Ez zegoen faborito argirik aurtengo Ehunmiliak mendi lasterketan. Izan ere, azken urteetan nabarmendu diren korrikalariak ez dira aritu aurten. Iaz garaile izan zen Jesus Boiloren izena aipatzen zen, baita bigarren izan zen Igon Mantzisidorrena ere. Baina Fidel Fernandez espainiarra izan da lasterketako garaileen zerrendan izena idatzi duena. Hura izan da bizkorrena Beasaingo helmugan: 23.26.07ko denbora egin du.
Mandubiako eta Zumarragako kontrolguneetatik seigarren eta bigarren igaro da, hurrenez hurren. Baina hortik aurrera, lehen tokia hartu, eta hurrengoetatik buruan pasatu da. Fernandez bigarren izan zen iaz Goierriko Bi Handiak lasterketan, eta duela bi urte Ehunmiliak lasterketako taldekako garaipena lortu zuen. Nekatuta mintzatu da helmugan: «Momentu honetan, berriz ere etortzeko gogorik ez daukat. Bihar edo etzi, agian bai». esan du. 2022an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten.
Ia 20 minutara ailegatu da Mantzisidor. Hauxe izan da haren denbora: 23.45.48. Lehia estua izan du David Calerorekin podiumeko bigarren eta hirugarren tokiengatik. Azken-hirugarren kontrolgunean, Oazurtzakoan, Calero aurretik zen, sei minuturen aldearekin. Baina ordu arteko ahalegina ordaindu du, eta Mutiloan aldea bi minutukoa baino ez zen. Atzetik aurrera eginda, beraz, Mantzisidor bigarren izan da azkenean. Calerok hirugarren postuari eutsi dio: 23.54.47.
Eskudero eta Mujika
Goierriko Bi Handiak (G2H) lasterketa ere jokatu da. Herenegun, 21:00etan ekin zioten 500 korrikalariek lasterketari. 90 kilometroko ibilbidea zuten aurretik, 5.500 metroko desnibel positiboarekin. Goierriko bi korrikalari gailendu dira: Ioseba Eskudero eta Mayi Mujika. 10.01.30 eta 12.00.40 izan dira haien denborak, hurrenez hurren. Eskuderok bigarren garaipena du segidan, iaz ere hura gailendu baitzen. Aurten, gainera, 11 minutu hobetu du marka. Lehena izan da kontrolgune guztietatik pasatzen. Ander Iñarra sailkatu da bigarren (10.15.30) eta Urko Arizeta hirugarren (10.19.35). Mujikak, berriz, indarrak neurtzen jakin du. Izan ere, Etzegarate arte bigarren joan da. Baina Aizkorrira bidean jada lasterketaren burua hartu du, eta eutsi egin dio helmugara arte. Probaren orain arteko markarik onena ia 10 minutu hobetu du. Uxue Frailek egin zuen marka hori, 2019an: 12.11.21. Mujikaren atzetik heldu dira Olatz Azazeta (12.39.13) eta Maryam Berthaut (13.05.41). Garaipen horrekin Mujika Euskal Herriko Ultra txapelduna da.