Pilota

Fedea, lana eta txapela

Lau eta erdiko txapeldun izan eta biharamunean, lortutakoaz harro agertu da Unai Laso. Finalean sufritzen jakiteak urrearen balioa izan zuela onartu du. Batez ere, une zailetan ondoan izan dituen senitarteko eta lagunak hartu ditu gogoan.

Unai Laso. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Laso, lau eta erdiko txapelarekin, gaur arratsaldean, Iruñeko Iturrama auzoko Lopez frontoian. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2024ko azaroaren 25a
18:08
Entzun

Nekeak neke eta ajeak aje, emozioek gain hartuta eta ahoan irribarre zabalarekin agertu da bazkalostean Unai Laso kazetarien artera (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997), Iruñeko Iturrama auzoko pilotalekura. Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi eta biharamunean, batez ere lortutakoaz harro mintzatu da Baikoko pilotaria, nahiz eta onartu duen oraindik ez duela guztiz barneratu txapela irabazi duela. «Emozionatuta esnatu naiz. Sentipena dut kantxan ez nuela batere gozatu, eta sufrimenduari eta kastari esker irabazi nuela. Pentsamendu negatiboak izan nituen partida osoan, mamuak agertu zitzaizkidan; horregatik, balio handia ematen diot txapelari». Eta ospakizunak ere tamaina berekoak izan ditu. Besteak beste, Bilbotik bueltan, Iruñeko Auzmendi sagardotegian elkartu baitzen senitarteko eta lagunekin. «Parranda koxkorra egin genuen; okasioak hala merezi zuen».

Izan ere, 2016an profesionaletarako jauzia eman ondotik, bidean oztopo dezente gainditzea egokitu zaio Lasori. Batetik, 2020an profesionaletatik kanpo utzi zuen Baikok, enpresaren eta bien arteko akordiorik ez eta. Itzuli zenean buruz buruko txapelaren jabe egin zen. «Infernutik zerura igaro nintzen orduan». Orain, berriz, aldakako ebakuntza gogor baten ondotik jantzi du lau eta erdiko txapela. «Gogoan dut oinez ibiltzeko ere arazoak nituela, baina ongi osatu naiz lesiotik, eta lana eta sakrifizioa izan dira sekretua. Ez dakit zein egoera fisikotan helduko naizen 40 urtera, baina oso pozik nago gorputza nola erantzuten ari zaidan ikusita». Fedea eta esfortzua izan ditu bidelagun nafarrak berriro ere gailurrera igotzeko. «Familiatik datorkit hori. Kolpeen poderioz, pilotari hobea bihurtu naiz, eta izugarri harro nago egiten ari naizen bideaz».

Finalari dagokionez, bere pilotari ibilbidearen antzekoa izan zela aitortu du Lasok: zailtasunez betea. Hasiera zaila irauli behar izan zuen, 0-5 atzetik jarri baitzen berehala. Kastatik arrakastarako bidea egin zuen pixkanaka. «Presio eta tentsio handia nuen, eta horri guztiari aurre egitea ez da erraza, baina Jon Mariezkurrenak mantendu ninduen partidan sartuta, eta maldan gora jarritako partidari buelta eman nion pixkanaka». Nahiz eta kantxan eroso ez sentitu, lanari ez zion une bakar batean ere utzi. «Peio Etxeberriak izugarrizko erritmoa jarri zuen hasieratik, eta berak ere nik adina merezi zuen txapela. Halaxe onartu nion berari. Lanean jarraitu nuen beti, nahiz eta fisikoki lehertuta egon». Ordubete pasako lanean 350 pilotakadatik gora jo zituzten. «Finalaz gozatu ez arren, era horretan irabazteak asebete egiten nau».

«Peio Etxeberriak izugarrizko erritmoa jarri zuen hasieratik, eta berak ere nik adina merezi zuen txapela. Halaxe onartu nion berari»

UNAI LASOBaikoko pilotaria

Txapela jantzi berritan, negar malkoak ere sumatu zitzaizkion txapeldunari.«Ez naiz emozioak asko azaleratzen dituen pertsona horietakoa, baina gain hartu zidan egoerak. Une zailetan ondoan eduki ditudan familiarteko eta lagunak etorri zitzaizkidan burura, eta lehertu egin nintzen. Besarkada asko eman ditut azken orduetan». Aitortu du ingurukoek soilik dakitela berriz ere txapeldun izateko zenbat lan egin behar izan duen. «Iturramako pilotaleku honetan apropos bildu zaituztet kazetariok, bertan lagunekin ordu asko pasatua bainaiz pilotan. Haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkit, eta zirkulua biribiltzeko toki ezin hobea da».

Binakako txapela falta du

Hain zuzen, buruz burukoari lau eta erdiko txapela erantsi ondoren, bi modalitate horietan txapeldun izan den hamahirugarren pilotaria bilakatu da Laso. Atseden hartzeko betarik gabe, ostiral honetan ekingo zaio binakako txapelketari, eta bertan izango da nafarra. Profesional mailan sei final baditu jokatuak, horietatik bi binaka, baina ez du txapelik oraindik. Halere, ez du itsutzen horrek. «Lanean jarraituko dut gogor, eta etorriko da etorri beharrekoa». Iaz binakakoak ez zuen bete-betean harrapatu Baikoko pilotaria, baina aurten sasoian iritsiko da. Bihar egingo dute txapelketaren aurkezpena, Nafarroa Arenan, Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.