Ezustekoa emateko prest

Igandean jokatuko du Ampo Ordiziak Ligako final-laurdenetako partida. VRAC Quesos Entrepinares izango du aurrean, fase erregularreko aurreneko sailkatua.

Ordiziako jokalariak, gorriz, eta Gernikakoak, berdez, ligako partida batean, Altamiran. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Iritsi da garai erabakigarria Ampo Ordiziarentzat. Ezohikoa izan da aurtengo sasoi erregularra Espainiako Ohorezko Mailan. Denboraldiaren erdian bi multzotan banatu zen liga: aurreneko sei sailkatuak lehen multzora, eta hurrengo zazpiak bigarren multzora. Ordiziarrek hasiera kaxkarra egin zuten, eta bigarren ligaxkan amaitu dute sasoia. Hala ere, bigarren postuan amaitu dute multzo horretan, eta ligako final-laurdenak jokatzeko sailkatu dira. Igandean jokatuko dute Valladoliden (Espainia), VRAC Quesos Entrepinares taldearen aurka (12:30). Ordiziarren prestatzaileak, Federico Gallok (Buenos Aires, 1987), «erronkari aurre egiteko prest» ikusten ditu bere jokalariak.

Sasoi irregularra izan du Ordiziak. Gaizki hasi zuten sasoia, lehenengo lau partidetatik bakarra irabazita, baina pixkanaka-pixkanaka lortu zuten bolada txarra atzean uztea. Hala ere, sasoi osoan aritu dira erregulartasunaren bila, baina ez dute nahi adinakoa lortu. «Irregularra izan da sasoia, baina ez guretzat bakarrik. Denontzat izan da ezohikoa ligaren antolaketa berriarengatik, eta VRAC eta Burgos soilik aritu dira erregular», adierazi du Gallok. Sasoia amaitu arte prestatzaileak ez du balorazio handirik egin nahi, baina «pozik» dago taldeak «eragozpenei aurre egiteko gaitasuna» erakutsi duelako, eta «taldea beste edozeren gainetik» jarri dutelako jokalariek: «Partida oso on batzuk jokatu ditugu, garai haietako helburuak betez; beste batzuetan, berriz, oso gaizki aritu gara. Hortaz, uste dut merezi dugun tokian gaudela. Balioa eman behar zaio final-laurdenetara sailkatzea lortzeari,baina orain hasiko da lehiaketa berria».

Horrekin pozik egonagatik ere, kritika egin dio ligaren antolaketa berriari. «Kirolariek, errugbian edo beste edozein kiroletan, lehiatu egin behar dute; partidak jokatu. Profesionalek edo amateurrek; berdin dit. Liga hau ez da sanoa, ez baitio jokalariari erritmoa hartzen uzten. Aldi oro partidak jokatu behar ditu talde batek, eta ez bi astean geldirik egon, hurrengo bietan jokatu, eta beste astebete jokatu gabe. Ez diet ondo aritu diren taldeei meriturik kendu nahi, haien lana bikain bete baitute, baina lehiaketa eredua aldatzea ez da inorentzat onuragarria izan».

«Aurkari sendoa» aurrean

Ligako kanporaketak jokatzeko lehen aurkaria ez da nolanahikoa. VRAC Quesos Entrepinares lehen postuan sailkatu da liga erregularrean, eta Espainiako Kopa irabazi berri dute hil honetan. Prestatzaile argentinarrak loreak baino ez ditu izan Diego Merinok zuzentzen duen taldearentzat: «Aurkari klasiko bat da horrelako kanporaketetan. Oso jokalari onak fitxatu dituzte aurten, eta horrek koska bat gorago aritzeko modua eman die. Iazko sasoiaren ostean talde indartsua izatea lortu du berriro ere, eta ideiak oso argi ditu. Argi dauka zer egin nahi duen, baita zer egin behar duen aurkari bakoitzari min egiteko. Ezagutzen dugun VRAC bat ikusiko dugu, eta horrek esan nahi du zintzoak direla haien jokatzeko erarekin».

Otsailean elkarren aurka aritu ziren bi taldeak liga erregularreko partida batean, eta 10-35 nagusitu ziren espainiarrak Altamiran. Gallok, baina, bestelako partida bat espero du oraingoan: «Borroka fisikoa erabakigarria izango da. Nor iristen den hobeto lehen zatiko azken hogei minutuetara, eta nork abiatzen duen hobeto bigarren zatia. Hor egongo da gakoa. Ligako partidan baino hobeto aritu nahi dugu. Partida hartan zenbait jokalari garrantzitsu falta izan genituen, eta hilabete txar bat izan zen. Jokatutako lau partidetatik bakarra irabazi genuen, sailkapeneko azkenaren aurka, eta VRAC bikain aritu zen. Lehen hogei minutuetan oso erraz hautsi zen partida haien alde, eta maldan gora aritu ginen geroztik. Hala ere, astebururako ikasteko balio digu partida horrek; beti esan ohi dudan moduan, 80 minutuan edozer gauza gerta liteke».

Olatu gainean helduko dira final-laurdenetako partidara VRACeko jokalariak. Hilabete honetan irabazi dute Espainiako Kopa. 2017-2018 denboraldiaz geroztik garaikur hori eskuratu gabe zegoen Valladolideko taldea, eta indarberrituta iritsiko dira Ordiziaren aurkako lehiarako. Gallok argi dauka «konfiantzaz» iritsiko direla, baina ez du uste «gehiegizko» konfiantza izango dutenik: «VRAC oso talde serioa da, eta esperientzia handia daukaten jokalariak daude taldean. Haiek errespetu handia diote Ordiziari, eta hori oso garrantzitsua da horrelako partida batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.