Pilota

Ezkurdiak eta Rezustak era onenean gainditu dute kolpea

Liderrek meritu handiko puntua lortu dute Elordi-Zabaletari 22-16 irabazita. Bigarren zatiko gogortasunean erosoago sentitu da bikote irabazlea.

Beñat Rezusta, pilota jotzeko prest. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Beñat Rezusta, pilota jotzeko prest. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon eskudero
2025eko urtarrilaren 4a
20:35
Entzun

Iragan jardunaldiko kolpeari ezin hobeto erantzun diote Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak, Bilboko Deportibo pilotalekuan. Besteak beste, kolpe galanta hartzetik zetozen, txapelketako lehen porrota izan baitzuten Unai Lasoren eta Martxel Iztuetaren kontra. Porrot mingarria, gainera: 22-6. Ordea, burua altxatu eta ezin hobeto suspertu dira, Aitor Elordi eta Jose Jabier Zabaleta menderatuta. Partidaren lehen erdian sufritu ondoren, bigarren zatian asko jokatu du bikote irabazleak, eta merezita eskuratu du puntua. Puntu garrantzitsua, gainera. Garaipenari esker, lehen bi postuetan sendo jarraituko du Aspeko bikoteak.

Partidari hasiera bikaina eman diote Elordik eta Zabaletak. Biek ondoen egiten dakitena egin dute: atzelariak pilota astindu, eta aurrelariak bukatu. Batez ere, nabarmentzekoa izan da Elordiren lana. Distiratsu aritu da tantoak amaitzeko garaian, eta abiadura bizian ibili du pilota. Bazirudien partidak ez zuela kolorerik (2-8). Unerik kritikoenean, baina, Ezkurdiak eta Rezustak lanari ekin diote. Boleaz lan handia egin du arbizuarrak, eta Rezusta ere partidan sartuz joan da pixkanaka. Zabaletaren bizkarra ikusteari utzi, eta piloteoa berdintzea lortu du. Apurka-apurka orekatuz joan da lehia: 5-8 eta 9-12.

Bistakoa zen partidak arriskua bazuela, eta bigarren zatian gehiago izan da bikote irabazlea. Fisikoak zeresana izan du. Guztira 617 pilotakada jo dituzte, horietatik asko bigarren zatian, eta gogortasun horretan erosoago sentitu dira irabazleak. Elordik berak ere opari dezente egin ditu erasoan, eta Zabaletaren distira apaldu egin da. Azkenerako, eroso gailendu dira Ezkurdia eta Rezusta.

Jardunaldiak bihar jarraituko du, Tolosako Beotibarren. Aurrez aurre ariko dira Erik Jaka-Ander Imaz eta Jon Ander Peña-Jon Ander Albisu. Aurkari zuzenen arteko lehia izaki, puntuak urrezko balioa izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.