Ezkurra II.a eta Azpiroz, binakako txapeldun

Tentsioz beteriko final batean, bi joko eta huts gailendu zaie bikote nafarra Segurolari eta Barrenetxea VI.ari (15-13 eta 15-12). Leporaino bete dira harmailak.

Ezkurra II.a eta Azpiroz garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
Ezkurra II.a eta Azpiroz garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2024ko abenduaren 28a
21:05
Entzun

Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek irabazi dute binakako erremonte txapelketako finala, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). Lehia irekia espero zen, baina uste baino errazago gailendu zaie bikote nafarra Beñat Segurolari eta Endika Barrenetxeari (15-12 eta 15-13). Iaz bezala, leporaino bete dira harmailak, eta tentsioz jositako norgehiagoka izan da. Lotuta aritu dira lau pilotariak hasieran, urduritasunari aurre egin ezinda, eta euren jokoa hobeto egin dute irabazleek. Azpiroz izan da laukotean onena, sendotasun handia erakutsi baitu atzeko koadroetan, eta Ezkurra II.ak ere abiadura bizian ibili du pilota. Hala, lehenengo txapela eskuratu du profesionaletan doneztebearrak, eta Azpirozek hirugarrenez irabazi du binakakoa.

Finalari hasiera hobea eman diote Segurolak eta Barrenetxeak. Zalaparta handia egon da frontoian, eta partidan sartzea kosta egin zaie denei. Horrek eraginda edo, Barrenetxea VI.ak motz egin du lehen sakea, baina gerora hura izan da onena. Sakearekin dezente asmatu du. Ondorioz, gipuzkoarrak 6-5 aurreratu dira, baina nafarrek behetik gora egin dute nabarmen. Ikusgarria izan da 7-6koa, Ezkurra II.ak errebotean amaitu duena. Mugarria izan da tanto hori garaileentzat. Presioa kendu dute gainetik, eta euren jokoa atera dute. Hamarnakotik aurrera gehiago izan dira. Azpirozek ederki bideratu ditu pilotakadak ezker hormara, eta Ezkurra II.ak ere asmatu du aurrean tantoak bukatzen. Merezita irabazi dute lehen jokoa: 15-12.

Bada, konfiantza gehiagorekin kantxaratu dira nafarrak bigarren jokoan, eta berehala aurreratu dira: 7-5, 8-7 eta 11-7. Hasieran lortutako aldea ongi kudeatu dute gerora, eta finalak ez zuen arriskurik haientzat. Segurola jokoz kanpo sentitu da, horma bikoak egiteko ausardiarik eta konfiantzarik gabe. Ez da bere eguna izan. Txapela oso gertu izan dute Ezkurra II.ak eta Azpirozek: 13-10 eta 14-11 joan dira aurretik. Une kritikoenean Barrenetxea VI.a azaldu da, eta bere lanari esker jokoari buelta emateko zorian izan dira nafarrak. Hots, azken tantoa kostata egin dute garaileek, eta Nafarroarako bidea hartu dute txapelek.

Ezkurra II.ak profesionaletako lehen txapela irabazi du, eta ez du poza ezkutatu. Emazteari eskaini dio garaipena, bigarren haurraren esperoan baitaude. «Izugarri kontentu nago, eta eskertuta. Emaztea daukat gogoan, hari esker jarraitzen baitut erremontean. Partidan zehar sufritu egin dugu tentsioagatik, baina irabazteak balio zuen, eta lortu dugu». Azpirozek, bestalde, hirugarrenez jantzi du binakako txapela. Iaz garaile izan zen Javi Urrizarekin, eta 2018an Xanti Utergarekin. «Ezin sinetsirik nago lortutako guztiaz. Gozatzen ari naiz, eta horrela jarraitu nahi nuke luzaroan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.