Pilota

Ezohiko finala jokatuko dute Unai Lasok eta Peio Etxeberriak

Nafarroako bi pilotariek lau eta erdiko txapela izango dute jokoan, hilaren 24an, Bilbon. Jokin Altunak ez du jokatuko finala, zortzi urtez jarraian horretan aritu eta gero.

Peio Etxeberria-Unai Laso. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Unai Laso, pilota jotzen, Peio Etxeberria begira duela, bi pilotariek duela hiru aste Labriten jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko azaroaren 11
11:01
Entzun

Ezohiko finala jokatuko dute Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketan. Ezohikoa, ez baita arituko Jokin Altuna. Albistea da hori, Amezketakoak (Gipuzkoa) finala jokatu duelako azken zortzi urteetan. Baina, aurten, ez da lehiatuko bosgarren txapela irabazteko. Unai Lasok kanporatu zuen atzo, finalerdietan. Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa) nagusitasunez irabazi zion Eibarren (Gipuzkoa), Astelena frontoian: 22-10.

Hala, Lasok jokatuko du Peio Etxeberriaren aurka finala, hilaren 24an, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Altuna III.arentzat izan zen iaz txapela, toki berean Peio Etxeberriari 22-9 nagusituta. Beraz, lau eta erdikoak txapeldun berria izango du. Lasok bigarren finala jokatuko du, lehena jokatu eta hiru urtera. Peio Etxeberria ere bigarrenez ariko da finalean, baina hark jarraian egingo du. Biek galdu zuten Altuna III.aren aurka lehen ahaleginean. Bigarrenean irabazi nahi dute txapela. Nagusitzen dena lau eta erdikoaren 25. txapelduna izango da.

Lasok berriro erakutsi du gorenera itzuli dela. Baikokoa urte erdi baino gehiago egon zen jokatu gabe, iazko maiatz amaieratik abendu hasierara: lehenbizi, apendizea kendu zioten, eta, gero, ebakuntza egin zioten eskuin aldakan. Uda osoa galdu zuen, eta ez zen aritu lau eta erdikoan. Binakakoan itzuli zen lehiara, baina, sasoi betean jarri ezinda, hainbestean aritu zen Aitor Arangurenekin. Hala ere, pixkanaka, gora egiteko balio izan zion, sasoiz, jokoz eta buruz.

Sinetsita zegoen egunen batean aterako zela barruan zuen jokoa. Pentsatu, eta gertatu. Bikain aritu zen buruz burukoan, baina errematea falta izan zitzaion: Altuna III.aren aurka galdu zuen finalean, 22-5. Errebantxa hartu zuen atzo, non eta aurkariaren frontoirik kutunenean: azken hamahiru partidak irabazi zituen amezketarrak Astelenan.

Peio Etxeberria, berriz, ohikoa bilakatzen ari da finaletan, jokatu dituen azken hiru txapelketetan iritsi baita azken neurketara. Iaz lau eta erdikoan txapeldunorde izan eta gero, binakako txapeldun izan zen Jose Javier Zabaletarekin. Aspek ez zuen aukeratu buruz burukoan parte hartzeko, eta lau eta erdikoan lehiatu da berriro onenekin, bikain lehiatu ere. Sasoi betean dago, oso ondo ari da, eta, berak aitortu duenez, buruz aurrerapausoa eman du. Larunbatean Labriten Erik Jakari irabazitako finalerdia da horren erakusle: 0-6 hasi zen galtzen, baina 22 bi tanto egin zituen jarraian.  

Partidarik gogorrena jokatu dute

Lasok eta Peio Etxeberriak bitan jokatu dute elkarren aurka lau eta erdiko txapelketan. Berdinduta daude. Duela hiru urte aritu ziren aurrenekoz elkarren aurka, finalerdietan, Labriten, eta Baikokoak erraz irabazi zuen: 22-8. Duela hiru aste jokatu zuten azkenekoz elkarren kontra, Labriten, final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian, eta Peio Etxeberria nagusitu zen: 22-19. Txapelketako partidarik luzeena eta gogorrena eta gehien borrokatua izan zen: ia ordu eta laurden aritu ziren jo eta ke, eta 331 pilotakada jo zituzten. Hilaren 24an hautsiko da berdinketa.

Laso finalean aritzeak beste joera bat eten du. Aurreko bi urteetan, Aspekoak izan dira pilotari gehienak lehen eta bigarren mailako lau eta erdikoen finaletan: duela bi urte, Aspekoak izan ziren lau finalistak, eta iaz, lautik hiru. Aurten, ordea, Baikokoak dira gehienak: Lasok maila nagusikoa jokatuko du, eta Joanes Bakaikoak eta Iker Larrazabalek Bigarren Mailakoa, larunbatean, Labriten. Lasok irabaziko balu, Asperen nagusitasuna amaiaraziko luke, enpresa horretako pilotariak nagusitu baitira Lehen Mailan jokatu diren azken sei txapelketetan. Hain zuzen, Bizkarreta-Gerendiaingoak irabazi zuen azken txapela Baikorentzat, 2022ko buruz burukoa, finalean Altuna III.ari gailenduta.

Finalean gertatzen dena gertatzen dela, Nafarroara joango da txapela. Duela hamar urte aritu ziren azkenekoz bi nafar finalean. Orduko hartan, Juan Martinez de Irujo iberoarrak eta Aimar Olaizola goizuetarrak jokatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.