Gehiago hitz egin da ez daudenez, daudenei buruz baino. Grand Slameko Maisuen VI. Torneoa aurten berriz jokatuko da Bilbon, urriaren 7tik 12ra, eta faltan izango ditu bi jokalari oso hand. Viswanathan Anand munduko txapeldunak eta Magnus Carlsen FIDE zerrendako lehen sailkatua eta torneoaren azken bi aldietako txapeldunak ez dute parte hartuko. Azaroan munduko titulua izango dute jokoan, eta biak ala biak buru-belarri ari dira lehia hori prestatzen.
Ez dutela parte hartuko «azken orduko berria» izan dela azaldu zuten atzo antolatzaileek. Carlsenek eta Anandek azaroaren 7tik 26ra neurtuko dituzte indarrak, Chennayn (India), eta xake mundua hara begira dago. Aurretik, baina, Bilboko torneoa jokatuko da. Aurten Bilbon bakarrik jokatuko da, Mexiko Hiriak uko egin diolako antolatzeari. Azken bi aldietan Shanghain eta Sao Paulon ere jokatu zen. Hiri barneko kokagunea ere berria izango da: Zabalguneko merkatua. Aurreko aldietan, Alondegian eta Plaza Barrian jokatu izan da, beirazko kutxa handi baten barruan.
Azken orduko berregituraketaren erruz, lau parte hartzaile izango ditu bakarrik, azken aldietan baino bi gutxiago. Levon Aronian armeniarra izango da faboritoa, FIDE zerrendako bigarren sailkatua. Iragan martxoan, laugarren izan zen munduko titulurako lehian sartzeko antolaturiko hautagaien torneoan. Aronianek oso ondo ezagutzen du Bilboko plaza: azken bi urteetan hirugarren izan da, eta 2009an berak irabazi zuen. Aurten Alekhineren oroimenezkoa irabazi du, Parisen eta San Petersburgon jokaturikoa.
Beste hiru partaideentzat, Bilboko maisuen torneoa jokatuko duten lehen aldia izango da. Xakriar Mamediarov izango da Aronianen mehatxu nagusia. Azerbaijangoa munduko zazpigarren sailkatua da, eta eta aurten Pekingo Sari Nagusia irabazi du. Gazte mailako munduko titulua irabazi duen xakelari bakarra da.
Michael Adams ingelesa munduko 12. sailkatua da egun, eta duela hilabete batzuk Dortmungo Torneoa irabazi zuen. Bere garaian, 2004an FIDEren mundu torneoko txapeldunorde izan zen, eta munduko titulua lehiatzeko hautagaien torneoan jokaturiko da. Bilbon ariko den azken xakelaria Maxime Vachier-Lgrave gaztea izango da. 22 urte ditu, eta 14 urte pasatxorekin lortu zuen Maisu Handi titulua. Egun 26. sailkatua da FIDEren zerrendan eta Frantziako txapelduna.
Bilboko torneoa ligaxka bidez jokatuko da, bi itzulirekin. Bertan, Bilbo legea aplikatuko da: garaipenek hiru puntu balio dute, eta berdinketek, bakarra. Sofia legea ere indarrean egongo da; beraz, epaile batek berdinketak ontzat eman beharko ditu jokalariek adostu ditzaten eragozteko.
Falta direnak gogoan
Carlsenek eta Anandek ez dute Bilboko torneoa jokatuko, munduko titulurako lehia prestatzen ari direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu