Final-zortzirenetan gertatu da Eurokopako lehen ezusteko handia. Italiak, duela lau urteko txapeldunak, galdu egin zuen, eta kalean gelditu da. Gainerakoan, txapelketa irabazteko hautagai guztiek irabazi dute. Hori bai, nahi baino gehiago sufrituta. Final-laurdenak ostiralean eta larunbatean jokatuko dira, eta faboritoek kale edo bale egin beharko dute. Haietako lauk elkarren artean jokatuko dute.
Italiaren agurrarekin abiatu ziren final-zortzirenetako partidak. Azzurri-ek 2-0 galdu zuten Suitzaren aurka, neurketa ilun batean. Suitzarrak lehen zatian aurreratu ziren, Freulerrek gola sartuta. Gainera, bigarren zatia hasi eta berehala egin zuen Vargasek bigarrena, eta orduan amaitu ziren Spallettiren taldearen ametsak. Duela lau urte loria dastatu ostean, final-laurdenetan ere ez dira izango aurten. Suitza ez da izarrez osatutako talde bat, eta ez dauka jokamolde ikusgarririk. Baina taldeko lana eta joko eraginkorra izan dira haien indarguneak. Ingalaterra izango dute aurkari final-laurdenetan. Izanari esker baino gehiago, izenari esker egin dute aurrera Gareth Southgaten taldeak, Eslovakiari luzapenean irabazita. Espero zitekeenarekin alderatuta, oso joko kaskarra erakutsi du orain arte, eta ez dirudi teknikariak B planik duenik.
Espainia da faboritoen artean ikusgarrien jokatu duena. Le Normandek bere atean sartutako golak alarma guztiak piztu zituen, baina, azkenerako, aise hartu zuten mendean Georgia: 4-1. Nico Williams Athleticeko jokalaria da Espainiako selekzioaren izarretako bat. Dir-dir egiten ari da, eta harrabotsa sortu du Europako talde handien artean. Etxeko selekzioaren aurka, hau da, Alemaniaren aurka jokatuko dute espainiarrek final-laurdenetan. Zaleek airean daramate Alemania, eta nagusitasunez hartu zuten mendean Danimarka: 2-0. Bi hautagai horien arteko partidak ikusmin handia piztu du futbol zaleen artean, batek bakarrik egingo baitu aurrera. Ostiralean izango da hori, (18:00, TVE1).
Egun horretan bertan jokatuko dute elkarren kontra beste bi hautagai handik (21:00, TVE1). Portugal eta Frantzia izar ugariz osatutako selekzioak dira, baina, beste hautagai askoren antzera, ezer gutxi erakutsi dute gaur arte. Astelehenean jokatu zuten biek. Deschampsen taldeak azken orduan garaitu zuen Belgika (1-0); Verthongenek bere atean sartutako gol bati esker egin du aurrera Frantziak. Mbappe, Griezmann, Dembele eta enparauak gozakaitz ari dira, eta zaleen kritika gogorrak entzun behar izan dituzte. Portugal ez da haiek baino hobeto ari. Penalti jaurtiketak behar izan zituen Esloveniari nagusitzeko. Orain arte, Cristiano Ronaldo izarrak ez du gol bat bera ere sartu jokoan. Penalti bat ere huts egin zuen luzapenera joan aurretik. Baina kale edo bale egin beharreko garaian, penalti jaurtiketetan, ez zuen huts egin. Hala ere, Diogo Costa atezaina izan zen neurketako jokalari erabakigarriena. 115. minutuan geldiketa ikusgarria egin zuen buruz buruko jokaldi batean, eta jaurti zizkioten hiru penaltiak gelditu zituen.
Laugarren final-laurdena Herbehereen eta Turkiaren artekoa izango da. Larunbatean neurtuko dituzte indarrak (21:00, TVE1). Atzo jokatu zuten bi taldeek. Herbehereetako selekzioak egin zuen aurrera lehendabizi. Cody Gakpok ezarri zuen neurketako erritmoa, eta txapelketa bikaina osatzen ari da, beste behin. Hark egin zuen neurketako lehen gola, 20. minutuan, eta Malenek besteak, biak luzapenean. Turkia izango dute aurrean. Oso talde gaztea izan arren, esperantza handia piztu zien turkiarrei, eta Montellaren taldeak ez du huts egin. Azkenerako asko sufritu zuten, eta Gunok atezainak geldiketa erabakigarria egin zuen neurketako azken minutuan. Aurrez, baina, bi gol sartu zituen Demiral erdiko atzelariak, eta nahikoa izan ziren aurrera egiteko. 2-1 amaitu zen neurketa.
Amerika Kopako koadroa ere, erabakita
Amerika Kopak bart utzi du atzean multzoen fasea, eta ostiral iluntzean abiatuko dira final-laurdenak. Argentina egungo txapeldunak neurketa guztiak irabazi ditu, eta Ekuador izango du aurkari. Jon Mikel Aramburu Realeko jokalariaren Venezuela Kanadaren aurka ariko da. Txapelketa irabazteko hautagaietako batek, Kolonbiak, Panama hartuko du. Azken horiek etxeko selekzioa kaleratu dute ligaxkan: AEBak. Azken kanporaketa bi hautagairen artekoa izango da: Uruguai eta Brasil ariko dira nor baino nor gehiago.