Euskal Herriko Itzulia

Faboritoak agertzen hasteko eguna

Hirugarren etapa du gaur Itzuliak. Tropela Gipuzkoan ibiliko da, lasterketa Zarautz eta Beasain artean jokatuko baita. Etapa ez da oso luzea, baina bai ibilbide bihurrikoa. Azken kilometroetan bi igoera izango dituzte: Gaintzakoa eta Lazkaomendikoa.

Tropela, atzo, Iruñeko kaleetan. VILLAR LOPEZ / EFE
Tropela, atzo, Iruñeko kaleetan. VILLAR LOPEZ / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 9a
10:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoan ibiliko da gaur Euskal Herriko Itzulia. Lehen bi etapen ostean, faboritoek gaurkoa izango dute oso adi egoteko lehen eguna. Etapa Zarautzen hasiko da, eta Beasainen amaitu: denera, 156 kilometro. Luzerari erreparatuta, ez da etapa luzea. Baina ibilbide bihurria du. Izan ere, txirrindulariek zazpi mendate igo beharko dituzte: hirugarren mailako bost, eta bigarren mailako bi. Gogortasunari erreparatuta, Santa Ageda aipatu behar da: 9 kilometroko igoera bat da, batez beste %6,9ko pendiza duena. Helmugatik urrun dago, 88 kilometrora. Baina txirrindularien hankak nekatzen hasteko balio dezake.

Neke hori azken bi igoeretan antzemango dute agian, Gaintzakoan eta Lazkaomendikoan. Lehenak 2,2 kilometro ditu, eta %12ko pendiza. Horren ostean, hainbat kilometro egingo dituzte ordekan, eta Lazkaomendira iritsiko dira (1,4 kilometro eta %10eko pendiza). Bost kilometro izango dituzte hortik Beasaingo helmugara. Kokapenak garrantzi handia izango du etapa osoan, eta, nagusiki, azken bi mendateen sarreran.

Ikusteko dago Max Schachmann (Soudal) gai den hirugarren egunez jarraian elastiko horiari eusteko. Zaila dirudi. Atzo bertan, berak esan zuen gaurtik aurrera bere jarduna aldatu egingo zela, ibilbidea gora egiten hasten baita. Faboritoek, berriz, agertzen hasi beharko dute tropelaren aurrealdean, eta batez ere mendateetan. Lasterketa irabazteko lehian egoteko moduan daudela berretsi beharko dute Joao Almeidak (UAE), Pello Bilbaok (Bahrain), Daniel Felipe Martinezek eta Aleksandr Vlasovek (Red Bull), Sepp Kussek (Visma), Enric Masek (Movistar)... Euskaltel Euskadiko, Caja Ruraleko eta Kern Pharmako txirrindulariak, berriz, ihesaldiren batean sartu eta ezustea ematen ahaleginduko dira.

Itzulia. 3.etapa
Itzulia. 3.etapa


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.