Ezustean harrapatu dituzte berriz

Elisa Balsamok irabazi du urrezko domina errepideko proban Flandriako Munduko Txapelketan. Ane Santesteban 39. izan da

Elisa Balsamo italiarra, urrezko dominarekin. JULIEN WARNAND / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Emakumezkoen txirrindularitzan Herbehereak da herrialderik indartsuena. Marianne Vosek, Anna van der Breggenek eta Annemiek Van Vleutenek urteak daramatzate UCIko egutegiko proba nagusiak menderatzen beren taldeekin. Selekzioarekin batzen zirenean are agerikoagoa zen haien nagusitasuna. Baina Tokioko Olinpiar Jokoetan, errepideko proban, ihes egin zien urrezko dominak. Anna Kiesenhofer austriarrak ezustean irabazi zuen. Atzo, Flandriako Munduko Txapelketan, antzeko zerbait gertatu zitzaien. Elisa Balsamo italiarrak irabazi zuen. Zilarra Vosentzat izan zen, eta brontzea Kasia Niewiadomarentzat (Polonia). Hiru euskal txirrindulari aritu ziren lehian. 39. izan zen Ane Santesteban, 56. Eider Merino eta 78. Lourdes Oiarbide.

Erritmo handiko lasterketa izan zen. Zale ugari bildu zen errepide bazterrean, eta aspaldiko partez txirrindulariek haien berotasuna jaso ahal izan zuten. Helmugan Balsamok eta Vosek negarrez amaitu zuten. Baina arrazoi ezberdinengatik. Balsamok garaipenaren loria dastatu zuen; Vosek, berriz, ezin izan zuen laugarren urrezko domina eskuratu Munduko Txapelketa batean, eta arantza hori geratu zitzaion atzokoan. Gainera, Van der Breggen herrikideari eskaini nahi zion garaipena, erretiroa hartu baitu. Ez zen posible izan. Amorruaren malkoak ere izan ziren,Herbehereetako txirrindulariek lan oso ona egin baitzuten, baina ez zuten jakin biribiltzen.

Eraso ugari izan ziren lehen kilometroetatik. Selekzio ugarik oldarkor jardun zuten. Baina lasterketa helmugara iristeko 30 kilometro falta zirenean hasi zen benetan mugitzen. Aude Biannic frantziarrak aurrera jo zuen, eta ondoren Marlen Reusser suitzarrak eta Mavi Garcia kataluniarrak. Van Vleuten saiatu zen tropela atzean utzi, eta haiek harrapatzen. Baina faboritoetako bat izanda, beste selekzioak ez zioten utzi. Helmugarako 16 kilometro falta ziren, zirkuituari azken itzulia ematea falta zitzaien txirrindulariei, eta jada ihesean zeudenenen errenta oso txikia zen. 10 kilometro falta zirenean harrapatu zituzten. Multzoa batuta zegoen. Herbehereetako selekzioak kontrolpean zuen lasterketa. Baina Jokoetan ez bezala, oraingo honetan nahiago izan zuten erasokor aritu. Batez ere Ellen van Dijk izan zen gehien ahalegindu zena, baina baita ere Van Vleuten bera ere. Alferrik, ordea.

Sei kilometro baino ez ziren geratzen, eta bost txirrindulariz osatutako multzoak aurrera egin zuen. Baina haien saiakera ere kamutsa izan zen. Dena prest zegoen esprinterako. Bazirudien Vosek irabaziko zuela. Baina Balsamok aurrea hartu zion. Denbora berdinean sartu ziren helmugara, eta segundo batera esprintean sartu ziren beste txirrindulariak.

Junior mailako gizonezkoen errepideko proba ere atzo jokatu zen. Per Strand norvegiarrak kolkoratu zuen urrea, Romaine Gregoire frantziarrak zilarra eta Madis Mihkels estoniarrak brontzea.

Gaur, gizonen errepidekoa

Flandriako Munduko Txapelketak gaur amaituko dira, gizonezkoen errepideko probarekin. Hiru euskal herritar izango dira irteeran: Alex Aranburu, Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre. Aranburu da aukera gehien dituen aurrean sartzeko. Baina oso zaila izango du, bertan izango baitira, besteak beste, Primoz Roglic, Julian Alaphilipp, Wout van Aert, Tadej Pogacar eta Sonny Colbrelli.

Klasiko baten itxura du ibilbideak, hormaz eta harbidez jositako errepideetatik joatera behatuko ditu txirrindulariak. Guztira 268 kilometro izango dira egin beharko dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.