PILOTA. Laugarren ahaleginean lortu dute Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak lehen garaipena binakakoan. 22-17 irabazi zieten atzo Urretxun (Gipuzkoa) Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri, laugarren jardunaldiko azken partidan. Peña II.a-Albisu, ordea, bolada txarrean daude oraindik ere: galdu egin dituzte azken hiru neurketak. Arrastorik ez dago txapeldunorde izan zen bikote sendoaz.
Baikokoek indartsu ekin zioten lehiari (3-8), baina hutsak egiten hasi ziren, eta horrek Ezkurdia-Tolosa hauspotu zituen: 15-11. Hamazazpina berdindu zuten, baina Baikokoek huts asko egin zituzten berriro azken txanpan: hamahiru pilota galdu zituzten partidan. Garaipenak indarra emango die Aspekoei.
Sailkapenean, Elezkano II.a-Zabaletak eta Irribarria-Rezustak hiruna garaipen dituzte; Laso-Imazek, Jaka-Mariezkurrena II.ak eta Urrutikoetxea-Arangurenek bina, eta Altuna III.a-Martijak, Peña-Albisuk eta Ezkurdia-Tolosak, berriz, bana.
Ezkurdia-Tolosak lehen garaipena lortu dute: 22-17
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu