Athletic

Filosofia ukiezina eztabaidagai

Denok Erabaki plataformak Athleticen filosofiari buruzko eztabaida ireki du. Ezohiko batzarrera deitu nahi ditu klubeko bazkide konpromisarioak, gaia lantzeko.

(ID_13531632) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-01-24, Bilbo. Futbola
San Mameseko harmaila, Kopako azken norgehiagokan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
pettan uralde
2024ko otsailaren 2a
05:10
Entzun

«Athletic Clubek futbolean gero eta urriagoak diren balioak defendatzen ditu. Printzipio honek arautzen du haren kirol filosofia: harrobian edo Euskal Herriko taldeetan hazitako jokalariek (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behera) bakarrik joka dezakete bertan, baita Euskal Herrian jaiotakoek ere». Horrela aldarrikatzen du gaur-gaurkoz, Athleticek bere web ofizialean, ia sorreratik ezaugarritu duen izaera. Hala eta guztiz ere, beti izan da eztabaidagai honako hau. Azken egunetan, Denok Erabaki plataformak lehen mailara ekarri du eztabaida.

«Athleticeko bazkide guztien artean filosofiaren inguruan hausnartzea, eztabaidatzea eta erabakitzea» proposatu du Denok Erabaki plataformak. 285 bazkideren babesarekin (horietatik 110 konpromisarioak dira), Bilboko klubaren filosofiari buruzko debatea ireki nahi dute, ezohiko batzar bat egiteko eskatzeko sinadurak biltzeko lehentasunezko helburuarekin. Elkartearen bozeramaile Txema Ondero bazkide konpromisarioak argi utzi du: «Kontua ez da klubaren filosofia errotik aldatzea, baizik hura indartzea eta demokratizatzea. Ikuspegi horrek, egokitzapen eta bilakaera nahia islatzen du, kluba definitzen duten sustraiei eta balioei eutsiz beti».

«Kontua ez da klubaren filosofia errotik aldatzea, hura indartzea eta demokratizatzea baizik»

Eztabaida aste honetan piztu bada ere, aspalditik datorren lanketa baten fruitua dela berretsi du Onderok. «Urtebete baino gehiago daramagu gai hau lantzen. Bazkideek filosofiari buruz galdetzen ziguten etengabe. Kezka nagusia zera zen, bazkideok ez genuela gai horri buruzko erabakirik hartzeko eskubiderik. Urtebete baino gehiago daramagu beste konpromisario batzuekin ere biltzen, eta ondorioztatu genuen garrantzitsua zela gai honen inguruan lan egitea bazkideak lan mahai batzuetan ekarpenak egin ahal izateko. Hortik aurrera, ikusiko da ea osoko batzar batera eramateko aukerarik dagoen eta filosofiaren inguruan bozkatu daitekeen».

Plataformak partaidetza eredu zabalagoa proposatzen du, bazkide bakoitzak hitza eta botoa izan ditzan funtsezko erabakietan. «Guk ez dugu ezer inposatu nahi. Batzorde batek erabaki dezala bazkideek gehien eskatzen dutena. Aukera asko daude: gauden bezala jarraitzea, filosofia euskaldunen seme-alabetara zabaltzea, atzerritarrak kontratatzea... dena delakoa. Bazkideek erabakitzen dutena batzar batera eraman nahi dugu», adierazi du Onderok.

Eztabaida sustatu

Izan ere, behin eta berriz nabarmendu du Onderok hori. Ez dute filosofia aldatu nahi bozka bidez, eztabaida sustatu nahi dute. Hala ere, plataformak badu bere iritzi propioa. «Filosofia zabaltzea aukera bat da, gizarteak eboluzionatzen duelako, eta guk ere egokitu egin behar dugula uste dudalako. Penagarria iruditzen zaigu Euskal Herritik kanpo jaiotako euskaldun baten semeak Athleticen jokatu ezin izatea. Batez ere, gazte askok kanpora joan behar duten garai honetan». Ondero ez da Alemaniaz, Ingalaterraz edo beste herrialdez ari. Euskal Herritik gertu baina, era berean, kanpo dauden lurraldeak nabarmendu ditu. «Jende asko gurekin harremanetan jarri da, eta badakigu Athleticeko bazkideen kasu asko daudela filosofia horretan sartzen ez direnak. Adibidez, euren seme-alabak Laredon (Kantabria) jaio direla, eta Athleticen partida guztietara joan arren ez direla filosofia horretan sartzen. Horrelako kasu asko daude Santanderren, Errioxan eta Espainiako hiriburuetan».

Oraindik argitaratu ez dituzten arren, plataformak Athleticen filosofia bete ez duten jokalarien ia 60 kasu zenbatu ditu. Eztabaidaren helburuetako bat da «tranpa» horiek amaitzea, eta, bide batez, «euskal odola» duten seme-alabei filosofia zabaltzea. «Hasieran ez da ongi ulertu euskal odolarena, baina ez dut inolako asmo politikorekin esaten, athleticzale sentimenduarekin baizik. Batez ere diasporako jendeaz ari naiz, bere garaian Euskal Herritik alde egin behar izan zutenez. Nire ustez, euskal odola duen jendea da, eta badaki bere sustraiak hemen daudela. Inoiz ere ez dut esan nahi izan Athleticen euskal odola duten jokalariek bakarrik jokatu behar dutela».

Uste dute 2024ko azarorako ezohiko batzar baterako deia egin daitekeela, estatutuen arabera bazkideen %10en edo konpromisarioen heren baten babesarekin, eta 2025eko ekainerako planteatutako erreferendum batekin. «Handiak izateko, erabaki garrantzitsuak hartu behar ditugu. Ezin gara oroitzapenetik bizi. Talde batzuk indartzen ari dira. Talde bakarrari eusteak filosofia indartzea eskatzen du. Gure idiosinkrasiak besteengandik bereizten gaitu», azpimarratu du Onderok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.