Ezustekoa Zarautzen

Artola eta Albisu finalerako sailkatu dira Zarauzko torneoan, Altuna eta Zabaleta faboritoak garaituta. Albisu izan da partidako onena

Jokin Altuna burumakur, huts bat egin ondoren, atzo Zarautzen jokaturiko partidan. GORKA RUBIO / FOKU.
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Altuna III.a-Zabaleta 16 Artola-Albisu 22

Iraupena. 57 minutu.

Pilotakadak. 416 pilotakada

Saketik. Artolak bat eta falta bat. Altunak falta bat.

Markagailua. 1-0, 1-1, 1-2, 1-3, 2-3, 2-4, 2-5, 2-6, 2-7, 2-8, 3-8, 3-9, 4-9, 4-10, 5-10, 5-11, 5-12, 6-12, 7-12, 8-12, 9-12, 10-12, 10-13, 10-14, 11-14, 12-14, 12-15, 12-16, 13-16, 13-17, 13-18, 13-19, 14-19, 15-19, 15-20, 15-21, 16-21, 16-22.

Bestelakoak 700 ikusletik gora Aritzbatalde Zarauzko pilotalekuan. Apustuak100-40ri atera ziren Altuna III.a eta Zabaletaren alde.

Altuna III.a eta Zabaleta faborito argiak ziren atzoko partidan. Hasi aurretik ez zuen jende askok zalantzan jarri haiek izango zirelaZarauzko finalerako sailkatuko zirenak. Horren eredu, dirua argi atera zela Aspeko bikotearen alde: 100-40ri. Baina, beste behin, argi gelditu zen faborito izate hutsa ez dela nahikoa hogeita bira iristeko, Artolak eta Albisuk merezimendu osoz lortu baitzuten biharko finalerako aukera.

Atzeko koadroetako nagusitasunean egon zen partidaren gakoa. Albisuk eta Artolak estu hartu zuten Zabaleta, eta Altunak ezin izan zuen jokoan parte hartu. Partidako lehen tantoetan ez zen nagusitasun argirik nabaritu, baina ez zen asko itxaron behar izan partidaren noranzkoa zein izango zen jakiteko. Albisu agintzen hasi zen, eta Artolak aukera ugari izan zituen aurrean, baita baliatu ere.

Jokin Altunak ez zuen eguna izan. Nekearen ondorio izan liteke hau, freskotasunik gabe egon baitzen partida osoan. Amezketarrak hirugarren partida zuen azken hiru egunetan. Zabaletak, berriz, ez zuen lan txarra egin, baina Albisu pasatu ezinik ibili zen norgehiagoka osoan.

Hori izan zen partidaren joera hamabigarren tantoko atsedenaldira arte (5-12), baina handik itzultzean aldaketa egon zen. Artolak erasoan pilota batzuk galdu zituen hamarna tanto eta huts egin zituen alegiarrak, eta Altunak, aurrean izandako aukera batzuk baliatu zituen. Galtzaileek bost tanto jarraian egin zituzten, eta bi tantora gerturatu ziren birritan (10-12 eta 12-14).

Baina ez zuten berdintzerik lortu, eta partida lehengora itzuli zen: Albisu nagusi atzeko koadroetan eta Artola tantoak bukatzen. Hartutako aldea mantentzea lortu zuten Asegarcekoek (13-18 eta 15-20) eta estutasun handirik gabe iritsi ziren amaierara. Deigarria izan zen azken tantoa, Altunak saketik eginiko falta bat izan baitzen. Motz gelditu zen.

Partidako pilotaririk onena Jon Ander Albisu izan zen, eta oso gustura agertu zen partidaren ondoren: «Uste dut gaurkoa izan dela uda osoan jokatu dudan partidarik onena. Oso gustura sentitu naiz kantxan». Artolak ere kidearen lan handia goratu zuen. Zarauzko torneoa hirugarren aldiz irabazteko aukera izango du atzelariak, 2012an eta iaz lortu zituen beste garaipenak, Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.arekin, hurrenez hurren. Iñaki Artola, berriz, lehen aldiz izango da Zarauzko torneoko finalean.

Jotzaileen arteko lehia

Final gogorra izango dute Artola eta Albisuk iazko binakako txapeldunen aurka. Asteazkenean lortu zuten finalerako txartela Irribarria eta Rezustak, Azkoitian, Olaizola II.a-Imaz bikotea 13-22 mendean hartu ondoren. Bihar jokatuko da finala (17:00, ETB1). Kantxan indar handiko lau pilotari ikusteko aukera izango da, bi atzelari jotzaile eta bi aurrelari gazte eta boteretsu. Ez da elkar ikusiko duten aldi bakarra, hurrengo asteartean berriz ere neurtuko dituzte indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.