Arrauna

Ezuste handi bat bakarrik

San Juanek eta Hondarribiak irabazi dute Gipuzkoako Txapelketa, eta Kaikuk —ustekabean— eta Urdaibaik Bizkaikoa

Goitik behera, Hondarribia, San Juan, Urdaibai eta Kaiku, garaipena ospatzen, atzo. MARISOL RAMIREZ ETA JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Lehia estua aurreikus zitekeen atzo Bizkaiko eta Gipuzkoako traineru txapelketetan, eta ezin esan hori gertatu zenik estropada guztietan, Gipuzkoan gizonezkoetan eta Bizkaian emakumezkoetan alde handiz nabarmendu zirelako Hondarribia eta Kaiku, hurrenez hurren. Estuago ibili ziren San Juan emakumezkoetan eta Urdaibai gizonezkoetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak irabazteko.

Ezuste gutxi izan zen atzoko estropadetan. Ohikotasunetik kanpo ibili zena Kaiku izan zen Bizkaian, Deustu baitzen faboritoa txapelketaren bigarren edizioa ere irabazteko. Baina Sestaoko taldeak estreinaldia izan zuen herrialdeko estropada nagusian, eta alde handiarekin irabazi ere, gainera, estropada osoan aurretik aise joan eta gero.

Gizonezkoena ondoren jokatu zen, Lekeition bertan, eta azkeneko txandan egin zuen arraun txapeldunak, Urdaibaik. Gorabeheratsua izan zen estropada, lehen luzean Zierbena zelako aurretik, sei segundoren aldearekin. Bigarren luzean irauli egin zuen aurreko guztia Bou Bizkaia traineruak, aurretik eman zuelako bigarren maniobra. Gainera, Zierbena baldar ibili zen buelta ematerakoan, eta hor joan zitzaizkion aukerak. Hirugarren luzea zazpi segundo aurretik egin zuen Urdaibaik, eta ematen zuen erabakita zegoela. Baina Zierbenak estutu egin zuen azken luzean, eta, azkenean, hiru segundora bukatu zuen txapeldunarengandik. Hamaikagarren aldiz irabazi zuen Urdaibaik txapelketa.

Bigarren txandako garailea Isuntza izan zen, eta hirugarren bukatu zuen. Laugarren Ondarroa izan zen, txanda horretako bigarrena. Hortaz, Urdaibai, Zierbena, Isuntza eta Ondarroa ariko dira Euskadiko txapelketan, Lekeition, uztailaren 31n.

Hondarribiak hamargarrena

Gipuzkoatik, gizonezkoetan, talde hauek egingo dute arraun Euskadiko txapelketan: Hondarribiak, Oriok, Donostiarrak eta San Pedrok. Mutrikuko atzoko estropadan, azken txandan joan ziren laurak, eta hurrenkera horretan amaitu zuten.

Hondarribiak hasi eta buka menderatu zituen aurkariak, eta ez zien inolako aukerarik eman. Bigarren ziabogan Donostiarra hemezortzi segundora zeukan, eta Orio, hogeira. Dena esanda dago horrekin.

Emakumezkoetan, San Juanek Oriori 1,60 segundo atera zizkion, txapelketa laugarren aldiz irabazteko. Euskadikoan, bi horiez gain, Donostiarra, Hondarribia eta Tolosaldea ariko dira, Bizkaiko Kaiku, Deustu eta Lea-Artibairekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.