Futbola Eurokopa

Ezustekoen eguna izan da: Errumaniak eta Eslovakiak irabazi dute

Errumaniak nagusitasunez menderatu du Ukraina (3-0), eta Eslovakiak 0-1 irabazi dio Belgikari.

Eslovakiako jokalariak garaipena eman dien gola ospatzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Eslovakiako jokalariak garaipena eman dien gola ospatzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
pettan uralde
2024ko ekainaren 17a
19:59
Entzun

Errumaniako eta Eslovakiako selekzioek pronostiko guztiak hautsi dituzte, Eurokopako E multzoan garaipena lortuta hasieratik. Errumaniak aise irabazi dio Ukrainari (3-0), eta Eslovakiak mendean hartu du multzoko faboritoa, Belgika (0-1).

Lehen partidan, ukrainarrak nagusitasunez aritu dira, baina ezin izan dute baloi jabetza baliatu lehen zatian gola sartzeko aukera garbiak izateko. Errumania, aldiz, ez da kikildu faboritoaren aurrean, eta baloia lapurtzen zuen aldiro aurrera egin du golaren bila.

Errumaniako selekzioa konfiantza handiagoz aritu da minutuek aurrera egin ahala. Defentsako lerroa aurreratu du Ukrainaren baloi irteera oztopatzeko, eta horrela iritsi da lehen gola. Ukrainak huts egin du baloi irteeran, eta Stanciu kapitainak sekulako gola sartu du area ertzetik.

Bigarren zatian, Errumaniak ez du atzera egin, eta bost minutu eskasean bi aldiz zulatu du Luninen atea. Lehena Marinek sartu du, 53. minutuan, kontraeraso azkar batean, eta berriro area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Bost minutura Dragusek sartu du azken gola, korner batean.

Ukrainak aurrerapausoa eman du, baina berandu zen dagoeneko. Errumaniak lehen garaipena lortu du 2000. urtetik Eurokopan. Ukrainak, zeina aurreko aldian final-laurdenetara iritsi zen, gauzak asko zaildu dizkion emaitza bati buelta eman beharko dio hurrengo bi partidetan.

Errumaniako jokalariak garaipena ospatzen. (RONALD WITTEK/EFE)
Errumaniako jokalariak garaipena ospatzen. (RONALD WITTEK/EFE)

Belgikak zanpatekoa hartu du

Hasierako ikuskizunaren atzetik, Belgika iritsi da. Domenico Tedesco entrenatzaile berriarekin, Eurokopa irabazteko hautagai moduan iritsi dira belgikarrak, baina zanpatekoa hartu du multzoko ustezko talderik apalenaren aurka. Eslovakiak ez ditu izar asko bere hamaikakoan, baina adorez beteriko jokalariak direla erakutsi dute gaur.

Zazpigarren minutuan aurreratu da Eslovakia, eta partida osoan emaitzari eusteko gai izan dira. Doku belgikarrak akats larria egin du baloi irteeran, eta Schranzek aprobetxatu egin du, Bozenik taldekideari gol aukera garbia uzteko. Baina atezainak aldaratzea lortu du, eta Schranzek berak lortu du baloia zutoinen artean sartzea. 

Ondorengo minutu guztietan behin eta berriz saiatu da Belgika markagailua iraultzen, baina Eslovakia eroso aritu da defentsa lanetan. Aukerarik argiena bigarren zatiaren hasieran izan du Belgikak, korner batean Lukakuk gola sartu baitu. Baina jokoz kanpo zegoen, gutxigatik, eta gola baliogabetu egin dute. Partida amaitzear zela, berriro gola sartu du Lukakuk, baina epaileak jokaldia berrikusi du, eta gola baliogabetu du, aurretik baloia eskuarekin jotzeagatik.

Multzo erosoa aurreikusten zen Belgikarentzat, baina bai porrot honek eta bai Ukrainarenak hankaz gora jarri dute E multzoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.