Ezusteko garailea

Sergio Trigok irabazi du Euskadiko Xake Txapelketa. Iñigo Argondaña izan da bigarren, eta Gabriel del Rio hirugarren. Oso txapelketa gogorra izan da, eta Trigok nabarmendu du ez zuela espero irabaztea.

Sergio Trigo. DAVID LLADA
Sergio Trigo xake jokalaria. DAVID LLADA
Josu Tornay.
2024ko apirilaren 10a
05:05
Entzun

«Txapelketako partida bakoitza azkena izango balitz bezala jokatu nuen, eta hori funtsezkoa izan zen irabazteko». Sergio Trigoren adierazpenak dira, Euskadiko xake txapeldun berriarenak. Igandean jantzi zuen txapela, Legazpin (Gipuzkoa). Portugaleten (Bizkaia) jaioa da Trigo, FIDE maisua, eta ondorengoa erantsi zuen: «Ondo hastea garrantzitsua da, gero egoerari buelta eman beharrean ez ibiltzeko. Esan daiteke zoria alde izan nuela lehen partidan». Manex Regillaga gaztearen aurka galtzear egon zen Trigo, baina Regillagak huts larri bat egin zuen, eta horri esker lortu zuen Trigok irabaztea. «Hortik aurrera zeure buruarenganako konfiantza handituz doa, eta hori funtsezkoa da horrelako torneo batean».

Sailkatutako 24 jokalariak bikain aritu ziren. Torneoa hasi aurretik ez zegoen faborito argirik. «Torneoa benetan gogorra izan da. Gogoratzen dudan gogorrena. Ez zen erraza aurreikuspenak egitea. Gainera, txapelketa jokatu baino astebete lehenago torneo ireki bat jokatu nuen Alacanten, eta ez nintzen oso ondo aritu. Beraz, ez nuen neure burua faborito moduan ikusten».

Baina lehen txandan estu ibili ostean, irabazi egin zituen hurrengo hiru partidak. Besteak beste, iazko txapeldunari gailendu zitzaion, Iñigo Argandoñari. Hala, txapelketa bukatzeko hiru partida soilik falta zirenean, lider jarri zen, lau punturekin. Mikel Huregak, Iñigo Argandoñak, Paul Veltenek eta Juan Ruizek baino puntu bat gehiago zeukan. «Abantaila horrekin ere, ez nuen uste txapeldun izango nintzenik. Banekien Huerga aurretik izango nuela, eta ziurrenik baita Velten ere. Argi nuen batak edo besteak irabazi egingo zidatela».

Azkenean, Huergaren aurka galdu egin zuen, partida bizia jokatuta. Onartu du huts gehiegi egin zituela. «Ondoren, gainera, Velten kontra jokatu behar nuen. Partida hura defentsari esker irabazi nuen», dio Trigok, Baionako maisu handiaren kontrako partida erabakigarriaz mintzatzean. «Hark Da1 jokatu zuenean, nik banekien, behintzat, ez nengoela hura baino okerrago. Minutu bat besterik ez neukan, eta, erasoan, arreta osoa haren g6 puntuan jartzea erabaki nuen». Azken txandara lider heldu zen Trigo, eta Gabriel del Rio maisu handiaren kontra neurtu zituen indarrak. Klub berean jokatzen dute. «Gabrielen kontra jokatzeak patxada eman zidan azken txandarako, beste jokalari batzuekin alderatuz tankera lasaiagoa duelako. Gainera, berdintzearekin nahikoa nuen».

Torneoan «denbora gutxi» izan zuen beste jokalarien partidak ikusteko. «Partidak prestatzen eta jokatzen ibili gara bost egunez». Hala eta guztiz ere, torneoko beste jokalarien artean Juan Ruiz oñatiarraren jokatzeko era eta etorkizuna azpimarratu ditu. «Ruizen emaitzek eta jokatzeko erak ez naute harritu. Gaztetik ezagutzen dut, eta oso jokalari gogorra da. FIDEren elo zerrendan duen postua bere benetako mailaren oso azpitik dago oraindik. Oso langilea da, eta ziur nago hemendik gutxira FIDE maisuaren titulua lortuko duela».

Trigok Legazpiko Santikutz xake elkartearen lana ere goraipatu du: «Torneoa goi mailakoa izan da, eta oso ondo antolatu dute. Horretan zerikusi handia izan du Alberto Vesgak. Antolatzaileek ahalegin handia egin dute, berriro goi mailako Euskadiko Txapelketa bat antolatzeko». Trigoren ustez, berri oso ona da hori. «Gazteek aukera izan dute halako txapelketa on batean esperientzia hartzeko. Euskal Herriko xakearen irudirako eta parte hartu ez duten jokalariak motibatzeko ere oso ona izan da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.