«Ezustekoa izan da»

Montse Puchek aitortu du ustekabean hartu duela Bera Berak kontratua ez berritzeko hartutako erabakia. Liga irabazita esan nahi du agur

Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Serio, burumakur, eta ondoan Bera Berako ordezkaririk ez zuela. Hala mintzatu zen atzo Montse Puche, Bidebieta kiroldegian, Bera Berak ez diola kontratua berrituko jakinarazi eta bi egun geroago. Ustekabeko erabakia izan da klubak hartutakoa. Batetik, taldeak eskura baitu bosgarrenez Espainiako Liga irabaztea. Bestetik, Puche Donostian daramatzan hiru sasoietan taldeak bost titulu eskuratu baititu: bitan Espainiako Liga eta Superkopa, eta behin Espainiako Kopa.

Erabakiak ezustean hartu du Puche bera. «Taldeak izan duen garapena kontuan hartuta, ustekabeko erabakia da, noski, eta gaizki pasatzen ari naiz horregatik. Arrazoiak? Erabakia hartu dutenei galdetu beharko diozue hori. Ez dut erabakia zalantzan jarriko. Ni oso lasai joango naiz. Oso gogorrak izan dira azkeneko hiru sasoiak, eta nik barruan daukadan guztia eman dut. Denboraldi bakoitza erronka bat izan da. Beste gauza bat da modurik onenean egin ote dudan lan».

Puchek joan den astean izan zuen erabakiaren berri, eta, azaldu duenez, berak eskatu zion klubari horren berri ematea komunikabideei, baita atzo agerraldia egitea ere. «Agur esan nahi dut Bidebietan azkeneko partida jokatu aurretik».

Adostasunik ez plangintzan

Onartu zuen desadostasunak izan dituela klubeko kirol arduradunekin datorren sasoirako plangintzan, eta «agian» horrek eragina izan duela. «Nire ekarpena egiten saiatu naiz, baina zaila izan da, lehiaketan bete-betean ibili garelako: ligan, kopan... ». Kopako kolpea aipatuta, aitortu zuen «huts» egin zuela, «unean uneko emaitzari bakarrik erreparatuta». Hala ere, ez du uste erabakiak emaitzekin zerikusia izan dezakeenik, ezta EHF kopan egindako lan apalarekin ere. «Hemen denok dakigu nortzuk garen. Europako lehiaketak ez du zehaztu behar Bera Beraren historia».

Puchek ligako azken bi partidak irabaztea besterik ez du buruan. Izan ere, Bera Berak Espainiako liga irabaz dezake bihar bertan. Donostiako taldea bosgarrenez izango da txapeldun Bidebietan Elx mendean hartu eta egun berean Mecalia Atletico Guardesek etxean Rincon Fertilidad Malagaren kontra galduz gero. Bestela, beste aukera bat izango du astebete geroago Barakaldon (Bizkaia), Hotel Gran Bilbao-Prosetecnisa Zuazoren aurkako partidan.

Puchek hilaren 26an zuzenduko du azken aldiz Donostiako taldea. Egun horretan amaituko da Puchen aroa Bera Beran. Hiru urte pasatxo iraun du, eta oparoa izan da. 109 partidatan aulkian eserita esango du agur. Estatistika bikainak lortu ditu: 107 partidatan zuzendu du Bera Bera, eta horietatik 89 irabazi ditu, jokatutakoen %83. Halere, hori ez da nahikoa izan Bera Beran jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.