Patxi Jauregi. Euskadiko Pilota Federazioko presidentea

«Federazioen batasuna lortuta, orain da lanerako garai onena»

Legealdia amaitzear du presidente karguan, eta pozik dago, baina beste lau urtez jarraitu nahi luke lanean. «Konpromiso guztiak bete gabe geratu dira, eta hitza betetzea gustatuko litzaidake».

jon eskudero
Donostia
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
2013ko ekain amaieran kargua hartu ondotik, amaitzear du legealdia Patxi Jauregik (Bedaio, Gipuzkoa, 1956) Euskadiko Pilota Federazioaren presidente karguan. Legealdi berrirako, joan den ostiralean bukatu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta egungo presidenteak eta Gotzon Enbil zesta-puntako jokalari beteranoak eman zuten izena. Bada, urtarrilean egingo dira hauteskundeak. «Gainerako federazioekin dugun harremanagatik, orain dator lanerako garai egokiena», esan du Jauregik. Etorkizunaz baino gehiago, ordea, hiru urte eta erdiotan egindako eta egiten ari den lanaz mintzatu da BERRIArekin, luze eta zabal.

Legealdia amaitzear dela, zer iritzi duzu hiru urte eta erdi hauen inguruan?

Pozik nago egin dugun lanarekin, baina geratzen zait halako zapore gazi bat oraindik ere egiteko daukagunagatik. Izan ere, kanpainan klubei proposatu genizkien hainbat kontu erdibidean dauzkagu, eta gustatuko litzaidake hitza guztiz betetzea. Zer egoera ekonomikotan gauden kontuan hartuta, egia da gauza asko eta asko egin ditugula, baina proiektu batzuk baditugu egiteko. Horregatik aurkeztu naiz berriz. Ez dut interes pertsonalik, baina konpromisoak bete nahi ditut.

Egoera ekonomikoa aipatu duzu. Hain larria al da?

Federazioan sartu ginenean, aurreikusi baino askoz egoera kaskarragoa topatu genuen. Zulo handi bat zegoen, eta, gainera, Munduko Pilota Batzarrak goizetik gauera kendu zizkion federazioari urtero ematen zizkion 50.000 euroak. Beraz, 400.000 euroko aurrekontu batean 150.000 euroko zulo batekin aurkitzeak zailtasun ugari eragiten du lanerako. Baina, tira, saiatu gara proiektuak aurrera eramaten, eta uste dut lan duina egiten ari garela.

Nolako harremana daukazue Munduko Pilota Batzarrarekin?

Zehazki, 2006an sortu zen Munduko Pilota Batzarra. Helburu bat eta bakarra zuen: euskal selekzioa indartu eta gure kirola munduan ezagutaraztea. Gaur-gaurkoz, ez dugu harremanik. Nik ez daukat ezer inoren kontra, eta, pilotaren mesederako bada, edonor ateak irekita hartuko dugu. Hauteskundeak gainean dira, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Besteak beste, karguan sartzean aipatu zenuten euskal selekzioa indartzea zenutela xedeetako bat. Zer pauso eman dira?

Gure hautagaitzaren oinarri nagusietakoa euskal selekzioa indartzea zen: horretan ez genuen zalantzarik. Lehentasuntzat jotzen dugu euskal selekzioa txapelketa ofizialetan ikustea, eta urrats sendoak egin ditugu. Nazioarteko Pilota Federazioan ez dugu sarbiderik, Espainiako Federazioa hor dagoelako. Dena den, Nazioarteko Pilota Konfederaziora [CIJB] batu gara ofizialki, neroni naiz presidenteordea, eta, ondorioz, 2017an euskal selekzioa ofizialki lehiatuko da Kolonbian, lehen aldiz, joko zuzenetan.

CIJBeko ordezkari gisa, joko zuzenen Txapeldunen Liga antolatu berri duzue. Nolako esperientzia izan da?

Oso polita eta interesgarria. Harrigarria dirudien arren, joko zuzenek sekulako indarra dute Europako hainbat herrialdetan, eta urrian Euskal Herrian izan ziren Herbehereak, Italia, Frantzia, Belgika, Valentzia eta abarretako hainbat pilotari, kluben arteko txapelketan. Lan gogorra izan zen dena antolatzea, baina merezi izan zuen. Joko zuzenak berreskuratzeko lan handia ari dira egiten Oiartzunen, eta, aurten, estreinakoz, bote luzeko Euskal Herriko txapelketa izan dugu.

Euskal selekzioaren harira, Mexiko ere izan zen Euskal Herrian, zein eta munduko txapelduna.

Munduko txapeldun izan eta hiru hilabetera, euskal selekzioaren eta Mexikoren artean lagunarteko lau jaialdi jokatu ziren Hernanin, Amurrion, Beran eta Zaldibarren. Gizonezkoak eskuz aritu ziren, eta emakumeak, palaz. Antolaketa hark ere lan asko eragin zigun, baina gustura egin genuen, emaitzak bikainak izan baitziren. Lau jaialdietan lepo bete zen pilotalekua, eta antzeman genuen jendea gogotsu dagoela euskal selekzio ofiziala ikusteko.

Nolako harremana duzue Espainiako Pilota Federazioarekin?

Instituzionalki, harreman normalizatua daukagu. Asteburuan izan dugu batzar bat, eta errespetu handia diogu elkarri. Nazioarteko Federazioan sartu ahal izateko oztopoak ditugu, gai politikoa delako, eta, gobernua tartean egonik, zaila izango da pauso hori ematea. Kontraesan izugarria iruditzen zait Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa izena edukita gu hor egon ezin izatea, euskal pilota gurea izanik.

Emakumeek gero eta indar handiagoa dute pilotan. Zein asmo dituzue gai horretan?

Arlo horretan ere pauso sendoak eman dira. Jada zortzi urte inguru izango dira Gipuzkoako Federazioak Emakume Pilotari proiektua martxan jarri zuela. Emakumeek palaz jokatzeko proiektu bat da, eta azken urteotan nabarmen egin du gora kopuruak. Asko ugaritu da Gipuzkoan eta beste herrialdeetan. Txapelketetan maila handia dago, eta zaletasuna handitzen ari da. Palaz ez ezik, eskuz ere hasi dira emakumeak, azken urte eta erdian, batez ere. Ni neu, izugarri pozten nau horrek. Pentsa, neska bat badugu etxean palaz ibiltzen dena, eta ilusioz bizi dugu denok.

Emakumeen palak gero eta osasun hobea du, baina ez gizonezkoenak. Zuk, palako profesional ohia izanik, nola bizi duzu egoera hori?

Palari bultzada bat ematen ere ahalegindu gara. Besteak beste, Euskal Herriko txapelketaren egutegian sartu genuen, eta jendeak eskertu digu. Urrats garrantzitsua egin zen, baina erdibidean geratu zaigun gai bat izan da. Erremintako modalitateak egoera tristean daude; pala ez da salbuespena, eta zerbait egin beharra dago iraun dezan. Hauteskundeak irabazten baditugu, lehentasunen artean finkatuko dugu pala proiektu bat sortu eta bultzatzea, zesta-puntarekin egin dugun moduan.

Erremontea ere larri dago.

Zoritxarrez, bai. Erremontea oraindik bizirik baldin badago, Josemari Barrenetxea egiten ari den lanari esker dago. Ezkutuko lan handia egiten du, eskertu beharrean gaude, baina ez dauka batere zeregin samurra. Eusko Jaurlaritzaren laguntza eduki arren, egoera tristean dago erremontea. Gaur egun, beste kirolek sekulako indarra dute, futbolak bereziki, eta gero eta zailagoa da haurrak pilotalekura erakartzea.

Geroari begira, akordioa duzue Ner Groupekin. Zertan datza?

Datozen hiru urteetarako akordio bat lortu dugu Ner Groupekin. 400.000 euro iritsi dira pilotaren munduan, eta hori beti da interesgarri. Helburu nagusia da haurrak pilota mundura erakartzea, etorkizun oparoa izateko. Gaur-gaurkoz, pilotari eta epaileen artean, 3.000 fitxa inguru daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nahi genuke lauzpabost urte barru fitxak gehitzea, nik beti uste baitut kantitateak ekartzen duela kalitatea.

Eta nola lan egingo duzue helburu horiek lortzeko?

Aipaturiko hiru lurraldeetako federazioetako zuzendari teknikoak Euskadikoarekin elkarlanean ariko dira. Programa bat prestatu dute, eta klubetara zuzenduko dugu begirada. Klubak indartu eta profesionalizatzen baditugu, guztia izango da errazagoa. Horrez gain, eskolekin ere harremanetan jartzen ari gara, pilota modalitate ezberdinak lantzeko. Ner Groupek eman digun diruan, federazioak ia ez du esku sartzerik; dena dago proiektuetara bideratuta.

Zesta-puntak egin du urrats bat aurrera. Pertsonalki, agintea hartzeko eskatu zizuten, ezta?

Halako zerbait, bai. Duela hiru urte, batzar moduko bat egin genuen Gernikan, eta han ginen zenbait ordezkari: Eusko Jaurlaritza, Goikoetxea, Lopez, Hormaetxea eta Beaskoetxea puntista profesionalak, klubetako arduradunak, ni neu... Zesta-puntaz hausnartu genuen, eta diagnostikoa izan zen gaizki geundela eta zerbait egin behar zela. Federazioak ardura hartu zuen: profesionalekin zirkuitu bat antolatu genuen, eta hainbat herritan txapelketak jokatu ziren. Hura izan zen jarri genuen lehen harria.

Eta afizionatuekin jarraitu duzue, hori delako zuen mundua.

Guk garbi dugu afizionatuetan murgildu behar dugula. Horregatik, Xistera deituriko proiektua sortu dugu. Izugarri kostatako proiektua izan da, eta Euskal Herrian lehen aldiz klub guztien elkarlanarekin abiatu da. Besteak beste, Iparraldeko eta Nafarroako klubak sartuta daude, eta orain Frantziatik, Kataluniatik eta Espainiatik ere ari zaizkigu hoska, sartu nahi dutela esanaz. Interes handia piztu du Xisterak. Presidente bat du, Ibon Urreisti, eta, ondoren, batzorde moduko bat. Hainbat puntista ohi daude; tartean, Felix Espilla. Haiek antolatzen dute zirkuitua. Hainbat partida jokatzen dira herrietan zehar, eta adin ezberdinetako onenak lehiatzen dira finalean.

Esku-huska izango da, ziurrenik, indartsuen dagoen modalitatea.

Indartsu bai, baina errealitatea ez da finalerdi eta finaletan telebistan ikusten duguna. Irudi hori ez da benetako egoera. Profesionalen munduan sartzen den diru publikoa erdira murriztuko balitz, enpresak kinka larrian geratuko lirateke, eta, hortaz, esku-huska ere bai. Horregatik, harrobiari begira lanean jarraituko dugu guk, eta, ahal dugun neurrian, txapelketa ofizialak indartzen. Egoera ekonomikoagatik, askotan gozoki moduko bat falta zaigu, baina zirkuitu moduko bat antolatzeko ideia darabilgu. Sari bereziak emango genituzke, pilotari eta elkarteentzat. Ordainezina da klubek egiten duten lana.

Nolako harremana duzue Asperekin eta Asegarcerekin?

Ez daukagu harreman handirik. Fernando Bidarte Aspeko buruarekin bildu ginen orain ez asko, eta geratu ginen zirriborro bat prestatuko genuela elkarlanean aritzeko. Horretan ari gara. Pilotak denon beharra du, eta, eskutik lotuta bagoaz, askoz hobe.

Eta zer harreman duzue lurraldeetako federazioekin?

Sekula egon den onena. Nafarroan Miguel Pozueta dago presidente, eta, Iparraldeko Ligan, Jean Mitxel Garaiar. Biekin zoragarri moldatzen naiz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, presidente berriak ditugu; hurrenez hurren, Iker Gereta, Karmelo Ariznabarreta eta Andoni Lertxundi. Hirurekin harreman sendo eta estua dut. Horregatik, uste dut orain datorrela lana egin eta proiektuak aurrera eramateko garairik onena, batasuna dugu eta.

Indartsu sentitzen al zara karguan jarraitzeko?

Sakrifizioa eskatzen du, baina hitzeko pertsona naiz, eta hartutako konpromisoak bete nahi ditut, neure buruarekin lasai geratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.