Ezusteari ez dio zirrikiturik utzi

Hondarribiak irabazi du Gipuzkoako Txapelketa, hirugarren urtez jarraian, San Juan eta Zumaiaren aurretik

Hondarribiko patroia eta arraunlariak, banderarekin, ontzi batean, Gipuzkoako Txapelketa irabazi berritan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Hondarribiak bere-berea du Gipuzkoako Txapelketa, eta atzo erakutsi zuen hori beste behin. Donostian jokatu zen estropadan nagusi izan zen, eta hirugarrenez jarraian lortu du herrialdeko traineruen arteko txapelketa. San Juan izan zen bigarren, eta Zumaia hirugarren.

Ezusteak lekua izango ote zuen, hor zegoen zalantza. Ez da ohikoa izaten San Miguel ligakoa ez den traineru batek txapelketa hau irabaztea. Baina aurten, Orio dago liga nagusitik kanpo, egundoko taldea dauka, eta hautagaia zen irabazteko. Gainera, direnak eta ez direnak egin ditu klubak araudia sakon aztertu, eta azken urteetako joera aldatzeko: txanden hurrenkera zozketa bidez erabakitzea lortu zuen Oriok, San Miguel ligako ontzien atzetik egin nahi zuelako arraun.

Zorteak eman zion hainbeste desiratzen zuen aukera, azkeneko txanda izan zelako oriotarrena, eta aurrenekoa liga gorenekoena. Gero, ordea, uretan, bakoitza bere lekuan geratu zen; hau da, San Miguel ligako lau ontziak lau aurreneko postuetan, eta horien atzetik, Orio.

Ikusgarria izan zen lehen txanda. Itsasoa mugitua zebilen, haizea tarteko, eta olatuak ere baziren. Narras zegoen arraun egiteko. Baldintza horietan jakina da zein moldatzen den ondoen. Bai, atzo herrialdeko txapelketa hirugarrenez irabazi zuen ontzi berdea: Hondarribiko Ama Guadalupekoa. Lehen kalea egokitu zitzaion, Zumaiari bigarrena, San Pedrori hirugarrena, eta San Juani laugarrena. Brankaz, ez zen asko arriskatzeko eguna. Ezin erritmoa asko bizitu, ontzia boteak ematen jarri eta ura gehiegi hartzeko beldurrez. Hala ere, Santa Klara uhartetik aurrera, Hondarribia jarri zen buruan, eta hor segitu zuen lan zaila osotasunean amaitu arte.

Poparean, olatuen alde, dotore moldatzen da atzoko garailea, eta akaso, atzo ez bazuen ere lan biribilik osatu, beste hiru txandakideei atzean eusteko nahikoa izan zuen. Lehia hori, atzeko hirurena, bitan banatu zen: brankaz joan zirenean ezaugarri batzuk izan zituen, eta poparean, beste batzuk. San Juanen lana berdintsua izan zen joaten eta etortzen. Ondo aritu zen, eta bigarren postua altxor ederra da. San Pedro eta Zumaia ibili ziren txakurra eta katua balira bezala. Kanporanzko luzeetan, moreak nagusi. Baina barruranzkoan, gorriak. Kanpoko balizetan buelta em0an eta aurreneko minutuetan, lan txarrak izan zituzten patroiek. Ia ontzi denak okertu ziren noizbait. Zumaiak izan zuen halako gorabeherarik, eta ematen zuen San Pedro ez zuela gaindituko. Baina azken metro luzeetan, ikusgarri etorri zen Telmo Deun, eta ezustea eman zuen, txanda joan zen bezala joanda, hirugarren egitea ezustea delako. San Pedrori pusketa atera zion azkenean.

Txanda nagusiaren ondoren jokatu ziren beste biak. Azkenekoan zihoan Orio. Begi guztiak berari begira ziren, gai izango ote zen edo ez Hondarribia gainditzeko. Espero zen bezala, berehala hartu zuen estropadaren burua. Zarautz, Donostiarra eta Getaria ez ziren aurkariak berarentzat, KAE 1 ligan erakusten ari den bezala. Aise menderatu zituen. Baina ezin Hondarribiarekin, San Juanekin, Zumaiarekin eta San Pedrorekin. Bigarren ziabogan, hondarribiarren denborara ez zen gerturatu: hamabi segundo txarrago. Ez zen seinale ona. Azkenean, hogeita lau atera zizkion garaileak. Lehen txandako laugarrenak ere, San Pedrok, gainditu egin zuen. Horrenbestez, Euskadiko Txapelketan atzoko lehen laurak ariko dira: Hondarribia, San Juan, Zumaia eta San Pedro. Uztailaren 31n da, Orion.

San Juan, emakumezkoetan

Ez zen izan Hondarribia eguneko txapeldun bakarra. Aurretik, emakumezkoen txapelketa egon zen jokoan, eta San Juanek irabazi zuen, Zumaiari eta Getaria-Tolosari aurrea hartuz. Ziaboga bakarrera jokatu zen, eta buelta hartzen ere arrosak izan ziren aurrenekoak. Lehen txapela dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.