Falta direnak falta, lehia bizia

Gaur hasiko da saskibaloiko Munduko Kopa. Hiru herrialdetan jokatuko dute: Filipinetan, Japonian eta Indonesian

Falta direnak falta, lehia bizia.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Izurriak denboraren pertzepzioa aldatu du. Oharkabean pasatu da denbora, eta, bat-batean, hemen da berriro saskibaloiko Munduko Kopa. Badirudi atzo garaitu zuela Espainiak Argentina Pekinen, finalean, baina lau urte igaro dira jada. Aurten zenbait hutsune izango dira jokalarien artean, baina saskibaloiaren festa handiena gaur hasiko da. Hiru herrialdetan jokatuko dute: Filipinetan, Japonian eta Indonesian. Berdintasuna espero da hainbat selekzioren artean, baina beti bezala, bat dago gainetik apustuetan: AEBetakoa.

Ikuskizuna eta zirrara ziurrak dira Munduko Kopa batean. Edozein kiroletan dela ere. Hala ere, ezin da bazterrean utzi ekitaldi honetan arituko ez diren izarren zerrenda. Nikola Jokic (Serbia) eta Giannis Antetokounmpo (Grezia), NBAko izar handiak biak, ez dira sartu beren selekzioen deialdian: Jokicek uko egin dio jokatzeri; Antetokounmpok, berriz, min hartu zuen. Baina ez dira bakarrak. Vasilje Micic (Serbia), Kristaps Porzingis (Letonia), Domantas Sabonis (Lituania), Jamal Murray, Andrew Wiggins (Kanada), Victor Wembanyama (Frantzia) eta Ricky Rubio ere (Espainia) ez dira ariko. Horrek guztiak izango du eraginik, baina jokalari handi asko ariko dira txapelketan.

AEBak dira berriro faborito. Steve Kerren taldeak helburu argia izango du, gainera: Txinan galdu zuten harrotasun nazionala berreskuratzea. Ez dute talde ikusgarririk egin, baina NBAko jokalari apartak dira guztiak. Haiei aurre egiteko taldeen artean, Frantzia da aipagarriena. Beteranoak eta izar berriak nahastu ditu Vincent Colletek, eta fisikoki talde beldurgarria da.

Euskal jokalari bat: Brizuela

Koxka bat beherago daude Espainia, Kanada, Australia eta Eslovenia. Espainia da gaur egungo txapelduna. Jokalari onak ditu, baina haren izar nagusia aulkian dago: Sergio Scariolo maisua da taktika lantzen, eta hala irabazi ditu azkeneko Munduko Kopa eta Europako Txapelketa. Haren esanetara egongo da txapelketako euskal jokalari bakarra: Dario Brizuela donostiarra.

Kanadak, berriz, gora egin du: fisikoa eta teknika dira haien indarguneak. Australia ezagunagoa da halako txapelketetan. 2019an finalerdiak galdu zituen Espainiaren aurka, eta orduko izar batzuk errebantxa gogoz daude. Azken hautagaia Eslovenia da. Edo beste era batera esanda, Luka Doncicen taldea. Europako jokalari onenak aspalditik ditu selekzioaren giltzak, eta hura gelditzea izango da aurkarien buruhauste nagusia. Alemania ere kontuan hartu beharreko selekzioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.