Ezusteko hasiera eduki dute

Txuri-Urdin izotz hockeyko emakumezkoen taldeak ligako orain arteko lau partidak irabazi ditu. Irene Senac entrenatzaileak dio aurreko sasoi «gogorra» oraingoaren «hazia» izan dela.

Txuri-Urdineko jokalariak, Irene Senac entrenatzailearen aginduak jasotzen. TXURI-URDIN.
ainara arratibel gascon
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Duela bi denboraldi Liga eta Espainiako Kopa irabazi ostean, aurreko sasoia gurutze bidea izan zen Txuri-Urdin izotz hockeyko emakumezkoen taldearentzat. Partida bakarra irabazi zuten. Sasoi honetan, ordea, beltzetik zurira igaro dira. Egoera irauli, eta orain arte jokatu dituzten ligako lau partidak irabazi dituzte.24 gol sartu dituzte, eta hiru baino ez dizkiete sartu. «Oso pozik» dago horregatik Irene Senac entrenatzailea, eta sasoi batetik bestera izandako bilakaeraren gakoak aletu ditu. «Helburu zehatzetatik harago, arreta disfrutatzean jarri dugu, bai entrenamenduetan, baita partidetan ere. Helburuak jartzeak antsietatea eragiten zigun lehiatzerakoan. Horrekin batera, erasoko jokoan aurrerapauso bat eman dugu. Gainera, hainbat jokalari garrantzitsu berreskuratu ditugu, eta gazteek pausoa eman dute».

Senac denboraldiaurrean jada jabetu zen taldeak zuen mailaz. «Lehen entrenamenduak beti dira kaotiko samarrak, jokalariek neurria hartuz joan behar baitute fisikoki eta teknikoki. Baina lehen lan saioetatikjokaldi eta pase oso onak ikusi nituen, oso komunikazio ona zuten jokalariek izotzean, eta, batez ere, bizia zegoen aldagelan. Aurreko denboraldia trantsizio urte bat izan zen, bizirauteko urte bat».Hori ikusi arren, onartu du ez zutela espero hasiera horren ona izatea. «Hemen nagoenetik, bai jokalari eta bai teknikari gisa, ez dut hain sasoi hasiera onik ikusi».

Argi du zein den helburua orain: «Segida eman nahi diogu, kanporaketetan sartzeko edota titulu bat irabazteko, ez baita nahikoa hilabete edo partidajakin batzuetan gauzak ondo egitea, baizik eta denboraldi osoan». Posible dela uste du. «Nik asko hitz egiten dut jokalariekin, eta argi esan diet denboraldi hasiera honetan langa oso goian jarri dutela, eta ziur nagoela hortik gora joan gaitezkeela. Izan ere, langa non jarri duten ikusita, nik gehiago eskatuko diet. Erakutsi baitidate gai direla horretarako. Amesten eta uste duten baino gorago irits daitezke». Langa non jarri duten adierazle, iragan asteburuan 8-1 irabazi zioten Milenio Panthers taldeari, eta orain arte jokatu duten partidarik«pattalena» izan zen, Senacen arabera. «Egia da gol ikusgarriak sartu genituela. Baina bai ni eta bai jokalariak gutxien asebete gintuen norgehiagoka izan zen. Oro har defentsan ordenatuago egotea falta izan zitzaigun, eta biziago jokatzea. Aurkariaren jokoaren erritmoak kutsatu gintuen. Baina ikasgai bat ere izan da, eta hori hartuko dut kontuan».

Orain arte jokatu dituzten neurketen artean, Majadahondaren aurkakoa nabarmenduko luke. 1-2 irabazi zuten. «Gure aurkari zuzena da aspalditik; taldea asko indartu du, eta gu oso jokalari gutxirekin aritu ginen: 11rekin, atezaina barne. Taldeak partida bikaina jokatu zuen, fisikoki ahalmen handia erakutsiz».

Aurreko denboraldia «oso gogorra» izan zela onartu du, baina aurtengoaren «hazia» izan zela. «Sarri esan ohi da porrotetatik ikasi egiten dela, eta horretatik asko izan genuen. Jokalariek psikologikoki neke handia izan zuten, eta, hori dela eta, denboraldi honi begirako multzoa osatzeko bileretan, jokalari oso garrantzitsu batek baino gehiagok esan zidaten uztea pentsatzen ari zirela. Jokalari bakoitzaren lekuan jarri, ulertu, eta orduko elkarrizketei esker oreka bat lortu dugu. Zaila da ikasi edo lan egin eta 22:00etatik 00:00etara entrenatzea».

Hainbat jokalari, bueltan

Garrantzitsua izan da Eva Aizpuruaren eta Haizea Fernandezen itzulera ere: «Biak AEBetan egon ziren aurreko sasoian, ikasten eta hockeyan jokatzen. Kalitatea eta eskarmentua izateaz gain, giro oso ona ekarri dute taldera; baita Stella Scotte ere». Askoren ustez, fitxaketa horiei esker dago berriz goian Txuri-Urdin. «Maila handia dute, baina hiru jokalarirekin bakarrik ez da irabazten». Duela bi denboraldi, liga eta Espainiako Kopa irabazi zituzten. Posible da hori berriz lortzea? Senacek berehala erantzun du: «Tituluekin amets egitea libre da. Baina nik nahiago dut amets egin ilusioz, lanez eta pozez betetako denboraldi batekin».

Norgehiagokaz norgehiagoka joan nahi dute. Larunbatean Huarteren aurka jokatuko dute, Donostian. «Milenionen aurka jokatu aurretik sentitzen ginen bezala sentitzea nahi nuke. Taldea lotuegi ikusi nuen azken partidan». Nafarrak bigarren daude sailkapenean. «Oso partida bizia izango da. Huartek oso jokalari onak ditu.Defentsan hobeto aritu beharko dugu». Galduz gero, hala ere, ez da porrota izango. «Jokalariei beti esaten diet ez didala emaitzak inporta, baizik eta prozesuak, eta haiek gozatzeak. Entrenamendu bakoitzaren ostean, beti galdetzen diet ea disfrutatu duten. Gustatzen zait haiek zer landu nahi duten jakitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.