Bigarren Mailako iazko txapeldunak Lehen Mailakoari irabazi dio gaur Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Amurriokoak Buruz Buruko Txapelketan eman duen bigarren ezustekoa da, lehen kanporaketan ere kalean utzi baitzuen Joseba Ezkurdia. Altunari gauzak zaildu dizkio galdu izanak: hurrengo bi partidak irabazteak ere ez dio bermatzen postu bat finalerdietan.
Amezketakoak, gainera, zoragarri ekin dio lehiari: lehen tantoan huts egin du, baina aise egin ditu hurrengo bostak. Eroso zebilela zirudien. Larrazabalek, ordea, berehala erakutsi du borroka egiteko asmoa zuela, eta, hura sakez min egiten hasi denean, sufritzen hasi da Altuna. Neurketaren atsedenaldira ia parean heldu dira (11-10).
Ikusi gehiago
Orduan hasi da Larrazabalen erakustaldia. Bost tanto egin ditu erreskadan, eta, Altunak pare bat tanto on egin dituen arren, Amurriokoa geldiezin aritu da. Amezketakoak ez du topatu joera iraultzeko modurik. Amaieran beste hiru tanto egin dizkio sakez, eta horrela amaitu da ikuskizuna.
Datorren astean Dariori irabazten badio, duela bi aste ameskeria ziruditen finalerdiak errealitate bilakatu daitezke Larrazabalentzat. Inork ez dezala, ordea, Altuna hiltzat eman: iaz ere galdu egin zuen ligaxkako lehen partida, eta txapela buruan zuela amaitu zuen.