Herenegun amaitu zen Euskal Herriko Itzulia, eta Marlen Reusser (SD Worx) izan zen garailea. Ezusteko handia izan zen, Demi Vollering taldekidea eta Annemiek van Vleuten (Movistar) baitziren faborito nagusiak. Herenegun arte, Euskal Herriko Itzuliko etapa guztiak, iazkoak eta aurtengoak, irabazita zeuzkan Volleringek, eta sailkapen nagusian ia minutu baten aldea zeukan bere alde. Sasoi osoan erakutsi duen gaitasuna ikusita, inor gutxik esperoko zuen Vollering txapelik gabe ikustea, baina SD Worx taldearen estrategiak Reusserri eman zion garaipenaren aukera.
Itzuliaren ibilbidea aurkeztu zen egunean bertan argi gelditu zen Donostiako hirugarren etapan erabakiko zela sailkapen nagusia, hiru etapa gogor izan arren. Jaizkibel (7,9 kilometro %5,6an) eta Mendizorrotz (4,1 kilometro %7,3an) ez dira nolanahiko mendateak, eta egun txar batek edozein utzi zezakeen lehiatik kanpo. Murgilen Van Vleuten ahalegindu zen aurrera egiten, baina aise itsatsi zitzaion gurpilera Vollering. Movistarrekoak ez zuen biderik egitea lortu. Usurbilen Reusser izan zen eraso egin zuena. Bost ziklista zihoazen tropelaren aurretik, eta, etapa esprintean jokatuko zela zirudienean, Reusserrek lortu zuen beste laurak atzean uztea, eta bakarrik helmugaratu zen Donostian. Vollering taldekideakondo zaindu zituen gainerako taldeburuak. SD Worx taldeko liderra bertan egonda, markaketa zorrotza egin zieten elkarri lau txirrindulariek, eta Reusserrek bidea egiteko aukera izan zuen. Ziztu bizian joan zen helmugara, eta 2.38ra sartu zen atzeko laukotea.
Giroan ere, lider aldaketa
Itzulian bezala, Giroan ere maillot aldaketa izan da, baina behartuta, kasu honetan. Remco Evenepoelek (Quick-Step) igandeko erlojupekoa irabazi zuen, eta, garaipenarekin batera, maglia arrosa berreskuratu zuen. Baina gau horretan bertan lasterketa utzi behar zuela iragarri zuen, COVID-19an positibo eman ostean. Evenepoelek ahulezia zantzuak erakutsi zituen etapan, 35 kilometroko erlojuaren aurkako saioan. Bikain ekin zion, eta berehala aldea egiten hasi zen. Baina, kilometroek aurrera egin ahala, abantailak behera egin zuen gora egin beharrean. Geraint Thomas (Ineos) da orain liderra. Bi segundoren aldea ateratzen dio Primoz Roglici (Jumbo-Visma).
Ezustekoak izan dira
Reusserrek irabazi du Itzulia, Volleringen oniritziarekin. Evenepoelek Giroa utzi behar izan du, COVID-19an positibo eman ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu