Buruhausteak izan zituen Aspe enpresak Binakako Txapelketako finalerdietako bikoteak osatu zirenean. Azken urteetako agintetik urrun, lau bikoteetatik soilik bakarra sartu baitzuen onenen artean. Egoera berria zuen hori enpresak, baina panorama ederki aldatu zaio bizpahiru astean. Izan ere, binakako finala inork baino hurbilago dute Aspeko Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak. Besteak beste, garaipen baliotsua eta meritu handikoa eskuratu dute, Iruñeko Labriten, Iñaki Artolaren eta Jon Mariezkurrenaren aurka. Errematean distira apur bat falta arren, kasta, lana eta eskarmentua baliatu dituzte, eta arlo fisikora bideratu dute partida. Hasi eta buka, beti izan dira aurretik, eta merezita bildu dute finalerdietako bigarren puntua. Harria bezain gogorrak izateak saria eman die.
Matematikak garbi dituzte, hala. Hain zuzen, lehen jardunaldiko bi bikote galtzaileak ariko dira aurrez aurre, Eibarko Astelenan: Unai Laso-Martxel Iztueta eta Jon Ander Peña-Jon Ander Albisu. Azken horiek irabazten badute, zuzenean finalera sailkatuko dira Ezkurdia eta Rezusta. Ordea, garaipena Lasok eta Iztuetak eskuratzen badute, denak airean jarraituko du hirugarren eta azken jardunaldira arte. Dena den, euren esku dagoen guztia ongi egin dute orain arte Aspekoek, eta hanka bat finalean dutela esan daiteke.
Bi pilotarien adina batuta, txapelketako bikoterik beteranoena osatzen dute Ezkurdiak eta Rezustak, eta ez alferrik. Kontzentratuta eta ongi berotuta ekin diete partidari, eta berehala aurreratu dira 5-1. Rezustak eta Mariezkurrenak asko jokatu dute tarte horretan, Ezkurdiak ere min egin du bolearekin, eta Artolak bere mailatik behera jardun du. Errazegi galdu ditu hiru pilota, baina lagunak lagundu dio partidan sartzen. Izan ere, 5-1ekotik aurrera Mariezkurrena egin da kantxaren jabe. Nabarmen agindu du, errebotearen kontra eduki du Rezusta, eta Artolak ere konfiantza hartu du pixkanaka aurreko koadroetan. Lehia pare-parean egon da: 5na, 6na eta 7na.
Bazirudien Baikoko bikotea indartsuagoa zela, baina Ezkurdia eta Rezusta ez dira urduri jarri inola ere. Ongi asmatu dute egoera oro kudeatzen. Bazekiten pilotak gastatuz joango zirela pixkanaka, eta Mariezkurrenak ez zuela segituko halako pilotakadak jotzen. Bada, gidoia ederki asmatu dute. Lehia gogortzea izan da irabazleen sekretua, eta mugitzea askoz gehiago kostatzen zen pilota bat baliatu dute horretarako. Hala, lehen atseden luzera 12-7 iritsi dira aurretik.
Ezkurdiaren inspirazioa
Rezusta izan da laukotean onena, baina Ezkurdiak ere koska bat egin du gora lehiaren bigarren zatian. Ohikoa duen lan zikinari eta defentsa onari errematerako inspirazioa gehitu dio tanto batzuetan. Ezker airez dotore aritu da, eta, horri esker, 18-12 aurretik izan dira Aspekoak. Azkenean kosta egin zaie 22ra iristen, Artolak eta Mariezkurrenak gogor jokatu baitute azken txanpan, dena galduta ikusi dutenean. Halere, ez dute miraria lortu, eta, azkenean, 22-18 gailendu dira gorriak.
Telebistari begira izango dira bihar, Peña II.ak eta Albisuk irabaztea komeni baitzaie finalean egoteko. Dena den, Laso eta Iztueta izango dira faborito, txapelketan sendotasun handiz jokatu baitute. Presioari eta urduritasunari eustea gakoa izango da bi bikoteentzat.