MUNDUKO KOPA

FIFAren zentsura ahoa estaliz salatu dute Alemaniako jokalariek

Manuel Neuerrek ez du ostadarraren besokoa jarri; bai, ordea, Nancy Faeser Alemaniako Barne ministroak, harmailan.

Alemaniako jokalariak protesta egiten, ahoa estaliz. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
inaut matauko rada
2022ko azaroaren 23a
12:40
Entzun

Alemaniaren eta Japoniaren arteko partida hasi aurretik, ahoa itxiz egin dute protesta jokalari alemanek, FIFAk ez dielako utzi «One Love» dioen ostadarraren besokoa jartzen. Hori eramanez gero txartel horia aterako ziela mehatxu egin die taldeei. Manuel Neuer Alemaniako kapitainak, beraz, «No Discrimination» dioen besokoa jarrita hasi du partida. Hala ere, besokoa ezkutuan zuela irten da zelaira, eta, horregatik, Zachari Zeegelaar epailea atezain alemanarengana hurbildu da partida hasi aurretik, ostadarraren besokoa ez zuela egiaztatzeko. Hala, Neuer Herbehereetako, Galesko, Ingalaterrako eta Danimarkako kapitainei batu zaie, denek egin baitiote uko azkenean ostadarraren besokoa jartzeari.

Hala ere, Nancy Faeser Alemaniako Barne Ministroak jantzi du «One Love» besokoa harmailan, Gianni Infantino FIFAko presidentearen ondoan.

Alemaniako Futbol Federazioak protestaren zergatiak azaldu ditu Twitterren. Diotenez, ostadarraren besokoa eramatearen asmoa ez zen «adierazpen politiko» bat egitea; izan ere, haientzat giza eskubideak «ezin dira negoziatu». Hori dela eta, besokoa erabiltzea galaraztea haiei «ahotsa kentzea» dela esan dute, eta aurrerantzean ere jarrera bera izango dutela gehitu.

Alemania, auzitara

Qatarko Munduko Kopako polemika nagusiak bizirik jarraitzen du, Alemaniak KAA Kirolaren Arbitraje Auzitegira jo baitu FIFAren aurka. Izan ere, FIFAk txartel horia ateratzeko mehatxua egin zien «One Love» dioen ostadarraren besokoa eraman nahi zuten herrialdeetako kapitainei —Alemania, Ingalaterra, Gales, Herbehereak, Suitza, Danimarka eta Belgika—, eta selekzioek erabaki dute besokoa ez janztea. Hasieran, isunei aurre egiteko prest zeudela adierazi zuten zazpi herrialdeek, baina FIFAk, zigor ekonomikoen alde egin ordez, kirol zigorren alde egin du, eta atzera egin dute zazpiek. Horren ordez, «No Discrimination» dioen besokoa daramate.

Alemaniak, baina, ostadarraren besokoa eraman nahi du igandeko bigarren jardunaldian; horregatik jo dute KAAra. DFB Alemaniako Futbol Federazioaren bozeramaileak, Stefan Simonek, Bild hedabideari adierazi dio helegite horren bidez jakin nahi dutela ea FIFAren prozedura «zilegia» izan den ala ez. DFBren presidenteak ere FIFAren aurka hitz egin du: «Nire ustez, debekua FIFAren indar erakustaldi bat da. Frustragarria da, eta Munduko Koparen historian inoiz ez da halakorik gertatu».

Babesleak galtzen

«One Love» kanpainarekin bat egin duten zazpi herrialdeek amore egin dute FIFAren presioengatik, eta integritate falta hori emaitzak ematen ari da. Izan ere, REWE supermerkatu kateak bertan behera utzi du Alemaniako selekzioarekin duen babesletza akordioa. Orain KAAk erabaki beharko du Alemaniaren edo FIFAren alde egiten duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.