Joseba Ezkurdia da Lau eta erdiko Txapelketako lehen finalista. Arbizukoak 22-14 hartu du mendean Labriten, Peio Etxeberria, eta hirugarren finala jokatuko du. Bi aste falta dira txapela erabakitzeko, eta edozer gerta daiteke. Baina Ezkurdiak erakutsi du sasoi betean dagoela, bai kolpez zein fisikoki, eta distantzia motzean hori erabakigarria da. Nahiz eta batez ere azken txanpan, tanto luzeagoen alde egin duen, eta airez gehiago jokatu duen. Etxeberriak partida ona jokatu du, eta arriskatu duen uneetan nagusi izan da. Baina apur bat falta izan zaio Ezkurdiaren indar erakustaldiari aurre egiteko.
Lehen tantoa partidaren isla izan da, txinparta handikoa. Ezkurdiaren aldekoa izan da, nahiz eta Etxeberriak estu hartu duen, eskuinera botatako bi pilotari esker. Arbizukoak hasiera ikusgarria egin du, eta 4-0 jarri da aurretik. Bizi jokatu du, eskuin gantxoa eta sakea baliatuz. Final-laurdenetan Lasoren aurka erakutsitakoari segida eman nahi izan dio. Etxeberriak eutsi egin dio hasiera horretan, eta ahalegindu da baita ere bere jokatzeko era ezartzen. Bizi jokatuz, hiru tanto egin ditu 8-3. Baina Ezkurdia sendo eta eroso aritu da defentsan, batez ere Etxeberriak txokora botatzen zizkiolako pilotakada gehienak. Ezkurdiak, berriz, zabalean min egiten jarraitu du.
9-4koarekin partida haustear zegoen Ezkurdia, eta horren jakitun zenoztarrak eten egin du. Dena den, bueltan Ezkurdiak hamargarren tantoa erdietsi du sakez. 11-4 zeudela, Etxeberria ahalegindu da aurrerago jokatzen, min gehiago egiteko; baita ezkerrarekin zabalera jokatzen ere. Arriskatu beharra zuen. Tantoa egin du, eta hurrengo hirurak ere harenak izan dira, horietako bat sakez: 11-8. Une zail bati buelta emateko gai izan da etenaldi luzearen aurretik. Horrek zalantzaren bat eragin ziezaiokeen Ezkurdiari. Are gehiago Etxeberriak bederatzigarren tantoa egin duenean. Arriskatzeak eta erasora gehiago jokatzeak fruituak eman dizkio, eta pixkanaka konfiantza hartzen joan da. Lehenago kontrarioak egin bezala, eten egin du lehia Ezkurdiak. Partida berdintzeko lehen abagunea izan du, ordea, Etxeberriari kanpora joan aio bipareta bat: 12-10. Arbizukoaren hamahirugarren tantoa ikusgarria izan da. Bi pilotariek oso bizi jokatu dute.
Dena den, hortik aurrera Ezkurdia saiatu da partidaren erritmoa apur bat jaisten, eta luzeago eta zuhurtzia handiagoarekin jokatzen. Ez da hainbeste sartu airez. Ez zitzaion joan-etorriko norgehiagoka komeni. Lau tantoren aldea zuen berriz, gainera: 14-10. Halaber, berriro ere sakearekin asmatu du. Bi tanto egin ditu segidan modu horretara, eta errenta seira handitu du: 16-10. Tantoa gehiago landuta ere, erabaki behar zuen unean abiadura eta kolpe bizia erakutsi ditu Ezkurdiak. Fisikoki ere erakustaldia eman du. Eta hala bideratu du norgehiagoka, nahiz eta une batzuetan jokoan Etxeberria nagusi izan. 19-13arekin ia erabakita zegoen partida, eta Arbizukoak dejada batekin jarri dio zigilua finalerako sailkapenari.