Ametsetako Tourra ari da izaten euskal ziklismoarentzat. Lehen hiru etapak Euskal Herrian jokatu ziren; asteartean, Pello Bilbaok (Bahrain) etapa irabazi zuen; eta, atzo, festari jarraipena eman zion Ion Izagirrek (Cofidis), beste garaipen handi batekin. Bilbaoren gisara, ihesean nagusitu zen, baina ormaiztegiarra ez zen esprintaren zain gelditu: eguneko azken mendatean egin zuen eraso, 30 kilometroren faltan, eta bakarrik iritsi zen Belleville-en-Beaujolaiseko helmugara. 2000. urteaz geroztik Tour berean bi euskal txirrindularik irabazten duten lehen aldia da; Javier Otxoa zena eta Txente Garcia Acosta izan ziren balentria egiten azkenak. Izagirrek 53. garaipena eman dio Euskal Herriko txirrindularitzari Tourrean.
Ihes egin, azken mendatean erasoa jo, eta ziztu bizian jaitsi: Izagirrek bazekien zertan zebilen. Izan ere, estrategia horri jarraikiz irabazi zuen bere lehen etapa Tourrean. 2016an izan zen, Morzinen. Atzo lanak izan zituen tropeletik alde egiteko, lehia basatia izan baitzen lehen 90 kilometroetan. Azkenean, beste hamalau ziklistarekin batera egin zuen aurrera. Lan egin behar izan zuen Guillaume Martin taldeburuarentzat, baina indarra gelditu zitzaion bukaeran erakustaldia egiteko.
Ibilbidea oso egokia zen ihesean aritzeko: Hirugarren Mailako bi mendate zeuden hasieran, eta, ordekan tarte bat egin ondoren, Hirugarren Mailako beste igoera bat eta Bigarren Mailako bi gainditu behar zituzten azken txanpan. Iskanbila itzela izan zen abiatu orduko. Etapa ehiztariak sutsu aritu ziren, eta faboritoek ere belarriak tente izan zituzten. Batera helmugaratu ziren, baina berotua hartu zuten gaur Grand Colombierren bukatuko den etaparen aurretik.
Hasierako erasoaldiak bere horretan jarraitu zuen, harik eta ihesaldi berantiarra osatu zen arte. Iheskide indartsuak izan zituzten Izagirrek eta Martinek (Cofidis): besteak beste, Thibaut Pinot (Groupama), Mathieu van der Poel (Alpecin), Mathieu Burgaudeau (Total), Tiesj Benoot (Jumbo) eta Matteo Jorgenson (Movistar). Une batez, ihesaldiaren ziklista kopuru berbera izan zuen maillot horiaren multzoak. Gizentzera egin zuen gero, abiadura jaitsi ahala.
Iheslariak 3.30en aldearekin iritsi ziren bukaerako mendate sortara. Bat eginda igaro zuten Casse Froide. Croix Montmainen sufritu egin zuen Izagirrek, baina ihesaldiko onenekin eutsi zuen. Eta, bere onera itzulita, nahieran aritu zen Croix Rosierren. Lehenik, estutu gogorra egin zuen, aurretik zebiltzan Van der Poel, Pinot eta Jorgenson harrapatzeko. Eta, gero, erritmoz aldatu, eta aurkari guztiak atzean utzi zituen. 28 kilometro zeuden tontorretik helmugara, eta Izagirrek 25 segundoren aldea defendatu behar zuen.
Ziztu bizian abiatu zen maldan behera, eta aldea handitu zuen. Dena eman zuen helmugara bidean, haizea alde. Azkenean, 58 segundo atera zizkien Burgaudeauri eta Jorgensoni, etapako bigarrenari eta hirugarrenari. Belarrietatik tiraka sartu zen helmugan: haren alabetako baten urtebetetzea zen, eta garaipena eskaini nahi izan zion. Hunkituta zegoen. «Egun asko dira etxetik kanpo, eta, askotan, familiako une ederrak galtzen ditugu. Hau harentzat da». Harro agertu zen Bilbaoren lekukoa hartu eta gero. «Euskaldunen Tourra ari da izaten: Euskal Herrian hasi zen, eta dagoeneko etxeko bi ziklistak irabazi dugu».
Frantziako Tourra
Festak ez du etenik
Ion Izagirrek garaipen epikoa lortu du Tourreko 12. etapan, Bilbaok irabazi eta bi egunera. Ausart jokatu du, eta bakarkako erakustaldia egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu