Mikel Larrañaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1989), Eneko Otaño (Beizama, Gipuzkoa, 1994) eta Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia, 1987) ibilbide luzeko aizkolariak dira, baina plazako lanetik bestelako egitekoetan murgilduta daude azkenaldian. Lanpetuta dabiltza garai honetan; hain justu ere, Ezpal aizkolarien elkarteak antolatzen duen Sherpa Ai txapelketaren kanporaketaren ostean bildu dira BERRIArekin. Txapelketaren eta aizkolaritzaren egoera aletu dute, baita elkartearen nondik norakoak ere, taldea osatzen duten 21 kirolarien izenean.
Sherpa Ai txapelketak hirugarren aldia du aurten. Urrian jokatu dira Euskadiko Herri Kirol Federazioarekin loturak eten ostean abiatutako lehiaren aurtengo lehen saioak. Promozio mailako finala egin zuten aurrena, eta maila nagusiko kanporaketa ondoren.
Promozio mailakoa jokatuta, itxura berritzailea eman nahi izan diote gizonezkoen eta emakumezkoen lehia nagusiei. Besteak beste, Zetak eta Zea Mays musika taldeek eta Sune bakarlariak musika emanaldiak egingo dituzte: «Pixkanaka, txapelketak antolatzen ari gara. Ea finalerako ere itxuratzen dugun, eta jendea berotzen den», esan du Otañok.
Atutxa min hartuta dago, eta ez da txapelketan ari. Ezta Jon Rekondo ere. Biak geratu ziren urriaren 22ko finalaurrekoa jokatu ezinda, arazo fisikoengatik. Halere, Izarraitz pilotalekuan «maila ona» egon zela azpimarratu dute hiru aizkolariek. Otañok nabarmendu du hori: «Aurten elkartean sartu diren bi aizkolariek [Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak] mailaz igotzea lortu zuten Promozioko txapelketan, eta gainera, maila nagusiko finalerako sailkatu dira. Ikusten da gazteak indartsu datozela».
Horrekin lotuta, Atutxak adierazi du elkartea «erakargarria» dela gazteenentzat: «Sartu bezain pronto, final nagusia jokatzeko aukera izango dute, merezimendu osoz. Eredu dira etorkizunekoentzat». Izan ere, Soroa eta Amundarain izango dira final nagusian estreinatuko diren kirolarietako bi, eta Ugaitz Mugertza izango da bestea. Aurrez aritutakoak izango dira gainontzeko hirurak: Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Otaño —Larrañagak egin zuen denborarik onena atarikoan—.
Bi lehiak, «bateraezin»
Dena den,aizkolaritzari ukitu berritzailea eman nahi diote aurrerantzean ere. Horrekin lotu dute azaroaren 13ko finala: «Iazkoa ikusita, jendeak modernizaziorako saiakera handi bat nabari du», azaldu du Larrañagak. Haren esanetan, aurreko urteetakoa hobetzea izango da xedea: «Federazioarekin jokatzen genituenekin alderatuta, bestelako ikuskizuna izaten da, eta iruditzen zait hau dela aurrera egiteko modua».
Sherpa Ai txapelketak hutsune nagusi bat izango du aurten. Iker Vicente orain arteko txapeldunak Euskadiko Federazioaren lehian aritzea hobetsi du. «Hutsune nabarmena da», esan du Atutxak, eta lehia «herren» geratu dela gaineratu du Larrañagak.
Halaber, azpeitiarrak adierazi du Vicenteren apustuetarako deialdiek zeresan handia eman dutela azken asteetan: «Uste dut horren inguruan sortu den giroak atzera eragin diola jendeari; gauzak bare egongo balira, jende gehiago etorriko litzateke larunbatean. Finalera etortzea espero dut; gai hori bakean utzi, eta aizkora ikus dezaten».
Gorengo mailako aizkolariek uztailean erabaki zuten federazioaren hirugarren mailari uko egitea. Bozeramaileek azaldu dutenez, «aho batez eta Iker ere tartean zela, elkarteko presidenteorde gisa», baina esplikatu dute Vicentek federazioaren txapelketan parte hartzeko erabakia hartu zuela «azken orduan eta alde bakarrez». Hautu hori deitoratu du Otañok: «Ez da gauzak konpontzeko modua, ezta federazioarekin ere».
Halere, Vicentek bi txapelketetan parte hartzeko aukeraren alde egin zuen BERRIAn, urriaren 13an, baina «bateraezina» dela zehaztu du Larrañagak: «Orain, badirudi guk ez diogula hari parte hartzen uzten. Hori ez da horrela. Guk [Ezpalen elkartearen estatutuetan] sinatu genuen moduan, hark ere sinatu zuen txapelketa batean edo bestean aritu aukeratu behar zela. Sinatzerako bagenekien batean ateraz gero ezingo ginela bestean aritu. Kontua ez da uztea edo ez uztea: araudia da».
Sherpa Ai txapelketa antolatzen duten berberak ari dira lehiaketa jokatzen, eta haiek lortu behar dituzte horretarako baliabideak. «Lan handia eta nekeza» da hori, Atutxaren esanetan. Dimakoak iritzi du «federazioak jarrera egoskor berean» segitzen duela, eta erakundeetatik ere babes gutxi jaso dutela. «Bagenekien bide malkartsua izango zela, eta halaxe izan da. Aizkolaritzak duen trabarik handienetakoa egurren kostua da, eta aurrekontu mardula behar da horretarako bakarrik. Eskerrak Sherpa Ai enpresaren laguntza dugula. Badirudi, gainontzean, federazioarekin akordioa lortu arte inork ez duela urratsik egingo».
Bestalde, Xabier Uribe-Etxebarria Sherparen sortzaile eta zuzendari exekutiboaren babesa eskertu du Otañok: «Guk aurrera segitzeko oso garrantzitsua izan da hark emandako laguntza eta izan duen jarrera. Orain arteko finalak oso ikusgarriak izan dira, eta, hein handi batean, hari esker izan da. Oraingoan ere, hala izango da».
Akordiorik ez orain artean
Gaur-gaurkoz, Ezpal elkartean bilduta dauden aizkolari gehienek eutsi egiten diote federaziotik kanpoko bideari. Otañok adierazi du zenbait bileratara joan izan direla orain baino lehen, eta «beren partea» jarri dutela akordioa lortzeko. Beizamarraren arabera, aizkolariak dagokien mailan berriz jartzea da eskarietako bat—Euskadiko Federazioko lehen mailan ari ziren etenaren aurretik—, eta hori lortuz gero hitz egiteko prest daudela argudiatu du: «Hori eginez gero, ez dugu aterik ixten».
Larrañagak salatu du azkenaldian ez dutela bilerarik egin. Haren esanetan, federaziotik at ari diren aizkolariek sekula ez dute esan erakundera bueltatzeko «ateak itxita» dituztenik, baina argitu du horretarako «serio aritu beharra» dagoela: «Guk zerbait eman beharko dugu, baina haiek ere bai».
Atutxak, berriz, bitartekari batek parte har dezala galdegin du: «Horrelako egoeretan, halako figura bat behar izaten da. Ez dakit nongoa: erakundeetakoa, komunikabideren batekoa... baina komeni da». Bien bitartean, ezpal arteko xerpek beren lehiaketa prestatzen segituko dute.
Ezpal arteko xerpen saialdia
Ezpal elkarteko aizkolariek bide propioari eusteko lanean segitzen dute. Haien ustez, Sherpa Ai txapelketa «handitzen» ari da, eta uste dute finala «ikusgarria» izango dela. Aitortu dute Iker Vicenteren hutsunea handia dela, baina oharra egin dute: «Kontua ez da uztea ala ez uztea; araudia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu