«Lanpetuta banabil, seinale ona da. Eta, azken asteetan oso lanpetuta nabil», aitortu du Jokin Etxanizek (Bergara, Gipuzkoa, 1970), Aspeko zuzendari teknikoak. Baina, gustuko tokian aldaparik ez dago, eta, are gehiago, ahaleginak saria baldin badu. Eta Aspen jaso dute: Iker Salaberriak eta Andoni Gaskuek B Serieko binakakoaren finala irabazi berri dute. Hori gutxi ez, eta Aspeko beste bikote bat izan da txapeldunorde: Julen Egigurenek eta Iñigo Bikuñak osatutakoa. «Ezustekoa izan da: Baikoko bi bikote izan ziren lehen eta bigarren lehen ligaxkan. Erronka zaila zen, baina, txapela lortu dugu. Oso pozik gaude. Ea orain lehen mailakoa ere irabazten dugun».
Nahi gabe, baina berehala jarri da maila nagusirako finalari begira; igandean, Iruñeko Nafarroa Arenako frontoian euren enpresako Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak Baikoko Iñaki Artolaren eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatuko dutenari begira. Sumatu zaio arindua hartu duela gutxienez bikote bat sartuta. «Ligaxkako azken bi bikoteak gureak izan ziren; kolpea izan zen. Baina, gutxienez, bat sartu genuen lehen bi sailkatuen artean. Joseba eta Beñat, gainera, lehenak izan ziren. Oso ondo aritu dira, eta sasoiko daude».
Ez du ezustean harrapatu bikote hori horren ondo aritzeak. «Gure bikoteren baten alde egin behar izan banu, haien alde egingo nuen. Bagenekien ondo arituz gero urrun iritsiko zirela». Makina bat aldiz jokatu zuten Ezkurdiak eta Rezustak binakakoa, baina inoiz ez elkarrekin. Badu azalpena: «Biak punta-puntan aritutakoak dira; enpresako lehena eta bigarrena izan dira nor bere postuan. Hori dela eta, zaila zen elkarrekin aritzea». Oraingoan, ordea, aukera suertatu da. «Beñat oso ondo aritu zen udan; Joseba, berriz, gorabeheratsuago ibili zen, baina, tarteka, maila ona eman zuen. Gainera, oso ondo moldatzen dira elkarrekin. Aukera aproposa zirudien, eta hala izan da. Oso bikote ona osatu dute».
«Joseba [Ezkurdia] orain dago sasoikoen. Beñat [Rezusta], berriz, oso ondo aritu da txapelketa osoan, oso erregular»
JOKIN ETXANIZAspeko zuzendari teknikoa
Bikote oso ona osatu arren, aldea ikusi du baten eta bestearen jardunean. «Lehen ligaxka bukatu zenean irudipena nuen hobeto aritu zitezkeela; batez ere, Joseba. Hobeto buka zezakeen, eta, opari gutxiago egin». Hark pentsatu, eta Ezkurdiak egin. «Finalerdietako ligaxkan aritu da ondoen, orain dago sasoikoen». Rezustari, ordea, ez dio ikusi gorabeherarik. «Oso ondo aritu da txapelketa osoan, oso erregular. Josebak asko lagundu dio; pilota asko kendu dio. Horri esker, Beñat freskoago iritsi da. Joseba oso lagun ona da Beñatentzat. Elkarren osagarri dira».
Adinez bikoterik helduena dira: hilabete barru 34 urte beteko ditu Ezkurdiak; Rezustak, berriz, 32 egin berri ditu. Etxanizen arabera, adinak «derrigor» ematen du esperientzia. Baina galdera bat egin du: «Argi dago urteekin hartzen dela esperientzia, baina urteekin beste gauza batzuk galdu egiten dira. Zer nahiago duzu: hastapenetako txinparta edo geroko esperientzia? Zaila da erantzuten. Nik zera esan dezaket: Joseba eta Beñat sekulako gogoarekin ari dira, eta izugarri ari dira gozatzen. Borrokarako prest daude».
Esperientzia, presioa kudeatzeko tresna
Esperientziari lotu dio presioa kudeatzeko gaitasuna. Aspeko bi pilotariek sei final jokatu dituzte binaka: Rezustak lau, eta Ezkurdiak, bi. Artolak eta Mariezkurrena II.ak, berriz, lehena jokatuko dute lehen mailan. Artola 2021eko buruz buruko finalerako sailkatu zen, baina min hartu zuen, eta uko egin zion jokatzeari. Hain zuzen, hura aipatu du Etxanizek. «Disfrutatu egin nahiko du, urte askoan egon baita honen zain. Baina ez dakizu nola joango den finala. Finalak irabazteko dira, eta denek irabazi nahi dute. Erraza da aurretik lasai egotea, baina finalaren egunean egon behar da ondo, lasai, bete-betean; egun horretan maila eman beharra dago».
Haren enpresako bikoteari erreparatu dio. «Haientzat oso polita da duten adinarekin beste final bat jokatzeko aukera izatea. Ondotxo dakite gero eta zailagoa dela halako sariak lortzea. Nahiko nuke finalaren ingurukoez eta finalaz gozatzea. Haientzat jada sekulako bultzada da finala jokatzea. Beteranoak dira, baina oraindik oso adin ona dute jokatzeko. Zera esan nahiko dute: ‘hemen gaude, eta aintzat har gaitzazue’».
«Bi bikoteak nagusituko dira partidaren uneren batean, eta, tarte horietan erabakigarria izango da ondo eustea eta defendatzen jakitea»
JOKIN ETXANIZAspeko zuzendari teknikoa
«Bete-betean» sinesten du haiengan, baina, azpimarratu du «oso ondo» aritu beharko dutela irabazi nahi badute. Artola eta Mariezkurrena II.a «oso bikote indartsua» direla iritzi dio. Atzelariaren sasoia nabarmendu du. «Aldea egiten ari da. Egun ona badu, asko ematen dio pilotari, eta hutsune asko irekitzen ditu. Ez da erraza hari kontra egitea. Haren garapena eta ematen ari zen maila kontuan hartuta, bagenekien laster jokatuko zuela finala. Eta heldu zaio aukera». Baita Artolari ere. «Zorte txarra izan du, baina hari ere iritsi zaio aukera. Bere lana egiten ari da: gai da atzelariak zigortzeko, eta badaki tantoa bukatzen».
Bi partida jokatu dituzte elkarren aurka, eta bietan irabazi dute Ezkurdiak eta Rezustak. Azkenekoari erreparatu dio, finalerdietan Labriten jokatu zutenari. «Sekulako partida jokatu zuten laurek. Josebak eta Beñatek irabazi zuten, baina lasai-lasai irabaz zezaketen haiek. Tankera horretako finala espero dut. Bi bikoteak nagusituko dira uneren batean, eta, tarte horietan erabakigarria izango da ondo eustea eta defendatzen jakitea. Laurak oso onak dira lan horretan. Aurrean, berriz, bukatzen asmatu beharko dute. Xehetasunak oso garrantzitsuak izango dira».