Onintza Aduriz. Andoni Canellada / Foku
«Irabazteko aukera gehiago izango ditugu lehia puntu gutxira bada»
Onintza Aduriz IDK Gipuzkoako jokalaria
Urte hasiera gorabeheratsua izan arren, ligan lortutako azken bi garaipenek berriro ere ondo sentitzen lagundu dietela dio Onintza Adurizek (Donostia, 1991), IDK Gipuzkoako jokalariak, eta hala helduko diotela bihar Espainiako Kopari. Gernikaren kontra ariko dira final-laurdenetako partidan, eta hala aztertu du lehia Adurizek: «Derbi guztiak dira lehiatuak eta zailak. Baina kanporaketa bat izanda, eta txapelketa etxetik hain gertu jokatuta are gehiago». Hori kontuan hartuta, taldea partida jokatzeko «gogoz» ikusten du. «Emozio handiko txapelketa da Kopa, eta jokatzeko oso polita. Gutxienez finalerdietara iritsi nahiko genuke, aurreko sasoian bezala».
Gernika denboraldi «oso ona» egiten ari dela onartu du, eta haien kanpoko jaurtiketak nabarmendu ditu: «Barruko jokalarietako asko ere hiruko jaurtitzaile onak dira. Horrek aurkaria behartzen du defentsa irekiagoarekin jokatzera, eta hor sor daitezkeen hutsuneak baliatzen dituzte jokalari txikienek barneraketak egiteko. Gainera, kontraeraso oso bizkorra dute».
Denboraldian hainbat aldaketa izan ditu Gernikak. Hiru jokalarik utzi dute taldea, eta beste hiru etorri. Iragan astean, adibidez, Jazmon Gwathmey hegalekoak utzi zuen taldea, min hartuta. Haren ordez, Courtney Williams fitxatu dute. «Gwathmeyek puntu asko ematen zizkien erasoan, baina halako egoeretan talde guztia saiatzen da gehiago ematen».
Ligan Gernika mendean hartzea lortu zuten, hogei puntuz galtzen egon eta gero. «Argi dago Kopa ez dela Liga, eta kanporaketa bat izateak lehia aldatzen duela. Baina partida hark bidea erakutsi zigun». Nola jokatu behar duten argitu du: «Gustura sentitu behar dugu pistan, eta, horretarako, funtsezkoa izango da haien kontraerasoa gelditzea, eta erritmo geldoagoan jokatzea, hori baita guri komeni zaiguna. Partida zenbat eta puntu gutxiagora izan, orduan eta aukera gehiago izango dugu irabazteko». Horrenbestez, garaipena defentsa on bat egitean egon daitekeela aurreikusi du. «Atzean ondo aritzen garenean, lasaiago eta konfiantza handiagoarekin jokatzen dugu erasoan. Azuk [Muguruza entrenatzailea] eskatzen digun oldarkortasun eta lehiakortasun hori ere ezin ditugu galdu». Berak, gainera, sasoi onean ikusten du bere burua: «Gehien disfrutatzen ari naizen denboraldia da».
Kopa jokatzeko modu berriarekin ezuste gehiago egon daitezkeela uste du: «Perfumerias eta Girona final-laurdenetan lehiatzen hasteak aukera ematen du horretarako. Ezuste hori Valentziak eman dezake. Sasoiko ikusten dut».
Itziar Ariztimuño. Aritz Loiola / Foku.
«Derbian, ondo jokatzea baino erabakigarriagoa izango da ondo lehiatzea»
Itziar Ariztimuño Lointek Gernikako jokalaria
Gogo handiz» helduko dio bihar Espainiako Kopari Lointek Gernika Bizkaiak. «Asko gozatzen da txapelketa hori jokatzen. Are gehiago final-laurdenetan IDK-ren aurka jokatu behar izanda. Gure onena emango dugu», adierazi du Itziar Ariztimuño jokalariak (Bilbo, 1998). Aditu askok aipatu dute ezustea eman dezakeen taldea Gernika dela, eta auzitan jar dezakeela Perfumerias Avenidaren eta Gironaren nagusitasuna. «Ez dut uste hala denik. Talde guztiek dituzte beren indarguneak. Ligan oso ondo lehiatu ginen haien aurka, eta hori da gure helburua. Gainera, Gernikatik zale asko etortzea espero dugu».
IDKren aurkako partidari itxura hau hartu dio: «Derbiak beti dira parekatuak. Baina are gehiago gure artekoa, bi taldeak oso borrokalariak eta lehiakorrak garelako. Norgehiagoka azken laurdenean erabakiko dela uste dut». Horrenbestez, hor ikusten du kanporaketako giltzetako bat: «Bi taldeek oso ondo ezagutzen dugu elkar. Ondo jokatzea baino erabakigarriagoa izango da ondo lehiatzea, aurrera egiteko. Partida fisikoa izango da. Kopan, gainera, epaileek kontaktu gehiago uzten dute».
«Oso adi» atera beharko dutela berretsi du. «Araskiren kontrako Ligako azken porrota ikasgai handi bat izan zen guretzat. Ez badugu ondo lehiatzen, edozeinek irabazi ahal digu. Horrekin batera, oreka bat izan behar dugu, erasoko eta defentsako jokoaren artean». IDKren aurkako Ligako partida ere ekarri du gogora. Izan ere, Hogei puntuz aurretik egon eta gero, gipuzkoarrek lehia iraultzea lortu zuten azken laurdenean. «Horrek erakusten du IDk amore ematen ez duen taldea dela, eta abantaila on bat izanda ere ezin garela lasai egon; eta, alderantziz, argi dago galtzen ari bagara ere, posible dela irabaztea, eta ezin dugula burua jaitsi».
IDK-ko jokalarien inguruan galdetuta, hiru aipatu ditu: Lyndra Weaver, Iva Brkic eta Toch Saar. «Erasoan haiek dira jokalari erabakigarrienak, eta jokaldi gehien egiten dutenak. Gainera, etxeko jokalariek egiten duten lan isila ere nabarmenduko nuke: Iulenek [Olabarria], Larak [Gonzalez], Sarak [Iparragirre], Mariak [Erauntzetamurgil... Talde oso sendoa da, eta asko lagundu die denboraldi honetan apenas aldaketarik egin ez izanak». Brkic zaintzea egokituko zaio Ariztimuñori: «Eskarmentu handia du, oso bizkorra da eta partidetako erritmoa ezartzeko gaitasun handia du. Nik hori saihesten ahalegindu beharko dut. Sasoiko nago, eta entrenatzailearen konfiantza dudala sentitzen dut. Gogo handiz nago, egunero ikasten ahalegintzen».
Laura Pardo. Ihana Iriondo / Foku.
«Berezia da guretzat Kopa Gasteizen jokatzea; irrikaz gaude, baina lasai»
Laura Pardo RPK Araskiko jokalaria
Gasteiztarra eta harrobiko jokalaria izanda, Espainiako Kopa berezia izango Laura Pardo RPK Araskiko jokalariarentzat (Gasteiz, 1989). Gaur jokatuko du Arabako taldeak final-laurdenetako partida, Cadi la Seuren aurka. «Aspalditik buruan genuen eguna iritsi da. Azken egunetan tximeletak sumatu ditugu tripan, baina orain lasai eta gogoz gaude. Bigarren Mailan lehiatzen ari ginenean hau pentsaezina zen. Gauza handia da klubarentzat». Presiorik gabe jokatuko dutela berretsi du: «Zaleei gozarazteko asmoarekin irtengo gara, eta ondo lehiatzera. Disfrutatu egin nahi dugu, ezeri uko egin gabe».
Pardok uste du taldea «garai aproposean» iritsi dela Kopara. «Sasoi osoan oso ondo egin dugu lan, baina hainbat partidatan gorabeherak izan ditugu. Dena den, hilabete hauetan egin dugun lana emaitzak ekartzen hasi da sasoiko garairik erabakigarrienetako batean». Beren «nortasun ikurrak» berreskuratu dituztela uste du: gogor defendatzea eta kontraerasoan bizkor jokatzea: «Gernikaren eta Gironaren aurkako partidetan ikusi zen».
Zerrendaburuen artean azkena izan zen Cadi La Seu. Baina ez du uste horrek esan nahi duenik kontrario samurrena dela. «Sekulako denboraldia egiten ari da. Oso talde erregularra da, eta Gironari irabazteko gai izan den talde bakarra da. Hori bada zerbait». Araskiri, gainera, 55-69 irabazi zion Ligako partidan, Mendizorrotzan. «Ez da batere partida erraza izango». Haien indargunea talde jokoa dela gogorarazi du. «Ez dute puntu asko sartzen dituen jokalari bat, baina edozein nabarmendu daiteke arlo horretan».
Batez beste puntu asko sartzen dituen taldea da: 68,6 partidako, batez beste. «Baloia oso ondo eta bizkor mugitzen dute geldikako erasoan, eta, hori dela eta, jaurtitzeko aukera errazak topatzen dituzte. Gainera, bigarren aukerak ere oso ondo baliatzen dituzte, saskiratze errazak lortzeko. Beraz, defentsan baloi mugimendu bizkor hori oztopatu, eta errebotea oso ondo itxi beharko dugu». Partida «zoroa eta bizkorra» komeni zaie: «Haiek oso talde ordenatua dira, batez ere defentsan. Beraz, ezustean harrapatzen ahalegindu beharko dugu».
Oreka handia espero du Kopan: «Partida guztiak txikikeriengatik erabakiko dira, eta guretzat etxean jokatzea oso lagungarria izango da, zaleen bultzada erabakigarria izan daitekeelako». Titulua irabazteko hautagai bat aipatu du: Perfumerias Avenida.«Ligan Girona dago lider, baina Perfumerias Avenidak oso ondo indartu du taldea azken asteetan».