Garbiñe Etxeberria. Realeko kirol zuzendaria

«Ezustea izan da hain goian egotea, baina, eguneroko lana ikusita, merezitakoa»

Etxeberria «oso gustura» dago taldea egiten ari den denboraldiarekin. Sei jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta «gertu» ikusten du Txapeldunen Liga jokatzeko aukera.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Eguzkia egiten du Zubietan. Baloi hotsa entzuten da, hainbat talde entrenatzen ari baitira, tartean emakumezkoen lehen taldea. Kirol instalazioko kafetegiaren terrazan, patxadaz erantzun die galderei Garbiñe Etxeberriak, Realeko kirol zuzendariak (Hernani, Gipuzkoa, 1968).

Bartzelona ahalguztidunaren kontra jokatuko duzue gaur, Kopako final-laurdenetan. Liga irabaztetik dator, gainera. Nola heldu gaurko partidari?

Argi dago nahiago genuela beste aurkari bat. Txapeldun izan berri da, partida gehienak golen alde handiarekin irabazita. Gure lehietan ere hala izan zen. Baina Zubietan, adibidez, oso lehen zati ona egin genuen. Baina zaila da haien intentsitateari eta erritmoari eustea, eta sekulako pasada eman ziguten. Halako emaitzek amorrazioa ematen dute, eta egunak behar dira horri buelta emateko. Baina Kopako partida peto bat izatea gustatuko litzaiguke, edozer gerta baitaiteke kanporaketa batean. Partida guztian oso sartuta egon behar dugu, ondo eta intentsitatez lehiatu, eta gu geu izan. Hala, haiengandik gertuago egongo gara. Halako aurkarien kontra jokatzeak ikasketa prozesu bat izan behar du.

Kopan zer gerta ere, gustura egongo zara taldea egiten ari den denboraldiarekin, ezta?

Klubean oso gustura gaude taldearekin, emaitzekin, sailkapenean gauden lekuarekin, egiten duten joko motarekin, transmititzen dutenarekin... Zaleak ere gozatzen ari dira taldearekin.

Udan gertatutakoaren ondoren, espero al zenuen?

Hain ondo egotea, ez nuen espero. Banekien fitxatutako jokalariak onak zirela, eta geratu zirenek ere maila ona zutela. Baina sasoi osoa daramagu ligan bigarren izaten, eta hori oso zaila da. Egunero ikusten ditut lanean, eta, ezustea izan arren, merezitakoa dela iruditzen zait.

Non dago horren gakoa?

Faktore asko daude. Batetik, taldearen konexioa, gaztetasuna, sinesmena, hazteko gogoa... Bestetik, entrenatzaile multzoa egiten ari den lana. Eta, amaitzeko, hori guztia emaitza onei esker indartu egin dela. Denak lagundu digu.

Etorri diren jokalariek hainbesteko maila ematerik espero al zenuen?

Lan horretan ari garenok azterketa bat egina genuen, bagenekizkien taldeak zituen beharrak, eta jokalari horiek ekarri nahi izan genituen. Horien bila joan ginen. Gerora hain ondo arituko ziren jakitea zaila zen. Izan ere, ikusi egin behar da nola egokitzen diren taldera, hirira... Hemen beste testuinguru batean daude, eta beste errendimendu bat ematen ari dira. Manu [Vengas], Gaby [Garcia], Iris [Arnaiz]... Bigarren Mailara ez jaisteko borrokan zeuden, eta halako egoeratan funtsezkoena puntuak dira, eta jokalariak ez du lasaitasunik bere jokoa egiteko. Joko estiloa, gainera, hemen desberdina da.

Zeinek harritu zaitu gehien?

Ez nintzateke bat esatera ausartuko. Pena dut Clare Pleulerrek Gabonetan taldea utzi zuelako. Ez zen egokitu. Baina potentzial handia zuen. Allegra Poljak ere denboraldiaren zati handi bat min hartuta egon da, baina ziur nago asko emango digula.

Ikusi gehiago: Realak balentria egin nahiko du gaur Kopan

Pleulerren ordez, Synne Jensen fitxatu zenuten. Zer moduz ikusten duzu?

Pazientzia eta lasaitasuna izan behar da. Ondo ari da, eta azken bi partidetan aurrerapauso bat eman du. Baina egindako talde batera iritsi da, oso joera onean dagoena, eta hor sartzea zaila da. Baina oso jokalari ona da: korrika egiteko duen erraztasuna, baloi jabetza izateko duen konfiantza...

Hemen zeudenek ere aurrerapauso bat eman dutela nabaritu duzue?

Agerikoa da. Goi mailako kirolean, egin duzunarekin ezin zara bizi. Taldekide berriak iritsi dira, eta horrek indartu du hobekuntzarako gogo edo grina hori.

Denboraldi hasieran esaten zen, hala ere, taldea motzegia zela. Zer iritzi diozu horri?

Aukeraketa bat izaten zen hori, eta gure hautua izan zen talde motza izatea. Izan ere, bigarren taldea atzean dago, eta, hala, bultzatu egin dugu haiengana jotzea. Oso pozik gaude haien lanarekin.

Natalia Arroyo entrenatzaileak zer eman dio taldeari bigarren denboraldi honetan?

Aurreko denboraldiari ere nik balio handia emango nioke. Taldeak oso liga ona egin zuen. Denboraldi honetan egin duena izan da, berak ezarri nahi duen joko estiloa oraindik gehiago indartu, eta estilo horren transmisioan asmatu egin du. Beste edozein bezala, ohituago eta baliabide gehiagorekin ari da, Zubietako egunerokoa hobeto ezagutzen baitu. Uste dut, gainera, kontratua berritu izanak indarra eta konfiantza emango diola lanean segitzeko. Jokalariak, gainera, oso konprometituta ikusten ditut entrenatzailearen ideiekin.

Nola ikusten duzu taldea azken partidei begira?

Ziur nago erantzungo duela. Buruz oso ondo ikusten ditut, eta horrek ere beti laguntzen du fisikoki zertxobait gehiago emateko. Nahiz eta egia den nabaritzen dela, zertxobait, ez dugula lehen itzulian izan genuen argitasun eta txinparta hori. Urtarrila ez zen erraza izan, bi astean ustez gogorrenak diren aurkarien kontra jokatu genuen. Behin hori pasatuta, azken hiru garaipen hauek oso garrantzitsuak izan dira.

Zenbat puntu beharko dira Txapeldunen Ligarako sailkapena lotzeko?

Egia esan, ez dut kalkulurik egin. Sailkapenean 50 agertzen dira, baina nik 53 ditut buruan. Izan ere, oraindik ez dizkigute itzuli Federazioaren ikurra ez eramateagatik kendu zizkiguten hiru puntuak. Ikusi egin beharko dugu aurkari zuzenek zer egiten duten ere, askok elkarren aurka jokatzen baitute. Baina argi dago gertu gaudela, nahiz eta zaila izango den. Ziur nago une erabakigarrian taldeak ondo erantzungo duela, eta jakingo duela helburua hain gertu izateak eragiten duen presioa ondo kudeatzea. Iritsiko ez bagina, gainera, pena emango zidan jendeak baliorik ez ematea taldea egiten ari denari.

Vila-reali eta Levanteri itzuli dizkiote hiru puntuak. Noizko Realari?

Zain gaude, baina denbora kontua dela uste dugu. Vila-reali eta Levanteri itzuli badizkiete, guri ere itzuliko dizkigute. Izan ere, zaku berean geunden hirurak.

Txapeldunen Liga jokatzeak zer esan nahiko luke klubarentzat?

Balioko du klubaren izena zabaltzen jarraitzeko, eta proiektuaren hazkunde eta sendotze horretan beste mugarri bat ezartzeko.

Txapeldunen ligarako sailkatu edo ez, etorkizunari begira ere eman dituzue pausoak, Arroyori, Nerea Eizagirreri eta Amaiur Sarriegiri kontratua berritu diezue. Zuri lasaitasun handia emango zizun horrek, ezta? Zaila izan zen?

Guztioi eman digu lasaitasuna, horrekin argi geratu baita zein den gure apustua. Beste behin erakutsi dugu etxeko jokalari garrantzitsuak hemen geratzea nahi dugula, eta erreferente izatea. Oraindik batzuk falta zaizkigu berritzeko, baina horretarako ari gara lanean. Eta zaila izan ote zen? Bada, futbolean ez dago ezer erraza. Baina argi ikusi genuen hemen geratu nahi zutela, eta horrek asko erraztu zuen akordioa lortzea.

Kontratua amaitzen zaien beste jokalariak Ane Etxezarreta, Iraia Iparragirre, Maddi Torre, Nuria Rabano eta Sanni Franssi dira. Hitz egiten ari zarete haiekin? Jarraitzea nahi duzue?

Guk jarraitzea nahi dugu; eta, haiek ere itxura du hemen segitu nahi dutela. Hizketan ari gara, ziur gaude hemen jarraitu nahi dutenek hala egingo dutela. Konfiantza osoa dut. Gauzak garaiz lotzea gustatuko litzaiguke, sasoi amaiera lasaia izateko.

Sanni Franssi izango da berritzen zailena?

Oso jokalari interesgarria da. Amaiur, Nerea, Gaby, Iris... horiek dira gehien aipatzen diren izenak denboraldi honetan. Baina Sanni egiten ari den denboraldia izugarria da. Gainera, taldea egiten ari den denboraldia tarteko, erakusleihoan dago. Baia bera oso gustura dago hemen, eta eskertuta hona etortzeko eman genion aukeragatik. Gainera, zelaian gero eta jokalari garrantzitsuagoa dela sentitzen du. Txapeldunen Liga jokatzea ere pizgarri handia litzateke.

Denboraldi aparta egiten ari den beste jokalarietako bat Nuria Rabano da. Ekonomikoki boteretsuagoak diren Espainiako Ligako kluben aldetik eskaintzaren bat jaso dezakeela uste duzu?

Sanniren kasu bera da. Sailkapenean bigarren egonda, gure jokalariak erakusleihoan daude. Baina nik beti esaten diet kontuan hartzeko non dauden pozik, eta non izango duten aukera gehien hazten eta hobetzen segitzeko. Izan ere, gerta daiteke beste leku batera joan, ez jokatzea, eta hazkunde eta hobekuntza horretan eten bat izatea. Hori baloratu behar dute. Gainera, kontrakoa ere gertatzen ari zaigu. Egiten ari garen denboraldiarekin, badira jokalariak hona etorri nahi dutenak. Jensenek izan zituen eskaintzak, baina hona etorri nahi izan zuen.

Merkatua mugitzen ari da jada. Argi dago gauzak desberdinak direla Txapeldunen Ligarako sailkatu edo ez. Nola ari zarete hori kudeatzen?

Taldea berritzeko eta indartzeko lanean ari gara, hori nola egin aztertzen. Argi dago Europan jokatuz gero, taldeak zabalagoa izan behar duela. Nataliarekin eta entrenatzaile multzoarekin aztertzen ari gara zer behar ditugun. Ikusiko dugu non amaitzen dugun, eta Ligak berak zer eskatzen digun. Izan ere, lehiakortasuna gero eta handiagoa da.

Baina iaz baino lasaiago egongo zara, ezta? Nola bizi izan zenuen hamar jokalari joan izana?

Iazkoa oso zaila izan zen, batez ere denboraldi amaiera. Izan ere, ikusten genuen jokalari multzo handi batek amaitutzat ematen zuela bere aldia hemen. Ez nolanahiko jokalariak, gainera. Etxekoak gehienak, eta gurekin lorpen handi bat erdietsi zutenak. Elkarri asko eman genion, eta halako hausturak beti dira gogorrak eta penagarriak.

Batzuek argibide falta antzeman zuten klubaren aldetik.

Normaltasun baten barruan eramaten saiatu ginen, eta arreta eguneroko lanean jartzen.

Arroyok ere gaizki pasatuko zuen, ezta?

Bai, berak ere aitortu zuen. Guk egoera horretan ahalik eta babesik handiena eman genion. Oso batuta egon ginen.

Roberto Olabe ailegatu zenetik, zure lana asko aldatu da?

Ez, lehengoa da. Egunerokoan biok elkarrekin egiten dugu lana, eta eskutik goaz. Bera bere esperientzia eta ekarpena ematen ari da proiektua hobetzeko.

Harrobiko bi taldeen lanaz zer iritzi duzue?

Estreinakoz hirugarren taldea atera dugu. Bigarren taldeak lau urte daramatza, eta oso lan ona egiten dute entrenatzaileek, nahiz eta sailkapenari begira denboraldia ez den hain ona izaten ari. Bigarren Mailatik gertuago egon nahi dugu. Baina goiko taldera jokalari asko iritsi dira, eta bertan daudenak ere garapen handia izaten ari dira. Hirugarren taldearen kasuan, egokitze urtea izaten ari da, baina emaitzak oso onak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.