SOSLAIA. Eli Pinedo

Ezusteko agurra

Julen Etxeberria.
2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
«Ez dut izan inolako tentaziorik eskubaloia uzteko. Oraindik gogoa dut jarraitzeko, eta, fisikoki, ondo ikusten dut neure burua». Horixe aitortu zion Eli Pinedok (Amurrio, Araba, 1981) BERRIAri maiatz bukaeran. Hiru hilabete eskas geroago, ordea, iritzia aldatu du, erretiroa hartzea erabaki baitu. Espainiako selekzioarekin Rioko Olinpiar Jokoetan azken unean dominen lehiatik kanpo geratu izanak ziurrenik izango zuen eraginik. Argi dagoena da Eli Pinedok bazter batean utziko duela baloi txikia, 35 urterekin, hamazazpi urtez maila gorenean aritu ondoren.

Eli Pinedoren erretiroarekin, euskal eskubaloiak azken hamarkada luzeko jokalari onenetako bi galdu ditu denbora gutxian. Izan ere, aurreko sasoiaren amaieran, Eli Pinedok urte askoan Bera Beran taldekide eta lagun izandako Matxalen Ziarsolok ere erretiroa hartzea erabaki zuen. Ermuarrak bezala, amurrioarrak ere ibilbide paregabea osatuta esan du agur. Makina bat titulu irabazi ditu 1999an Bera Berarekin debuta egin zuenetik: taldeen arteko lehiaketan, Espainiako sei liga irabazi ditu —bi Itxakorekin eta lau Bera Berarekin—, lau kopa —bat Itxakorekin eta hiru Bera Berarekin—, bost superkopa —bat Itxakorekin eta lau Bera Berarekin— eta EHF kopa bat —Itxakorekin—; Espainiako selekzioarekin, berriz, bitan izan da Europako txapeldunorde, eta brontzezko domina eskuratu du 2011ko Brasilgo Munduko Txapelketan eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan.

Eli Pinedok hurrengo egunetan emango du bere erabakiaren arrazoien berri. Argi dagoena da nolabait baloi txikiari lotuta jarraituko duela, Bea Fernandez taldekide ohiak eta berak London717 arropa denda sortu berri baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.