Arrauna. Euskotren liga

Festak, geroko

San Juaneko batelerek bosgarren aldiz segidan irabazi dute Euskotren liga, baina ez dute denbora galdu ospakizunetan, eta datorrenari begira daude jarrita, arreta guztiarekin.

Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Arratsaldeko laurak jo berri dira, eta San Juanen egoitzaren parera entrenatzeko poltsarekin azaldu dira Irene Arbeo (Cuenca, Espainia, 1980) eta Oihana Cereijo (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1990). Hitzordua daukate BERRIArekin, eta elkarrizketaren eta entrenamenduaren arteko tartea lanean igarotzekotan dira biak: «Bizikleta estatikoan ibiliko gara, eta pisua ere altxatuko dugu».

Egun bat eta ordu batzuk baino ez dira igaro bezperan garaipen handi baten jabe egin zirenetik. Euskotren liga irabazi zuten batelerek igandean, Hondarribiako estropadan garaile izan eta gero. Bi jardunaldi falta zaizkie lehiaketa hori amaitzeko, eta txapeldun dira, dagoeneko. Bosgarren urtez erreskadan, gainera. Arbeok lehen aldiz irabazi du liga, Euskal Herrian arraunean ari den hirugarren sasoian: duela hiru urte Orion aritu zen, eta iaz,Hibaikan. «Oso pozik nago, baina sinetsi ezinda bezala. Jaso ditut zoriontzeko mezuak jaioterritik eta Alacantetik, bizileku dudan hiritik, baina barneratu gabe daukat garaipena».

Cereijok segituan gehitutako hitzetan dago Arbeo garaipena barneratu ezinda egotearen motiboetako bat: «Lanean jarraitu behar dugu. Liga irabaztea zen helburuetako bat, eta lortu dugu. Orain, Zarauzko estropada irabazi nahi dugu asteburuan, ligako azken bi jardunaldiak, eta, gero, Kontxan ere garaile izan nahi dugu». Arbeok bat egin du taldekidearen esanekin: «Ongietorri festa datorren iganderako dago antolatua, eta ederra izango litzateke liga irabazi izana ospatzea Zarauzko Bandera ere herrira ekarrita». Pentsamendua piztu dio Cereijori entzun berri duenak: «Badakit zer den ligako garaipena Zarautzen ospatzea ligako ontzira igota, hango bandera irabazi berritan, eta berriz nahi dut bizi une hori».

Biek izan dute buruan une hori ligako bandera eta estropada guztiak irabazita ospatzea, eta ez dute ukatu helburua zela Euskotreneko jardunaldi guztiak irabaztea: «Bazen gure nahia. Ikusirik astea joan eta astea etorri dena irabazten ari ginela, eta kontuan izanda aurreneko bandera irabazi ez genuen estropada azken-laugarrena izan zela, gertu genuen marka hori ezartzea», kontatu du Arbeok. Baina larunbatean, Ondarroan, hirugarren izan zen San Juan, Arraun eta Orioren atzetik, eta ezin marka handia ezarri. «Etsipen apur bat eman zigun, baina egoera onartu eta aurrera egin genuen, kolpeak jaso izan ditugun beste guztietan bezala».

Kolpeak bata bestearen atzetik beraiek eman dizkiete beste aurkariei ligan, eta, lehiaketaren errepasoa egiterakoan, bi zati bereizi dituzte: «Aurrenekoan, alde dezenterekin aritu ginen nagusitzen», azaldu du Arbeok. Ez zuela halakorik espero onartu du: «Galiziako bi estropadetan, adibidez, tarte handia atera genion Oriori, gure aurkari zuzenari, eta harritu egin ninduen horrek». Ez omen zuen, hala ere, liga irabazitzat jo horregatik: «Ezin dira aurkariak gutxietsi. Ezin da jakin talde bakoitzak nolako plangintza daraman, eta izaten dira gorabeherak udan zehar». Cereijok heldu dio ligaren bigarren zatia aztertzeari: «Orio lasaitu bezala egin da, irabazteko gogoari neurria bezala hartu dio, eta on egin die horrek. Orain lasaiago dabiltza alde horretatik, eta indarra eman die. Gainean dauzkagu». Denboraldia amaitzeko Zarauzko bi estropadak eta Kontxako hirurak falta zaizkie, eta ondo daki arraunlari eskarmentudunak aurkari zuzena oso arriskutsua dela: «Badakigu gure edozein huts txiki baliatzeko gai direla, eta guk estropada perfektuak egin beharko ditugu irabazten jarraitu ahal izateko». Gako zehatza eman du: «Erabat kontzentratuta jarraitu behar dugu, eta oso garbi edukita, orain arteko egindako guztiak ez duela balio hemendik aurrera».

Hitz horien atzean heldutasuna dago, urteen joanean helduz joan dena, eta aparteko garrantzia eman dio horri Arbeok: «Lehen urtea dut San Juanen, eta hemen aurkitu dut talde bat oso heldua. Badakite zer egin eta nola egin. Orain talde irabazlea da, baina hasieran ez, eta egoera guztiak ezagutu izanak on egin die». Cereijok bizi izan ditu bateleren urte guztiak, duela zortzi urte aurrenekoz uretaratu zirenetik gaur artekoak, eta talde izaera goraipatu du: «Taldea gara guztiaren gainetik. Elkarri laguntzen ari gara beti, eta esan beharreko gauzak aurpegira esaten dizkiogu elkarri. Norbait gorabeherekin dabilenean, besteak babestu egiten dugu, eta horrek egin du talde hau hain handi. Sekulako konfiantza daukagu denok elkarrengan, eta urteekin lortu dugu hori. Hori da bateleren oinarria garaipenen gainetik».

Azkeneko neguan pasatu zituzten bolada txarrak, askorentzat oharkabean pasatutakoak, ziurrenik: «Trainerua osatuko genuen ere ez genekien, baina entrenatzen segitu genuen, eta hori da gure indarra», esan du Cereijok. Lanari sekulako garrantzia eman dio Arbeok: «Lanerako kultura dago hemen, eta lan ona egitea ezinbestekoa da garaipenak lortzeko. Banderen gainetik, balio handia ematen diot horri».

Kontxa, Arbeoren ametsa

Euskotren liga bosgarren aldiz irabazi eta gero, beste marka baten bila doa San Juan orain: Kontxa ere bost aldiz segidan nahi du irabazi, Galiziak lehen bost aldietan lorturikoa berdintzeko. Cereijok orain arteko lau garaipenak bizi izan ditu, eta bigarrena du gogoan: «Aurrenekoan, ez nekien non nengoen ere, galduta. Bigarreneko une guztiak bizi izan nituen, aldiz». Arbeok ez du bat bera ere palmaresean, eta irrikaz dago irabazteko: «Nire ametsa da, eta horren bila noa».

Cereijok kontatu duenez, «talde barruan esaten diegu berriei ikusiko dutela aurten zer den aurreneko aldiz irabaztea. Ea lortzen dugun. Horretarako, ondo dakigu zer egin behar dugun, eta horretara goaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.