Futbola

FIFAk gutxienez 90 egunez zigortu du Rubiales

Futbolarekin zerikusia duen edozein ekintzatan parte hartzeko debekatu dio behin-behinean. Nazioarteko Federazioak espedientea ireki dio Munduko Kopan izan zuen jokabideagatik. 

Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioko ezohiko asanblean. RFEF/EFE
Julen Otaegi Leonet - Isabel Jaurena - Julen Etxeberria
2023ko abuztuaren 25a
12:56
Entzun

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak jaso du lehen zigorra jada. Nazioarteko Futbol Federazioko (FIFA) Diziplina Batzordeak gutxienez 90 egunez zigortu du behin-behinean. Futbolarekin zerikusia duen edozein ekintzatan parte hartzeko debekatu dio. Jorge Ivan Palacio batzorde horretako presidenteak jakinarazi du gaur FIFAk zer neurri hartu duen Rubialesen aurka. Ostegunean, espedientea ireki zion, eta gaur, berriz, auzia aztertu arte zigortu du. Halaber, bai Rubialesi eta bai haren ingurukoei debekatu egin die Jennifer Hermosorekin harremanetan jartzea.

«[Rubialesek] ez du egin beharrekoa egin». Horrela mintzatu da Victor Francos Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko burua herenegun goizean Luis Rubialesek zabaldutako erabakiaz. Francosek adierazi zuen kontseiluak salaketa bat jarriko zuela egun horretan TAD Espainiako Kirola Administratzeko Epaitegian. Ekintza «akats oso larri» gisa definitu zuen Francosek. Hala, epaitegiari eskatu dio ezohiko bilera bat egin dezala datorren astelehenean, eta ahal bezain pronto aztertu dezala Rubialesen kargugabetzea. Horrez gain, Hermosok berak baieztatu du musua ez zuela «baimendu»; eta taldekide guztiek adierazi dute ez direla taldera itzuliko zuzendaritza aldatu arte.

Ikusi gehiago:Zenbat Rubiales

Izan ere, ostiral goizean Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak adierazi zuen bereari eutsiko diola: «Barkamena eskatu dut keinuagatik. Eta azaldu dut. Uste duzue horrek halako ehiza merezi duela? Nire dimisioa merezi du? Ba, kontu bat: ez dut dimitituko». Eta txalo zaparrada jaso zuen federazioak Madrilen egin zuen ezohiko batzarrean zirenen partetik.

Rubiales kinka larrian da: bere aurkako salaketak eta espedienteak jaso eta jaso aritu da joan den igandetik. Munduko Kopako finalean izan zuen portaeraren ondorioa ziren: lehenbizi, Espainiak irabazi zuela ospatzeko, keinu itsusiak egin zituen palkoan; eta, gero, dominak banatzeko orduan, musu bat eman zion ezpainetan Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko jokalariari, haren borondatearen aurka.

Musua «espontaneoa, elkarren artekoa, euforikoa eta adostutakoa» izan zen, Rubialesek batzarrean argudiatu zuenez. Ziurtatu zuen Hermosori galdetu ziola ea musua eman ahal zion, eta baiezkoa eman ziola jokalariak. Haatik, bere kontrako salaketak gaitzetsi zituen: «Feminismo faltsua gaitz handia da herri honetan. Hau hilketa soziala da, ez da justizia egitea». Hermosok, baina, berehala adierazi zuen musua ez zuela «baimendu». Horrez gain, hura eta gainerako taldekideak ez dira selekziora itzuliko zuzendaritzan aldaketak egon arte. Euskal jokalariak badira tartean, Irene Paredes eta Oihane Hernandez, adibidez.

Hainbat hedabidek jakintzat ematen zuten presidenteak kargua utziko zuela; gertukoenei jakinarazi omen zien hala egingo zuela. Ordu erdi inguruz aritu zen Rubiales, eta, batzarreko beste hainbat punturen artean, bere posizioa defendatu zuen. Dena dela, barkamena eskatu zuen palkoan egin zituen keinuengatik, «euforia une batean» eskuekin genitalei eutsi zienekoak. Gau hartan «izugarri emozionatu» zela azaldu zuen, «kontrola galtzeraino».

Rubialesen diskurtsoaren aurretik, Jennifer Hermosok berak «neurri eredugarriak» hartzeko eskatua zuen, Futpro sindikatuaren bidez zabaldutako ohar batean: «Gure elkartearen bidez, eskatzen diogu Espainiako Futbol Federazioari beharrezkoak diren neurriak hartu ditzala, gure jokalarien eskubideen alde egin dezala eta neurri eredugarriak hartu ditzala». Horrez gain, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari eskatu zioten «aktiboki susta» dezala «sexu jazarpenaren, matxismoaren eta sexismoaren aurkako prebentzioa».

Ikusi gehiago:Futbolari eta kirolari askok egin dute Rubialesen aurka

Madrilgo Fiskaltzak, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari bidali dio Futbol Entrenatzaileen Espainiako Eskolako presidente Miguel Galanek aurkeztu duen salaketa. Auzitegiko fiskaltzaren esku dago sexu erasoagatik salaketa onartzea. Galanek ere aurkeztu du beste salaketa bat Espainiako fiskaltzan. Bide penalaz gain, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak haren kontrako beste bi salaketa ditu, Kirol Kontseilu Gorenak eta Kultura eta Kirol Ministerioak aurkeztu dituztenak.

Nafarroako eta Euskadiko federazioak

Rubialesen erabakia jakin orduko, Rafael del Amo Espainiako Emakumezkoen Futbol Kontseiluko eta Nafarroako Futbol Federazioko presidenteak dimisioa aurkeztu zuen, hura «errespetatu» badu ere. «Ezin naiz egon sinesten ez dudan proiektu batean», adierazi zion kazetari bati, kalean. Bertan izan ziren tokian tokiko presidenteen artean berau izan zen Rubialesen jarrera «irmoki» gaitzetsi zuena. Dena dela, zehaztu zuen palkoan gertatutakoak mindu duela bera; Jennifer Hermosori egindakoari ez dio «garrantzirik» eman. «Asko zor» diola aitortu zuen Del Amok; emakumezkoen futbola «indartuta atera da, askoz gehiago egingo delako haren alde». Rubialesek presidente izateari uzteko ordua heldu dela deritzo; Madrileraino joan nahi izan zuen «aurpegira» esateko.

Bestalde, Euskadiko Futbol Federazioak adierazi zuen bere presidenteak dimisioa aurkeztuko duela Espainiako Futbol Federazioaren Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkuran. Horrez gain, ez zen batzarrera joan, munduko txapelketako «sari banaketan gertatutako larritasuna dela eta». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presidenteek ere dimisioa aurkeztu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.