Uniteden zelaian jokatuko du. Ametsen antzokian bizirik eutsi nahi dio San Mameseko finalean egoteko ametsari. Joanekoan Anoetan bana berdindu eta gero, kanporaketa erabaki gabe dago oraindik. Joshua Zirkzee jokalariari esker aurreratu ziren deabru gorriak, baina Mikel Oiartzabalek partida berdintzea lortu zuen penaltiz. Neurketa gorabeheratsua izan zen txuri-urdinentzat. Beldurti hasi zuten norgehiagoka, eta lehen zatian ez ziren ia Uniteden atera gerturatu ere egin. Bisitariek, berriz, hainbat aukera izan zituzten eraso azkarretan.
Bigarren zatia antzera hasi zen, eta Zirkzeek baloia sarean sartu zuen kontraeraso batean. Kolpe latza izan zen gipuzkoarrentzat, baina aldeko korner batean Bruno Fernandesek baloia eskuarekin jo zuen, eta Oiartzabalek penaltia sartu. Sheraldo Beckerrekin eta Orri Oskarssonekin hobeto ibili ziren erasoan, baina islandiarrak ezin izan zituen suertatutako bi aukerak gol bilakatu.

Txuri-urdinek aurten ligan etxetik kanpo jokatutako lau partidak galdu dituzte: Valentziaren (1-0), Osasunaren (2-1), Betisen (3-0) eta Bartzelonaren (4-0) aurkakoak. Bi garaipen baino ez ditu lortu urtea hasi zenetik Anoetatik kanpo: Ponferradinari eta Midtjyllandi irabazi zieten, Espainiako Kopako eta Europa Ligako final-hamaseirenetan, hain zuzen ere.
Baina baditu sinesteko arrazoiak. Arrazoi nagusietako bat Old Traffordera egindako azken bisita da. Txuri-urdinek 0-1 irabazi zuten, Brais Mendezek penaltiz sartutako gol bati esker, 2022ko irailaren 8an. Bada beste arrazoi bat ere: Manchesterrera taldea babestera joan diren 1.500 zaleak. Haiek emango diote egutegi mardula dela eta jokalariek pilatu duten nekea gainditzeko hauspoa. Taldeak, gainera, azken denboraldietan erakutsi duen jokoa berreskuratu beharko du. Luka Sucic ez da osatu eta ez da deialdian egongo, ezta Jon Pacheco, Arsen Zakharian eta Alvaro Odriozola ere.
Realarenzat partida «garrantzitsua» dela adierazi zuen atzo Imanol Alguacil teknikariak, eta sabelean «tximeletak» dituela onartu: «Osteguneko partidan bezala lehiatu nahi dugu, eta ea ate aurrean asmatu, gure area ondo defendatu, irabazi, eta final-laurdenetarako sailkatzen garen. Horretara etorri gara».
Manchester Unitedek berdindu egin zuen Premier League txapelketako azken neurketa Arsenalen aurka. Liga bidez Europarako sailkatzea geroz eta zailagoa dauka; hortaz, Europa liga irabaztea da datorren denboraldian Europan egoteko duen aukera bakarra. Denboraldi kaskarra egiten ari dira, baina halako egoeretan lehiatzera ohituta daude, eta indartu egiten dira. Min hartuta daude Amad Diallo, Mason Mount, Kobbie Mainoo, Lisandro Martínez, Luke Shaw, Jonny Evans eta Altay Bayindir, eta ez dira Old Traffordeko aulkian egongo.