Arraroa, oso arraroa egingo zait Europako Txapelketa bat etxeko sofatik jarraitzea. Ez nago horretara ohituta, baina hala egokitu da. 2003an bi ebakuntza zail egin dizkidate, eta hautatzailearekin hitz egin ondoren, txapelketari uko egitea erabaki dut. %100ean egon nahi dut, eta oraindik ez nago sasoi betean, ez diot ni baino hobeto dagoen norbaiti postua kendu nahi. Atenasko Olinpiar Jokoetarako prest egon nahi dut, eta hori lortzeko jo eta ke egingo dut lan. Atenasera sasoi betean iritsi nahi dut, eta Frantziari urrea irabazten lagundu.
Txapelketa oso gogorra izango da Esloveniakoa, Portugalgo Munduko Txapelketa baino zailagoa. Eslovenian dauden talde guztiak indartsuak dira oso, ez dago oparirik, eta edozein selekziok susto bat eman diezazuke. Ez dut faborito argirik ikusten, eta betiko hautagaiak izango dira nor baino nor gehiago urrea irabazteko lehian. Espainia, Frantzia, Kroazia, Errusia, Suedia, Alemania, Danimarka eta Serbia eta Montenegro; horixe izango dira irabazteko borrokan egongo diren selekzioak. Guztiek talde indartsuak dituzte, eta irabazteko helburu garbiarekin doaz Esloveniara. Horietako batzuk (Suediak, Danimarkak eta Serbia eta Montenegrok) ez dute oraindik Atenasko Olinpiar Jokoetan egoteko txartela eskuratu, eta beste selekzioak baino presio puntu bat gehiago izango dute.Horiek alde batean utzita, ezustea eman dezaketen selekzioen artean bat nabarmendu nahiko nuke: Eslovenia. Talde indartsua du, eta jokalari beteranoak eta gazteak bikain uztartu ditu. Gainera, etxean jokatzen dute, euren zaleen aurrean, horrek duen garrantziarekin. Zaleen babesa izatea asko eskertzen da, aurkariak apur bat presionatzeko arma ederra baita. Esloveniak ezustea emateko ahalmena du, zalantzarik gabe. Hori, hala ere, pistan erakutsi behar da, hor erabakitzen baitira partidak, eta ez harmailetan.
IRITZIA. SASKIBALOIA
Faboritorik ez, eta erne Esloveniarekin
SASKIBALOIA. Europako Saskibaloi Txapelketa. Faboritorik ez, eta erne Esloveniarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu