Futbola. Munduko Kopa Kanadan

Ezusteak, garesti

Bat datoz Iraia Iturregi, Nekane Diez eta Larraitz Lucas: Espainia kanpoan geratzea izan da ezuste bakarra ligaxkan. Alemania edo AEBak dira lehen bien apustua; Brasil, Lucasena.

Ezusteak, garesti.
Julen Etxeberria.
2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Kito. Amaitu da lehen ligaxka Kanadako Futbol Munduko Kopan. Txapelketari ekin zioten 24 selekzioetatik hamasei air dira lehian oraindik. Horiek ariko dira bihartik kanporaketetan.

Beste zortzi selekziok, ordea, amaitu dituzte lanak. Selekzio indartsurik ez dago horien artean, ezuste gutxi egon baita. Bakarra, Espainia ez sailkatu izana, baina ezin esan ezusteko galanta denik ere, lehen aldiz ari baitzen. Hain zuzen, eskarmentu falta hori garesti ordaindu du, baita eraginkortasun falta ere. Ez da gai izan irabazteko, eta puntu bakarrarekin, azkena izan da bere multzoan, Brasil, Hego Korea eta Costa Ricaren atzetik. Beraz, bukatu da bost euskal jokalarien egitekoa ere, Ainhoa Tirapu, Leire Landa, Irene Paredes, Eli Ibarra eta Erika Vazquezena. Euskal herritar bakarra geratzen da orain Munduko Kopan, Philippe Bergeroo entrenatzaile ziburutarra, Frantziako selekzioaren aulkian.

1. Zer iruditu zaizu Munduko Kopako lehen ligaxka?

2. Zein selekzio nabarmenduko zenuke ?

3. Harritu al zaitu jokalariren batek jardunak?

4. Egin zure apustua: zein izango da txapelduna?

IRAIA ITURREGI Athleticeko jokalaria

«AEBek eta Alemaniak final aurreratua jokatuko dute finalerdietan»

1. «Ezustekoak garesti egon dira lehen ligaxkan. Bakarra egon da, Espainia kanpoan geratzea».

2. «AEBak eta Alemania. Apenas izan duten gorabeherarik, eta argi geratu da oso ondo prestatu dutela Munduko Kopa hau».

3. «Ezingo nuke jokalari bakar bat nabarmendu. Zerrenda luzea dago. Munduko onenak ari dira».

4. «AEBek eta Alemaniak final aurreratua jokatuko dute finalerdietan. Dena dute txapeldun izateko: kalitatea eta eskarmentua».

NEKANE DIEZ Athleticeko jokalaria

«AEBak eta Alemania besteak baino koska bat gorago daude»

1. «Munduko Kopa hasi aurretik aurrera egingo duten selekzioak galdetuz gero, ziur sailkatu diren ia guztiak esango genituzkeela. Espainia da pronostikoak bete ez dituen bakarra. Hala ere, nire ustez, sailkatzeko merituak egin ditu, baina zorte txarra izan du, multzotik hasita; zaila zen».

2. «Hor ere ez da izan ezusteko handirik, eta, espero zen bezala, AEBak eta Alemania nabarmendu dira. Beste guztiak baino koska bat gorago aritu dira».

3. «Marta aurrelari brasildarra eta Wambach aurrelari estatubatuarra aipatuko nituzke. Aspaldi dabiltza oso maila bikainean, eta Kanadan ere hala aritu dira. Horiez gain, Natalia Gaitan atzelari kolonbiarra aipatuko nuke».

4. «AEBak edo Alemaniak irabaziko du Munduko Kopa. Ezusterik ezean, elkarren aurka ariko dira finalerdietan. Kanporaketa horretan aurrera egiten duenak irabaziko du Munduko Kopa. Ez naiz ausartzen baten edo bestearen alde apustu egitea».

LARRAITZ LUCAS Realeko jokalari ohia

«Gero eta maila handiagoa dago, eta gero eta jokalari on gehiago»

1. «Ezusteko gutxi izan da, eta sailkatu behar zirenak sailkatu dira. Espainia da Europako selekzioen artean aurrera egin ez duen bakarra. Aurreikuspen handiak zituzten, baina ez dituzte bete. Lehen partidan gertatutakoak min egin zien. Jokoari dagokionez, argi geratu da gero eta maila handiagoa dagoela. Hala ere, badira Munduko Kopa batean aritzeko maila ez duten selekzioak, baina banaketa dela-eta egon beharra dutenak. Ez da normala halako txapelketa bateko selekzio batek hamar gol jasotzea».

2. «Betikoak nabarmenduko nituzke: AEBak, Alemania, Brasil eta Japonia. Hego Koreakoen sasoiak ere harritu egin nau».

3. «Nadine Angerer atezain alemaniarra, Amy Wambach aurrelari estatubatuarra eta Marta aurrelari brasildarra. Irene Paredesek eta Leire Landak egindako lan ona nabarmenduko nuke ere».

4. «Ondo bidean, Alemania eta AEBak elkarren aurka ariko dira finalerdietan, eta beraz, bietako bat ez da iritsiko finalera. Halere, nire apustua Brasil da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.