Jon Redondo. Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendaria

«Federazioek klubek baino hobeto eutsi ahalko diote»

Redondok nabarmendu duenez, goi mailako kiroletik harago, eta segurtasun neurriak betez, ikuspegi sozialetik eta ekonomikotik, garrantzitsua da kirolaren sektorea berriro ere abian jartzea. Zuzendaritzatik horretarako ari dira lanean.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Koronabirusak ere hankaz gora jarri du kirolaren mundua: txapelketa asko bertan behera geratu dira, edo atzeratu egin dituzte. Klub askok, berriz, aldi baterako enplegu erregulaziora jo behar izan dute. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendariak (Orio, Gipuzkoa, 1979) onartu egin du «zalantzaz» betetako asteak direla, baina sektoreak dituen indarguneak ere azpimarratu nahi izan ditu.

[YouTube]https://youtu.be/7a2H1YzvE7A[/YouTube]

Kirolari ohi eta kirol arduradun moduan nola ari zara bizi izaten koronabirusaren krisia?

Berria izanik, ahal dudan moduan. Orain arte, kirola ez egitearen falta sumatu dut gehien. Gainera, alarma egoeraren ondorioz, gure sektorea geratuta dago, eta ea egoera honi nola ematen diogun buelta.

Zein kezka nagusi dituzue zuzendaritzan?

Sekula ez da jarduera erabat geratu. Inoiz ez dugu halakorik ikusi. Kirol azpiegitura publikoak zein pribatuak itxita daude, eskola kirola eta federatuen lehiaketak etenda, baita proben antolakuntza ere. Egoera honetan, autonomoak eta enpresa txikiak ari dira gehien sufritzen, kirolaren sektorean ere asko baitaude. Kluben egoera ez da samurra, horietako asko babesle txikiei esker bizi baitira, eta haien egoera ekonomikoa ere ez da erraza krisi honen eraginez. Ondoen, berriz, federazioek eutsiko diote, administraziotik gertuen daudelako, eta laguntza zuzena ematen diegulako.

Kluben egoera ez dela samurra aipatu duzu. Horietako askok enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak egin dituzte. Nola irauli haien egoera?

Zalantza asko daude. Nahiz eta haien diru sarrera nagusia ez izan, ez dakigu diru publikoa zenbateraino bermatu ahal izango dugun. Klub asko, gainera, aipatu bezala, babesle txikiei esker bizi dira, eta zaila izango da eustea. Ateak itxita jokatzen hasten badira, gainera, beste diru sarrera batzuk ere ez dituzte jasoko: sarrerena, bazkideen kuotena, tabernarena... Beraz, ikusi beharko dugu egoera horri nola heldu. Baina nik alde baikorrari ere begiratu nahiko nioke. 2008ko krisian ikusi genuen, hemendik kanpoko klub askok poltsikora jotzen zutela. Orain, ordea, ezingo dute. Harrobiaren aldeko apustua egin beharko da, eta hori guk oso ondo landua dugu, eta abantaila izan dezakegu. Nahiz eta egoera beltza izan.

Federazioek hobeto eutsiko badiote ere, denen egoera ez da berbera izango, ezta?

Hemen paradoxa bat gertatzen da. Normalean, guk federazioei eskatzen dieguna da ahalik eta autonomoenak izatea, eta beraien diru sarrerak bilatzeko jarduera pribatutik. Beraz, kasu honetan, autonomoen diren horiek pasatuko dute okerren. Gu saiatuko gara portzentaje handi batean laguntzei eusten.

Eta emakumeen kirolerako eta kirol egokiturako laguntzak ematen segituko duzue?

Kirol egokituen kasuan, guk Euskadiko Federazioari ematen diogu diru laguntza, eta, horrekin batera, Gaituz Sport proiektuari. Horri eusteko asmoa dugu, baita emakumeen kirolari lotutako laguntzei ere. Emakumeen kirolen zailtasunetako bat da askotan kosta egiten zaiela babesle pribatuak lortzea. Kasuan-kasuan aztertu behar da.

Tokioko Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu direla kontuan hartuta, zer pasatuko da Basque Team-en bidez jasotzen diren bekekin edo laguntzekin?

Beka edo laguntza horiek emateko orduan, kontuan hartzen dira aurreko urteko emaitzak. Beraz, iazkoak hartuko dira kontuan, eta berdin emango dira. Berezitasuna izaten da, olinpiar urteetan sailkapena lortzen duten kirolariek ere beka jasotzen dutela. Laguntza horiek, berez, datorren urtera pasatzen dira. Baina jada sailkapena lortu dutenek beka izango dute, mantenduko ditugu Olinpiar Jokoak aurten izango balira bezala. Modu horretara lagundu nahi diegu. Hurrengo urteari begira, arazoa izango dugu aurtengo emaitzak hartu beharko direlako kontuan, eta, txapelketak ez badira jokatzen, ez dituzte izango emaitza horiek. Baina bekak jasotzeko aukera izango dute. Uste dugu hori guztia egiteko moduan gaudela.

Kultur sektorearentzat laguntza lerro batzuk iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Kirolean ere egingo duzue halako zerbait?

Kulturan egin dutenari inbidia apur batekin begiratzen diogu beste sektoreetatik. Kirolaren sektorearentzat, dena den, oraintxe baditugu hainbat laguntza tresna. Batetik, Espainiako Gobernuak abian jarritako zerak ditugu, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak; eta, bestetik, enpresa txikiek nahiz ertainek eta autonomoek likidezia izateko, Jaurlaritzak Elkargiren bidez ematen dituen bost urterako maileguak, interesik gabe eta gobernuak abala emanda. Klubentzat, aldiz, merkataritza entitateak ez direnez, ICOk abian jarritako maileguak daude. Jaurlaritzak abian jarritakoek baino baldintza okerragoak dituzte, %70a baino ez daudelako abala emanda. Federazioen kasuan, ni zuzendaritzaren nagoenetik lortu gabe geundena lortu dugu: apiril hasierarako laguntzen erdia ordainduta izatea, likidezia izan dezaten. Egoera honek ekarriko digu aurrekontua egokitu behar izatea, baina espero dugu egiten ez diren txapelketekin aurrezten dugunari esker ordaindu ahal izatea.

Nolako eragin ekonomikoa izan dezake hainbat kirol proba garrantzitsu ez jokatzeak?

Argi dago kirolak eragin sozial bat duela, osasunari eta atxikimenduri lotuta, baina baita ekonomikoa ere. BPGaren %2-%3a esan nahi du. Adibidez, hil honetan jokatzekoa zen Zegama-Aizkorri, eta, zalantzarik gabe, eskualde horretan eragin ekonomiko handia du ez jokatzeak. Gure kasuan, irailean ginen antolatzekoak Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa Getxon. Geure burua gai ikusten genuen antolatzeko, baina zail ikusten genuen beste herrialdeetako taldeak etortzea. Lortu dugu 2021era atzeratzea eta, behintzat, hemen jokatzea.

Arraunlari ohia zara zu. Udan izango al da arrauna? Nola ikusten duzu?

Nik uste dut zerikusi handia izango duela zer gertatzen den futbolarekin eta saskibaloiarekin. Ez dakigu Espainiako Osasun Ministerioak zein baldintza jarriko dituen, testak egin beharko diren, egongo diren egiteko moduan... TKE ligak hainbat planteamendu jarri ditu mahai gainean.

Zenbait talderi zaila egingo zaio testak erosteak dakarren gastua beraien gain hartzea zaila. Zein iritzi duzu horri buruz?

Hor dago arazoa, eta ikusi beharko da Osasun Ministerioak zein irizpide jartzen duen. Futbol talde profesionalek, adibidez, posible dute bizpahiru egunetik behin testak egitea dakarren gastu hori beraiengan hartzea, diru sarrera dezente dituztelako. Baina hori beste kirol gehienetan ez da posible, eta zaila izango da betetzea.

Udako festei begira, oso lotuta daude hainbat kirol: herri kirolak, adibidez. Zer pasatuko da horiekin?

Eudel eta Jaurlaritza ari dira begiratzen ea jaiei lotutako kultur jardueretako batzuk mantendu daitezkeen udan, eta gure aldetik ari gara begiratzen herri kirol jarduera batzuei eutsi ahal zaien, nahiz eta jende gutxiagorekin izan. Baina hor ikusi beharko da udalek zer aurrekontu dituzten.

Zer irudituko litzaizuke kirol ekitaldiak ateak itxita jokatu behar izatea?

Osasun baldintzak beteta, ahal den neurrian normaltasunera bueltatu beharko ginateke. Eta normaltasun hori izan daiteke, lehenbizi, ateak itxita jokatzea, logikoena litzateke modu horretan hastea. Baina horrek argi dago aldaketa bat ekarriko duela, bazkideen kuoten zein sarreren bidez lortzen diren diru sarrerak ez direlako izango, eta horren ondorioak aztertu beharko dira.

Athleticen eta Realaren arteko Espainiako Kopako finala ateak itxita jokatzeaz, zer iritzi du Jaurlaritzak?

Espainiako Futbol Federazioari eta bi klubi dagokie erabakia hartzea, betiere osasun agintarien irizpideak beteta. Niri gustatuko litzaidake epe hori luzatzea eta, posible izango balitz, finala zaleekin jokatzea.

Eskola inguruan zer lanketa egiten ari zarete aldundiekin?

Astero egiten ditugu bilerak aldundiekin, eta hartu dugun erabakia da eskolarteko kirol jokoak bertan behera uztea. Maiatzean ziren jokatzekoak. Eskola kirolari dagokionez, aldundi bakoitzak erabakiko du. Baina argi dago hezkuntzaren itzuleraren arabera egongo dela. Baina haurrak ez badira ikasgeletara itzultzen, logikoena litzateke eskola kirola ere ez bueltatzea. Hor ere ikusiko dugu zer pasatzen den.

Alarma egoeran erabakiak Espainiako Gobernuak hartzen dituela kontuan hartuta, nola ari zarete moldatzen?

Guk oraintxe dugun arazoa da zalantzak asko direla, eta ez dakigula gauzek nolako bilakaera izango duten. Gainera, ez dugu eskumenik erabakiak hartzeko. Baina ikusten dugu gauzek pausoka joan behar dutela. Lehenengo urratsa izan da jendeak jarduera fisikoa egin ahal izatea aire librean. Hortik aurrera, ikusiko dugu zer bilakaera izaten duten birusak eta hari lotutako datuek. Bigarren pausoa litzateke ea kiroldegietan, gimnasioetan eta abarretan noiz hasi ahal izango den kirola egiten taldeka. Baina jendeak garbi izan behar du lehengora ez garela itzuliko, eta ezingo garela nahi dugunean kiroldegira joan. Sistemaren edo neurriren bat jarri beharko dute edukiera kontrolatzeko.

Kirola lehentasuna ez dela diotenei zer esango zenieke?

Dena ez dela goi mailako kirola. Lehen neurrien artean lehendakariak Espainiako Gobernuari eskatu izana aire librean kirola egin ahal izatea baimentzea, horrek erakusten du zer-nolako garrantzia ematen diogun. Jarduera fisikoak hainbat patologia saihesten laguntzen du, eta hori gogoan izan behar da. Sedentarismo edo jarduera fisko falta laugarren heriotz arrazoia da. Gainera, aipatu bezala, kirolari lotuta enpresa txiki eta ertain eta autonomo asko dago, eta, beharrezkoak diren segurtasun eta osasun neurriak jarrita, berriro ere martxan jarri behar dugu makineria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.