Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak salaketak, espedienteak eta kritikak bertzerik ez du jaso egunotan, Munduko Kopako finalean izan zuen jokabideagatik. Bertzeak bertze, Espainiak finala irabaztean keinu itsusiak egin zituen estadioaren palkoan, eta, dominak banatu zituztenean Jennifer Hermoso jokalariari musu eman zion ezpainetan, haren borondatearen aurka. Gertatutakoa sare sozialetan azkar zabaldu zen, eta anitzek eskatu dute Rubialesen dimisioa. Hala, joan den astelehenean barkamena eskatu zuen, bideo bidez. Zuzendariak errandakoak ere zer esana eman du, «segur aski okertu» egin zela erran baitzuen. Gehitu zuen, gainera, «asmo txarrik gabe» egin zuela. Kinka larrian dago zuzendariaren postua, eta litekeena da bihar dimisioa aurkeztea.
Egoera ikusita, Jennifer Hermosok berak «neurri eredugarriak» hartzeko eskatu du, Futpro sindikatuaren bidez zabaldutako ohar batean: «Gure elkartearen bidez eskatzen diogu Espainiako Futbol Federazioari beharrezkoak diren neurriak hartzeko, gure jokalarien eskubideen alde egin dezala eta neurri eredugarriak hartu ditzala». Horrez gain, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari eskatu diote «aktiboki susta» dezala «sexu jazarpenaren, matxismoaren eta sexismoaren aurkako prebentzioa».
Hala, FIFAk jakinarazi berri du espedientea irekiko diola Rubialesi; izan ere, «gertakari horiek FIFAren Diziplina Kodearen 13.1 eta 13.2 artikuluak urratzea ekar lezakete». Aipatutako artikulu horiek erreferentzia egiten diete jokabide iraingarriari eta portaera oneko printzipioak hausteari. Horiek ez betetzea isuna jarrita zigortu daiteke, baina baita inhabilitazioa ezarrita ere. Dena den, FIFAk adierazi du ez duela xehetasun gehiagorik emanen behin betiko erabakia zein den jakin arte.
Horrez gain, Euskadiko Futbol Federazioak Twitter bidez zabaldu duen ohar batean adierazi du ez dela joanen Espainiako Futbol Federazioak bihar eginen duen batzarrera. Eguerdian izanen da, Madrilen. Ezohiko bilera bat izanen da, presio politikoak gora egin baitu nabarmen. Izan ere, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak berak Rubialesen jokabidea «onartezina» izan zela adierazi du, eta entrenatzailearen barkamen eskea ez dela «nahikoa».
📠ð—žð—¢ð— ð—¨ð—¡ð—œð—žð—”ð—§ð—¨ ð—¢ð—™ð—œð—ð—œð—”ð—Ÿð—” ð—¥ð—™ð—˜ð—™-ð—˜ð—žð—¢ ð—•ð—”ð—§ð—ð—”ð—¥ð—¥ð—” - ð—–ð—¢ð— ð—¨ð—¡ð—œð—–ð—”ð——ð—¢ ð—¢ð—™ð—œð—–ð—œð—”ð—Ÿ ð—”ð—¦ð—”ð— ð—•ð—Ÿð—˜ð—” ð—¥ð—™ð—˜ð—™ pic.twitter.com/8VKwQyiDFS
— Euskadiko Futbol Federakundea - Federación Vasca (@EFF_FVF) August 24, 2023