Ezkurdiak eta Rezustak garaiezin segitzen dute binakakoan

22-15 hartu dituzte mendean Artola eta Mariezkurrena II.a, eta orain arte jokatu dituzten bost partidak irabazi dituzte. Hala, lehen postuan sendotu dira. Ondo hasi eta gero, partida erdialdean hortzak estutu behar izan dituzte, baina sendo amaitu dute.

Ezkurdia tanto bat ospatzen, eta atzean Artola eta Mariezkurrena II.a, burumakur. GORKA RUBIO / FOKU
Ezkurdia tanto bat ospatzen, eta atzean Artola eta Mariezkurrena II.a, burumakur. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko abenduaren 25a
20:18
Entzun

Txapelketa luzea da binakakoa, eta ez da komeni izaten ondorioak garaiz ateratzea. Baina dagoeneko bost jardunaldi igaro dira, eta bada atera daitekeen bat: Ezkurdia eta Rezusta merezita daudela sailkapeneko lehen tokian. Jokatutako bost partidak irabazi dituzte. Aurreko neurketetan baino distira gutxiagorekin bada ere, gaur 22-15 hartu dituzte mendean Artola eta Mariezkurrena II.a, Eibarko Astelena frontoian. Irabazleak oso nagusi izan dira hasieran, baina gero bazirudien Artolak eta Mariezkurrena II.ak, igandean Altuna III.aren eta Arangurenen kontra egin zuten moduan, partida iraul zezaketela. Oraingoan, ordea, ez da horrela izan. Azken txanpan, lau pilotariak nekea antzematen hasi dira, eta hor oker gutxiago egin dituzte Ezkurdiak eta Rezustak. Horri esker, irabaztea lortu dute, eta sendo jarraituko dute sailkapenaren buruan.

Artolak eta Mariezkurrena II.ak argi erakutsi dute hasieratik zein izango zen beren asmoa: pilota atzean jartzea, Rezusta behartzeko. Horren jakitun, Ezkurdia askotan sartu da jokoan, pilota kendu eta bikotekidea fresko mantentzeko. Hura izan da pilotakada gehien jo duena: 162. Rezusta jokoan sartu denean, gainera, luze jo du pilota, eta ondo eutsi die aurkarien ekinaldiei. Hala, Ezkurdiak behetik ezkerrez amaitutako tanto batekin, lehen aldea ezarri dute: 5-2. Hurrengo tantoa ere haiena izan da, eta, ondorioz, Artolak eta Mariezkurrena II.ak lehen etena eskatu dute.

Horren ostean, Artolak pare bat tanto on egin ditu, lehena bi-pareta bikain batekin. Artolak eta Mariezkurrena II.ak pilota aldatu dute, eurentzat aproposagoa zen bat bilatuz. Baina gutxi iraun die. Izan ere, hurrengo tantoan Alegiakoari zabalegi joan zaio pilota. 10-4koarekin, Mariezkurrena II.ak indarrez jo du pilota, eta bikotekideari eman dio buruan. Artolak aldageletara joan behar izan du, zauri txikiren bat baitzuen buruan. Partida etenda egon da minutu batzuk. Ikusi beharra zegoen bueltan horrek zerbait aldatzen zuen. Baina garaileek sendo jarraitu dute, Mariezkurrena II.a asko mugituz. Atzelariak gozakaitz jarraitu du, eta pilota asko galdu ditu: lan erdietan sei zituen galduak: 12-5.

Artolak eta Mariezkurrena II.ak hortzak estutu behar zituzten, partida iraultzeko. Eta hala egin dute. Berriro ere pilota aldatu dute. Astunago bat atera dute, eta Rezusta deserosoago aritu da horrekin. Gainera, Ezkurdia presaka aritu da pilota batzuetan sartzeko orduan. Hala, hiru tantora murriztu dute aldea: 12-9. Ordu arteko unerik zailenean ziren Ezkurdia eta Rezusta. Hurrengo tantoa egitea funtsezkoa zen haientzat, eta lortu dute. Ezkurdiak egin du, zabalera egindako gantxo batekin. Baina partidaren norabideak aldatzen jarraitu du, batez ere Mariezkurrena II.a nagusitzen hasi delako. Maizago erakutsi dio bizkarra Rezustari. Bi tantora jarri dira galtzaileak: 13-11.

Dena den, hor amaitu da haien erreakzioa. Izan ere, segidan bi tanto galdu dituzte, eta, gainera, Ezkurdiak tanto bikain bat egin du pilota azpitik hartu eta norabidea aldatuz. Irabazleek arnasa apur bat hartu dute, ataka zailean baitziren: 16-12. Azken txanpan partida gehiago gogortu da, eta lau pilotariak nekea antzematen hasi dira. Hor ere sendoago aritu dira Ezkurdia eta Rezusta, eta oker gutxiago egin dituzte. Mariezkurrena II.ak, haatik, pare bat pilota argi galdu ditu, eta hor amaitu da partida.

Bi partida bihar

Txapelketako bosgarren jardunaldia bihar amaituko da, falta diren bi partidak jokatuko baitira. Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa), Altuna III.a eta Aranguren nor baino nor gehiago arituko dira Peña II.aren eta Albisuren kontra. Bi bikoteak garaipen beharrean dira. Izan ere, Peña II.ak eta Albisuk ez dute bakar bat ere lortu lehen lau jardunaldietan, eta txapelketa luzea izan arren, gaur ere galdu egiten badute egoera zailean geratuko dira. Bestalde, Altuna III.ak eta Arangurenek bakarra dute irabazia, eta igandean kolpea hartu zuten, eskura zuten partida bat galdu baitzuten Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra.

Beste partida Barañainen (Nafarroa) jokatuko dute. Lasok eta Iztuetak Peio Etxeberriaren eta Martijaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Lehenbizikoek Ezkurdia eta Rezusta estutu nahi dituzte lehen posturako borrokan; Peio Etxeberria eta Martija, berriz, txapelketako lehen puntua lortzen ahaleginduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.