Ezustekoan iritsitakoa pistan irabazteko prest

Tokioko Olinpiar Jokoetatik bueltan, Clara Azurmendik operatzea erabaki zuen, lesio bat zela eta. Parisko Olinpiar Jokoetan jarri du arreta.

Clara Azurmendi, erraketa eskuetan duela, erremate bat egiteko prest. DIEGO AZUBEL / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Donostia utzi, eta Madrilera joan zen 14 urterekin Clara Azurmendi (Donostia, 1998). Amets bati jarraika hartu zuen erabakia, eta, geroztik, amets hartaz gozatzen ari da. Badminton jokalariak urteak daramatza munduko onenen aurka lehiatzen. Tokioko Olinpiar Jokoetan egoteko aukera ezustean iritsi zitzaion, Carolina Marinen lesioa tarteko. Orain, datorren urtean Parisko Jokoetarako sailkatzeko prestakuntza lanetan murgilduta dago. Aurretik, Munduko Txapelketan ariko da. Abuztuan izango da hori, Danimarkan.

Iragan ekainean, ezker oinean zeukan lesio batengatik operatzea erabaki zuen. Hiruzpalau hilabete eman zituen lehiatu gabe, baina berehala ohartu zen hobekuntzaz. Denbora asko zeraman arazoekin. «Osatze prozesua oso azkarra izan zen arren, berehala hasi nintzen txapelketetan lehiatzen, eta entrenamendu asko falta zitzaizkidala konturatu nintzen. Orain, entrenamenduetan jarri ahal izan dut arreta, eta fisikoki zein mentalki oso ondo nago».

Maiatzean Olinpiar Jokoen aurreko urtea hasiko da. Parisen egoteko sailkatze faseari ekingo dio. Beste lehiaketa mordoxka bati ere egin beharko dio aurre.«Gogorra» izango den arren, «ilusioz» dago: «Atseden hartzeko tarte gutxi izango dut. Hala ere, garai onean nagoela uste dut, eta hori aprobetxatu nahi dut». Parisen egotea ez da lan erraza izango. Munduko sailkapeneko hamasei onenen artean egon beharko du sailkatzeko. «Zailtasuna hainbestekoa denez, gogotsuago nago. Erronka handia da, eta horretarako gai ikusten dut neure burua».

Azurmendiren txikitako ametsetako bat da Olinpiar Jokoetan domina bat irabaztea. Oraindik «ametsa» dela dio, eta helburua dela munduko hamasei onenen artean sailkatzea: «Orain arte bezala entrenatzen jarraitzen badut, ez dut baztertzen bost urte barru helburua gertuago egotea».

Abuztuan izango du urteko beste lehiaketa garrantzitsuenetako bat. Donostiarra Danimarkako Munduko Txapelketan lehiatuko da, eta, oraindik asko falta den arren, «irrikaz» dago. Iaz, lesioa tarteko, ezin izan zuen Munduko Txapelketan lehiatu, eta duela bi urte 2021ean Huelvan (Espainia) jokatutakoan aho zapore gazi-gozoarekin gelditu zen. Horregatik atera nahi du arantza txapelketan: «Munduko Txapelketa abuztuan izateak motibatu egiten nau», adierazi du.

Sasoi gogorra dauka aurretik, eta, horri modu egokienean aurre egiteko, erabaki bat hartu du Azurmendik: bakarkakoan zentratuko da, eta ez da gehiago arituko bikoteka. Orain arte Beatriz Corralesekin aritzen zen. «Txikitatik bakarka aritu izan naiz, eta bikoteka jokatzea oso desberdina da taktikoki eta teknikoki. Apustu bat egin genuen, egun batzuetan bakarka entrenatuta eta besteetan binaka. Orain Olinpiar Jokoetan jarri nahi dut arreta, eta oso zaila da biak tartekatzea». Hala ere, donostiarrak nabarmendu du diziplina horrekin «asko» ikasi duela, eta zenbait gauza banaka jokatzekoan praktikan jartzen ahalegintzen dela.

Oinarria perfekzionatzen

Munduko jokalaririk onenen aurka lehiatzen denak nahi gabe ere hobetu egiten du. Azurmendik argi dauka onenekin jokatuta eta entrenatuta izan dela gai aurrerapausoak emateko. Haren hitzetan, beti izan du jokatzeko era «oso erasokorra», eta oso gaztetatik gustatu izan zaio jokoaren ekimena izatea. «Beti jokatu izan dut horrela, nahiz eta pixkanaka hobetuz eta perfekzionatuz joan naizen. Urteen poderioz pazientzia handiagoarekin jokatzen ikasi dut, eta badakit une oro ezin dudala erasokorra izan». Hala ere, ezin du bere jokora soilik mugatu, munduko jokalari onenak aurkariaren indarguneak gutxitzeko gai baitira. «Jokatzeko era bat izan arren, beste jokamolde batzuetara ere egokitu behar dugu beti. Lehen ez nuen hori ulertzen, eta nire jokoa egitea galarazten zidatenean, partidatik kanpo gelditzen nintzen», aitortu du.

Hurrengo hilabeteetan ikusiko da noraino heltzeko gai den. Bitartean, Madrilgo Goi Errendimendu zentroan entrenatuko da, ezustekoan iritsi zitzaion aukera pistan irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.