Iker Martinezen eta Xabi Fernandezen kalbarioa bukatu da. Euskal marinelen Mapfre ontzia atzo goizeko 11:17ean iritsi zen Bartzelonako helmugara. Bigarren izan dira Bartzelona World Race lasterketan, eta 94 egun, 21 ordu, 17 minutu eta 35 segundo behar izan dituzte munduari itzulia emateko —25.200 milia—. Irabazlea Vibac Paprec 3 Frantziako ontzia izan da; herenegun helmugaratu zen, baina euskal marinelek ez bezala bi geldialdi egin behar izan zituen konpoketak egiteko.
«Inoiz amore eman ez dugulako izan gara bigarren», adierazi zuten harro, helmugan, Fernandezek eta Martinezek. AC/DC taldearen musikarekin sartu zen ontzia Bartzelonako portuan, eta emazte eta seme alabak zituzten zain. Ongi etorria eta garaikurrak Jordi Hereu Bartzelonako alkateak eman zizkien.
Azken egunak makurrak izan dira benetan Mapfre-ren barnean. Jaki oso gutxirekin ibili dira, eta ontzi barneko gasolioa ere bukatu egin zitzaien. Gainera, konponketa asko egin behar izan dituzte ontzian. Martinezek «arrakastatzat» jo zuen estropada: «Denbora oso gutxi izan genuen egitasmoa prestatzeko, eta helburua ez zen irabaztea, bukatzea baizik, eta bigarren izan bada, ezin hobe. Irabazlea justua da, eta ohore bat izan da haiekin lehiatzea». Marinelek ez zuten argitu zein izango den hurrengo erronka, baina litekeena da aurki 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetara begira jartzea.
Fernandez eta Martinez bigarren izan dira azkenean
'Mapfre' ontzia goizean iritsi da Bartzelonako helmugara azken egunetako estutasunen ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu