Fernando Garcia Makuak baino 2.579 sinadura gehiago bildu ditu Josu Urrutiak

Athleticeko jokalari ohiak 7.219 bazkideren babesa jaso du, eta azken lehendakariak, 4.640 bazkiderena

Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Athleticeko lehendakari izateko hautagai dira dagoeneko Josu Urrutia eta Fernando Garcia Makua. Atzo arte ez ziren ofizialki presidentegai, horretarako Athleticeko bazkideen %5en sinadurak behar baitzituzten, 1.775 sinadura inguru. Joan zen ostiralean egin zuten lehen urratsa, bazkideen artean jasotako sinadurak aurkeztuta, eta bai Urrutiak, bai Garcia Makuak erraz gainditu zuten langa hori. Hala ere, Athleticeko Kudeaketa Batzordeak aurkeztutako sinadura guztiak zenbatzea eta egiaztatzea falta zen jokalari ohia eta azken lehendakaria ofizialki hautagai izan zitezen.

Eta atzo iragarri zuen Kudeaketa Batzordeak bi hautagaiek lortutako sinadura kopuru zehatza. Urrutiak 7.219 bazkideren babesa jaso du, eta Garcia Makuak, 4.640 bazkiderena. Beraz, 2.579 sinaduraren aldea dago bien artean. Ez da ustekabekoa, bi hautagaiek jakinarazia baitzuten gutxi gorabehera zenbat sinadura eskuratu zituzten: Urrutiak, 7.000tik gora, eta Garcia Makuak, 5.000tik gora. Aurkeztutako sinaduren kopuru zehatzak honako hauek dira: jokalari ohiak 7.778, horietatik 7.219 baliagarriak (aurkeztutakoen %92,8); eta azken lau urteetan Athleticeko presidente izandakoak 5.089, horietatik 4.640 baliagarriak (%91,1).

Dezenteko aldea

Urrutiak eta Garcia Makuak garrantzia kendu diote sinadura kopuruari. Biek ala biek azpimarratu dute garrantzitsuena ez dela «tarteko helmuga» irabaztea, uztailaren 7ko helmuga baizik. Halere, ezin daiteke ezkutatu dezentekoa izan dela bi hautagaiek bazkideengandik jaso duten babesa. Ia 2.600 boto gehiago dira, bazkideen %7,8. Ez da erabakigarria, baina bai oso adierazgarria. Orain lau urte, adibidez, Juan Carlos Erkorekak baino 72 sinadura gehiago jaso zituen Garcia Makuak, eta gero hauteskundeak irabazi zituen. Gaur-gaurkoz, Urrutia da faboritoa Ibaiganeko besaulkian esertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.