Joseba Ezkurdiak ez dio aukerarik utzi Erik Jakari, eta Buruz Buruko finalera pasatu da. Maiatzaren 29an, beraz, atzo sailkatu zen Unai Lasoren aurka jokatuko du.
Gaurko partida 22-2 geratu da; beraz, lehia gutxikoa izan da, Ezkurdiaren alde. Jakak bereganatu du tantoa lehenengo, baina, hortik aurrera, Ezkurdiak ez du aurkaririk eduki; 14 tanto egin ditu segidan, Jakak partidako bigarrena egin arte. Hortik aurrera, erantzunik gabe jokatu du Ezkurdiak Eibarko Astelena pilotalekuan. Partida azkar joan da, eta kontatzeko gutxi utzi du, Ezkurdiaren erabateko nagusitasunarengatik.
Final nafarren artean jokatuko da, beraz, aurten. Horrez gain, inoiz jokatu gabekoa, lehen buruz burukoa delako Ezkurdiarentzat zein Lasorentzat.
Ezkurdiak 31 urte ditu, eta dagoeneko irabazi ditu lau txapelketa handi: Lau eta erdikoa 2018an eta 2019an, eta bikotekakoak, 2018an eta 2020an.
Emozio handiagoa egon zen atzo Unai Lasok Jokin Altunaren aurka jokatu zuen beste finalerdian. Laso 22-17 nagusitu zen, behetik gora eginda, eta finalera pasatzeaz gain, aspaldiko ametsa bete zuen: «Azkenean lortu dut Jokini irabaztea».