Ezustekoak beste baterako

Nahi baino gehiago kostata, baina Athleticek aurrera egin du Kopan Sestaori 0-1 irabazita

Kepa Uriarte, Sestao Riverreko aurrelaria, eskuak aurpegian dituela, atzo, Las Llanasen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Munduko Koparen ostean ikusmina zegoen Lehenengo Mailako taldeak Espainiako Kopako kanporaketara zein gorputzalditan iritsiko ziren ikusteko. Ez zen Athleticen partida onena izan, baina erritmo falta nabaritu bazitzaion ere, 0-1 irabazi zion Sestao Riverri. 2.RFEF mailan dagoen taldeak oso partida gogorra proposatu zuen, eta gogotik egin behar izan zuen lan Athleticek Sestaoko taldea kanporatzeko. Lepo bete zen atzo gauean Las Llanas, eta euripean izan bazen ere, futbol festa ikusi zuten gerturatu ziren 4.500 zale inguruk.

Lehen minutuetan partida gorabeheratsua izan zen. Bi taldeak eraso azkarrak egiten saiatu ziren, eta aurkariaren ate ingurura hurbiltzea lortu zuten. Arrisku handiegirik gabe, ordea. Hala ere, presioaren bitartez baloi ugari lapurtu zituen Sestaok Athleticen zelaian, eta lehen gola egiteko ahaleginak egin zituen. 10.minutuan izan zuen lehen aukera etxeko taldeak. Kepa Uriarteren banakako jokaldia Aritz Huetek errematatu zuen, baina Julen Agirrezabalaren erantzuna bikaina izan zen.

Sestaok gora egin zuen lehen aukeraren ostean, eta zaleen bultzada aprobetxatuz golaren bila joan zen etxeko taldea. Zelai erdian konbinaketa azkarrak egitea lortu zuten Aitor Calleren jokalariek, baina behin area ingurura iristerakoan oso modu zuzenean jokatu zuten; erdiraketak eta area kanpotik egindako saiakerak.

Lehen hamabost minutu horietan gehiago izan zen Sestao, baina pixkanaka Athleticek baloiaren jabetza eskuratu zuen, eta lehen ordu laurdena igaro ostean, atzetik irten ezinda aritu zen Sestao. Hegaletatik eraman zuen erasoa Athleticek, Nico Williamsekin eta Gorka Guruzetarekin. 31. minutuan iritsi zen talde zuri-gorriaren lehen gola. Oier Zarragak erdiraketa bikaina egin zuen geldikako jokaldian, eta atzetik etorrita Raul Garciak bidali zuen baloia sareetara.

Falta horretan bertan min hartu zuen Guruzetak, eta 40. minutuan Iñaki Williamsengatik ordezkatu zuen Ernesto Valverdek. Bost minutu horietan ahalegindu zen Athletic bigarrena egiten, baina ez zuen lortu.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi zen. Sestao sendo zelairatu zen, eta gertu izan zuen gola 49. minutuan. Gorka Garaik area barruan jaso zuen baloia, eta atzera egin zuen pasea. Baloi horren esperoan zegoen Leandro Martinezek, ordea, kanpora bidali zuen baloia gutxigatik.

Berehala iritsi zen Athleticen erantzuna. Iñaki Williamsek abiadura baliatu zuen Sestaoko atzelariak atzean uzteko, eta jaurtiketa bortitza Ivan Crespok bidali zuen kornerrera.

Aldaketekin partida mugitzen ahalegindu zen Sestao, eta horrek kontraerasoan ateratzea ahalbidetu zion Athletici. Bi taldeek izan zituzten golak egiteko zenbait aukera, baina markagailua ez zen mugitu. 0-1 amaitu zen neurketa, eta Athletic datorren ostiralean Las Rozasen egingo den zozketan izango da.

Mallorca nagusi Galen

Real Unionek Mallorca hartu zuen etxean, Lehenengo Mailako taldea. Zuri-beltzak amesten jarraitzeko intentzioarekin zelairatu ziren zaleen aurrean, baina Javier Vasco Aguirreren taldea hasi eta buka nagusitu zen. Dani Rodriguezek egin zuen bisitarien gola. David Movillarenak ahalegindu ziren partida berdintzen, baina ez zen golik iritsi.

Bihar beste bost euskal talde arituko dira Espainiako Kopan: Reala, Osasuna, Eibar, Alaves eta Arenas.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.