Ezustean, softboleko onentsuenekin lehian

Italiako Kopa irabazita amaitu du denboraldia Uxua Modrego softbol jokalariak. Han jarraitu nahi duela azaldu du, ASD Soronnon ahal bada. Han segituz gero, Txapeldunen Liga jokatuko du.

Uxua Modrego softbol jokalaria, eskularruarekin eta Italiako Kopa irabazi eta gero eman zioten dominarekin. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxua Modrego softbol jokalaria, eskularruarekin eta Italiako Kopa irabazi eta gero eman zioten dominarekin. IÑIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2024ko azaroaren 19a
05:05
Entzun

Softbola ez da oso kirol ezaguna Euskal Herrian. Ezagunagoa da haren ahaide handia: beisbola. Dena den, gutxi dira kirol horiek praktikatzen dituztenak. Hemen ez, baina munduko beste txoko batzuetan kirol horiek errotuta daude, eta izan badira horietan aritzen direnak, eta ederki, gainera. Horietako bat da Uxua Modrego (Burlata, Nafarroa, 2001). Bost urtez aritu da softbolean jokatzen Ameriketako Estatu Batuetan. Unibertsitatean Biokimika ikasten zuen bitartean jokatu du. Amaitu berri den denboraldian, Italiako ASD Soronno taldean ibili da. Azaldu duenez, haren urterik onena izan da, Italiako Kopa irabazi baitute. Orain, kontraturik gabe dago, 2025eko martxoaren amaieran baita hastekoa hurrengo denboraldia. Baina Europako liga onenetan aritu nahi du, ametsak betetzen jarraitzeko.

Nahiko ezustean iritsi zen Italiara. Lagun bat bisitatzera joana zen, hura ere softboleko jokalaria, eta lagunak Modregori buruz hitz egin zion ASD Soronnoko presidenteari. Aste batzuez bertan entrenatu zen, eta haiekin jokatzeko eskaini zioten. Horrela egin du lehen denboraldia Italian. Espainiako ligarekin alderatuta, Modregok azaldu du Italian «maila handiagoa» dagoela, Europako liga onenetako bat dela. Denboraldi historikoa izan da amaitu berri dena, bai ASD Soronno taldearentzat, bai Modregorentzat. Izan ere, Italiako Kopa irabazteaz gain, bigarren amaitu dute ligan, eta Europako Kopan ere, kontinenteko bigarren txapelketa nagusian, bigarren izan ziren.

Modregoren ustez, Italian maila hobea dago inbertsioa ere handiagoa delako. Europan, oro har, jarraipen gutxiko kirola da, baina Modregok bizimodua ateratzeko adina eskuratzen zuen, eta softbolean bete-betean aritzeko aukera zuen: taldeak bizilekua jartzen zion, eta, horrez gain, «soldatatxo bat» ere ematen zioten bere gauzak ordaindu ahal izateko. Azaldu duenez, horrek kanpoko jokalari asko erakarri ditu, maila handituz: «Partida batean, kubatar batek bota diezazuke pilota, hurrengoan estatubatuar batek, ondoren australiar batek. Herrialde horietan softbola garatua dago, eta hori guretzat desafio bat da: hobetzea eragiten dizu».

Urrian amaitu zuen denboraldia, eta martxoan hastekoa den denboraldian Italian jarraitzea da Modregoren asmoa: «Ez dut garbi zer taldetan arituko naizen, oraindik ez baitugu asko hitz egin». Kontatu du kontratuak denboraldi batekoak izan ohi direla, eta udazkenean eta neguan egiten dira mugimenduak. Ligak duen mailak erakartzen du gehien: «AEBetan eta Italian oso ondo aritu naiz, eta asko gustatu zait Italiako formatua eta lehiakortasuna». Espainiako Selekzioan jokalari garrantzitsuenetako bat ere bada, eta uste du txapelketa handietan aritzeak lagundu egiten diola nazioartean ere ondo aritzen.

Burlatan entrenatzen

Datorren denboraldirako taldea aurkitu bitartean, Burlatan (Nafarroa) ari da entrenatzen Modrego, Arga Softbol taldean. Helburu handiak ditu, eta sasoia mantendu nahi du martxoan denboraldia bikain hasteko. Euskal Herrian orokorrean gora egiten ari da softbola. Gero eta talde gehiago daude, eta gaur egun Espainiako Ohorezko Mailan zazpi talde ari dira: hiru emakumeen ligan —Irabia/Izaga, Arga eta OBB Bizkorrak—eta lau gizonenean —San Inazio, Beisbol Navarra, Toros Pamplona eta Irabia/Izaga—.

«Softbol liga indartsuenak AEBetakoa eta Japoniako dira, baina Kanadakoa eta Mexikokoa ere erreferente dira»

UXUA MODRAGOSoftbol jokalaria

Hala berretsi du ere Modregok Euskal Herrira itzultzean: «Azken urte hauetan, esku hartu duten pertsonen lanagatik batez ere, Nafarroan bi softbol talde ateratzea lortu da, eta gutxinaka ohorezko mailara igotzea lortu dute». Modregok Orion (Gipuzkoa) jokatu zuen AEBetara joan aurretik, Nafarroan talderik ez zelako, eta aurten Orioko taldeak, OBB Bizkorrak taldeak, liga bigarren postuan amaitzea lortu du.

AEBetako esperientzia

Modregok uste du AEBak eta Japonia direla gaur egun softbol selekziorik onenak dituzten herrialdeak, baita liga onenetakoak ere. Haren ustez,  Japoniakoa da ligarik onena, baina garbi du AEBetako unibertsitate mailako kirol txapelketak, kirol guztietan, eredu direla. «Hala ere, AEBetako liga lau taldek osatzen dute soilik, eta oso zaila da sartzea. Kanadako eta Mexikoko ligak ere kalitate handikoak dira, eta erreferentzia bihurtzen ari dira».

AEBetan, hiru urtez jokatu zuen Texasen, eta bi Delaweren, Biokimika ikasketak egin bitartean. Askotan gertatzen da hori AEBetan: unibertsitateetako kirol taldeak oso onak dira, eta jarraitzaile asko dituzte; ikasketak hain garestiak direnez, ikasketak ordaintzearen truke jokatzen dute talde horietan. Halaxe aritu da burlatarra AEBetan, bost urtez, eta harritu egin zuen kirol mailak: «Ez soilik kalitateagatik, baita kantitateagatik ere. Unibertsitate kirolean ia egunero entrenatzen zara; azken batean, lan baten modukoa da, ikasketak ordaintzen baitizkizute. Jokatzeko bizi zara ia, eta partida mordoa jokatzen dituzu». Argi dauka horrek hobetzen lagundu diola: «Potentzial handiarekin joan nintzen, eta han gai izan naiz teknikoki hobetzeko, baita fisikoki ere. Talde barruan ere lehia handia zen: bederatzik jokatu arren, 30 jokalari baikinen. Horrek, ezinbestean, behartu egiten zaitu postu bat lortzeko jo eta ke aritzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.