Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Zumaia

Ezustea izan daiteke

San Miguel ligan jarraitzeko helburuarekin aterako da Zumaia, baina gorago ibiltzeko gai dela erakutsi du denboraldi-aurreanBerrikuntza nagusia entrenatzailea da: Xanti Zabaletak ordezkatu du Luxia

Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Zumaiaren helburua aurreko bost denboraldietako bera da, San Miguel ligan jarraitzea, baina gauza asko aldatu dira hilabete gutxian Arraun Elkartean. Zuzendaritza berria dute, nahiz eta Luis Mari Goikoetxea Goiko-k segitzen duen presidente lanetan, baina aldaketa esanguratsuena entrenatzailearena da: Xanti Zabaletak ordezkatu du Luis Mari Olasagasti Luxia, urte luzez lan bikaina egin duen entrenatzailea.

Lan egiteko beste modu bat ekarri du Zabaletak, eta, aldaketa ororekin bezala, honekin ere ilusioa piztu da arraunlariengan. Beste erabaki batek ere piztu du grina taldean: harrobiko arraunlariei eman zaie aukera. Iaz KAE 2 ligan sekulako maila eman zuen kuadrillari aukera eman zaio San Miguel ligan aritzeko, eta joan zen sasoian Zumaia B-n zeuden asko onenen artean lehiatuko dira aurten. Ederki baliatu dute aukera.

Iazko denboraldia gogorra izan zen zumaiarrentzat. Jaitsierako kanporaketan eutsi zioten mailari, sasoi osoan deseroso ibili eta gero. Emaitza horretan oinarrituz, eta iazko taldeko dozena erdi bat arraunlari titular falta direla kontuan hartuz, arraun munduak azkar bota zuen epaia: Zumaia izango da aurten jaisteko hautagai handienetakoa. Baina denboraldi-aurreko estropadetan ahoa bete hortz geratu da bat baino gehiago. Telmo Deun ibili egiten da, ia denek uste baino gehiago, eta iritzi ilunenak argitzen hasita daude: ezusteetako bat izan daitekeela zabaldu da orain.

Zabaleta jakitun da ondo ari direla, baina urte asko darama arraun munduan, eta ederki daki orain erakutsi behar dela neguan azaldutakoa: «Benetako estropadak orain datoz», esan ohi du. Hortxe ikusiko da zer den Zumaia, non dagoen, zer maila duen. Ilusioz gainezka ari direla ezin da ukatu, aurreko denboraldiak utzitako zapore txarra ontzea lortu dute neguan, eta lotsarik gabe aterako dira estropada guztietan. Konfiantza berreskuratu dute arraunlariek, eta ondo hasten badira, hazi egingo zaie indar hori. Kontrakoa gertatzen bada, ez da inor larrituko, ondo baitakite lehen helburua mailari eustea dela.

Itxaropena zabaldu da herriko arraunzaleen artean, baina zuhurtzia ez du inork galdu. Galdera honekin dabiltza borrokan: ondo ibilita ere, zenbat ontzi aurrera ditzakete gorriek, iazko emaitzak hobetze aldera? Orain artekoa berresten badu, ondo ibiliko da Zumaia, baina besteak ere asko ibiltzen direnez, horra zumaiarren kezka. Galdera horren erantzuna jakiten hasteko astebete besterik ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.